GAL

Elkarrizketak

Christiane Fando / Abokatua

"Garai oso gogorrak izan ziren, eta orduko sentipenak ahanzteko ahalegina egin dut"

Berria

Aitor Renteria


Christiane Fando euskal iheslari politikoen kolektiboko abokatua zen GALen garaian. Haien bozeramaile ezagunena ere bai, urte luzez babes politikoa eskatzeko kanpainetan eginiko lanagatik adibidez. Frantziako "axolagabekeria" du gogoan, eta gobernuaren ordezkaririk Euskal Herrira etorri ez izana nabarmendu du. Gisa berean, Espainiak zituen helburu politikoak GALen bidez lortu zituela azpimarratu du.


GAL hasi zelarik, euskal iheslari politikoen abokatua zinen. Nola igaro zenuen garai hura?


Oso garai gogorrak izan ziren. Sufrimendua agerikoa izan zen. Babes politikoaren estatusa lortzeko borrokan ari ginen GAL sortu zutelarik. Maila pertsonalean ere gogorra da jakitea edozein unetan hil zaitzaketela, zerbait gerta daitekeela. Dena ez dakigu oraindik, baina bakoitzak baditu mila kezka eta egoera kontatzeko.


Egun batean, dei bat jaso nuen, errateko norbait bazela ez dakit non eta joateko haren bila... Bizian badira memento batzuk oso bereziak. Eta baduzu zerbait barnean. Ihardetsi nuen ni joaten banintzen lasai egoteko, nirekin hamabi polizia joanen zirela. Erran nion kasu egiteko eta zortea opa. Geroan jakin dut zepoa jarri zidatela eta Amedok bahitu nahi ninduela egun horretan, eta ez da hurbilekoek emandako informazioa, kanpokoek baizik.. Deiaren gibelean iruzur bat zegoen, GALek ni bahitzeko. Holako gauzek astintzen zaituzte. Baina, aldi berean, lasai hartzen nituen. Banekien arrisku hori hor zegoela, eta neure gain hartzen nuen. Arazoa familia zen, haurra. GALek lehergailuak ere baliatzen zituen, eta familia ezin babestea zen nire kezka nagusia. Geroan aipatu izan dugu gaia, eta galdetu izan diot nola sentitu zen garai hartan; garai hartako tentsioaz galdetu izan diot. Ezetz erantzun zidan, ez zuela tentsio berezirik sumatu. Horrek adierazi nahi du etxean bederen aski ongi eraman genuela. Baina burua beti ari zen lanean, kezkaturik. Garai oso gogorrak izan ziren, eta orduko sentipenak ahanzteko ahalegina egin dut. Ez dut ikusi GALi buruzko erreportajerik, ez ditut txostenak ireki berriz. Geroago, GAL gelditu eta hamar urtera edo, memoriak gaina hartu zidan. Gertakari guztiak argi-argi etortzen zitzaizkidan burura. Pentsatzen dut gauza asko ahaztu nahi nituela, eta horrelako berpizte bat izan zen. Zaila da garai horiek gogoratzea. Ezin dut horri buruzko film bat ikusi. Oso ondo ezagutzen dut garai hori, baina ez dut nahi gogoratu.


GALen iturburua Espainian bilatu behar zela salatu zuen ezker abertzaleak hasiera-hasieratik. Anitzek ez zuten hori sinetsi nahi. Zergatik?


Ezker abertzaleen artean biziki argi genuen zer zen GAL eta nor zegoen horren atzean, sortu zen mementotik. GAL ez da hutsetik sortu. Lehen bazen gerra zikina, AAA, Batallon Vasco-Español. GALen lehen ekintzatik erreflexu hori piztua zegoen: badator berriz ere gerra zikina. Eta segida izan zuen, baina ekintza haiek salatzeko, bakar-bakarrik egon ginen ezker abertzalekoak. Gogoratzen dut eman genuen prentsaurrekoa eta kazetarien jarrera. Gure interpretazioa ez zuten sinesten, film bat asmatzen ari ginela pentsatu zuten. Gure asmakizunak zirela uste zuten. Bakardadea da orduko oroitzapen handiena. Ezker abertzalea eta errefuxiatuen mundua bakarrik zeuden GAL salatzeko, mundu guztiaren aurka.


Hori da inpresio bat. Garai hartan, arlo politikoan Espainian ideia bat nagusitu zen: ETAren aurka guztiak balio zuela. GAL beste karta bat zen, oso garrantzitsua orduko esparru politikoan. Batzuk isilik gelditzen ziren, beste batzuk ados zeuden. Baina inpresio politikoa eta soziala argi zegoen: gerra zen, eta etsaiaren aurka denak balio zuen. Ez zioten arnasarik eman nahi ezker abertzaleari. Eskubideen gaia ez zen sartzen eztabaidan, ETAri egurra emateko baldin bazen. Orain, ikusten dudanean zein goraki mintzatzen diren batzuk GALi buruz, nola betetzen zaien ahoa, nire baitan pentsatzen dut non ote ziren horiek duela hogeita hamar urte, zergatik isildu ziren orduan. Jende gutxi izan ginen lehen lerroan, GAL salatzeko. Hori Espainiari begira.


Eta Frantziari begira?


Gutxigora behera berdin gertatu zen. Gaur esaten dutena esaten zuten batzuek garai hartan, Euskal Herriko gatazka espainiarren afera zela. Espainiako prozesua zela zioten, eta horrela eskuak garbitzen zituzten, begiak itxiz. Sozialistak zeuden boterean, bai Frantzian, bai Espainian. Haientzat pentsaezina zen demokraziaren aurka joatea. GAL kondenatuz, agerian gelditzen zen Espainiaren demokrazia falta eta, ondorioz, ezin zuten kondenatu. Oso zaila izan zen ikuspegi hori borrokatzea eta erakustea ez genuela ezer asmatzen, Espainiako Gobernua zegoela GALen gibelean. Isiltasuna erabatekoa zen.


Zein zen garai hartako analisi politikoa eta zein ondotik egin duguna, hori beste gauza bat da. Garai hartan iheslariek komunitate handi bat osatzen zuten Ipar Euskal Herrian. Frantzian aldeko pertzepzioa bazen; iheslariak abertzale mundukoak ziren, eta integraturik zeuden; militante politikoak ziren. Jendeak ez zituen aktibistatzat hartzen. Ez zegoen globalizaziorik erranez guztiak zirela terroristak. Oro har, adeitasunez hartzen zituzten iheslariak, eta, leku batzuetan bederen, iheslarien komunitateak babesa eta oihartzuna zuen. Gogoratu behar da garai hartan iheslarientzat asilo politikoa eskatzen genuel. GAL hastearekin batera, ikuspegi hori desegiten da, puskatzen da. Ez Frantzian bakarrik, Europa osoan baizik.


Helburu politiko jakin batzuk zituen GALek orduan?


Praktikan GALek edozer egin zezakeen. Jiten ziren hona, eta edozein egon zitekeen haien jomugan. Iheslari guztiak terroristak badira, horiek borrokatzeko edozer egin daiteke; guztia onartzen da haien kontra. Horixe da abiapuntu ideologikoa, eta ondoren pasatu dena horren haritik doa. Iheslarien komunitatea kriminalizatzea zen helburua. Lehenik, iheslariak, eta ondotik, iheslariei laguntza eman ziezaieketen guztiak, ondoan zituzten guztiak. Inguru guztia kriminalizatu zuten, eta hori zen zabaldu zen diskurtsoa. Eta ikusi dugu noraino heldu den diskurtso hori.


Batetik, iheslarien komunitatea kriminalizatu zuten, baina, era berean, baztertu. Eta horrekin batera, beldurra orotara zabaldu. Jendeak argi ikusi zuen iheslarien ondoan bizia arriskuan zuela. Nire auzoan bazen polizia bat, eta nire semearen adineko haur bat zeukan. Garai hartan, gure kontrako mehatxuak zirela eta, epaileak deitu ninduen, eta esan zidan neurriak hartzeko babesteko. Zer egin nezakeen nik? Hilabete luzez, polizia nire etxe ingurutik pasatzen zen, arazorik ote zegoen ikusteko. Lanera joan baino lehenago pasatzen ziren goizetan, eta gauza bera iluntzean, etxera itzultzerakoan. Hori egiten hasi baino lehen, eta polizia judizialak berak kontatu zidan, auzoko poliziak agindu zion bere semeari ez jolasteko nirearekin. Guk Frantziako nazionalitatea genuen, baina, hala ere, ikara hori zabaldu zuten; jendeen gogoetan sartu zuten, egunerokoan. Beraz, abertzaleekin eta iheslariekin kontuz ibiltzeko esaten zuten, ez hartzeko jendea etxean. Batetik, iheslariekin ibiliz bizia jokatzen zuten, eta, gainera, "terroristak" baldin baziren, haiengana ez hurbiltzeko arrazoi gehiago. Emeki-emeki ideia hori sartu zuten jendeen buruan. Koma artean, "ongi" jokatu zuten, lortu zuten ezarritako helburua.


Gero, alde politikotik, boterean sozialistak zeudela baliatu dute; bi aldeetan. Memento batean, egoera hori baliatu dute xantaia egiteko, Frantziari ulertarazteko hori gelditu nahi bazuten beste politika bat jarri behar zutela indarrean eta neurriak hartu iheslarien komunitatearen aurka. Analisi politikoa argi dago, begi bistakoa izan da zer gertatu zen GAL gelditu ondoren: iheslarien aurkako sarekadak, kanporaketak, estradizioak.... Haien ikuspegitik oso ongi pentsatu eta antolatu zuten urratsa. Bidea ongi irudikatu zuten, eta horren froga da gaur egun ere bide hori segitzen dutela. Denak dira "terroristak", alderdi politikoak, elkarteak, dena....


Azterketa politikoa eginda, argi ikusten da GALekoak ez zirela mertzenario soil batzuk, eta horren gibelean ongi pentsatutako estrategia bat bazegoela, eta bide horretan, GAL karta politiko sendo bat zela.


Christiane Fando / Berria

Ipar Euskal Herrian, eta Frantzian gehiago oraindik, giro nahasia eragin zuen GALek. Zertan aldatu ziren jarrerak?


Frantziako ezkerrak, GAL hasi aitzin, Francoren aurkako borrokalari edo horren ondorengo gisa hartzen zituen iheslariak. Nola lortu zuten aldatzea irudi hori?


Lehen aipatu dudan aldaketa hori ez da bakarrik gertatzen Espainian eta Frantzian. Europa osora zabaldu zuten irudi aldaketa. Espainiak borroka politiko indartsua baliatu zuen Europan, komunikazioa ongi baliatuz. Mezu argia igorri zien Espainiak GALen bidez, erranik arazoa ez zela Espainiarena bakarrik, Europa osoarena baizik, "terrorismo" arazoa den oro Europarena izan behar delako. Gogoratu orduan Europan sartzeko ahaleginetan ari zela Espainia. Funtsean, ideia sinplea saldu zioten Europari: Espainia Europako parte izatera zihoan, eta terrorismoa Europaren arazoa zen. Emeki-emeki zabaldu dute ideia hori. Beste ildo batetik, islamismoaren kontua egon da. Arazoa ez da txikia.


Pentsatzen dut beste gako bat ere badagoela, eta garai hartan batzuek ez zutela ongi neurtu hori. Munduan zehar, islamismoaren arazoa dela eta, Espainiak fin jokatu du. Europan, Espainia zen Afrikarako atea eta, zentzu berean, Europara sartzeko atea. Eta norbaitek zorrotz zaindu behar zuen ate hori. Karta hori ere zorrotz jokatu zuen Espainiak. Islamisten aurka egiteko edo ate hori zaintzeko, Espainiaren parte hartzea funtsezkoa zen. Europari emandako laguntza horren truk, beste arlo batzuetan babesa eman behar zion Europak Espainiari. Horiek guztiak lortu dituzte, eta 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, handitu egin da.


Frantzian eta Europa osoan lortu zuten pentsaraztea iheslarien inguru osoa desegin behar zela, ez zuela existitzerik. Alegia, Europa demokratiko batean Espainiako Gobernuari konfiantza egin behar ziotela zioten espainiarrek. Egurra ematen hasi zen GAL, etengabean. Une batean jasanezina bihurtu zen, eta gelditu beharra zeukan Frantziak. Eta gelditu zuen, baina denok ezagutzen ditugun ordainekin.


Frantzian aipamen gutxi ukan du GALek.


Frantzian, aztertzen delarik historia hurbila, ikusten da estatu arazoak ez direla sekula argitu. Ez da justizia egiten. Frantziak goraki aldarrikatzen ditu eskubideak, baina estatu arrazoia delarik tartean, isiltzen dira gauzak. Adibide argia da Rainbow Warrior itsasontziaren aurkako atentatua. Atentatu horren atzean Frantziako zerbitzu sekretuak zeuden. Isildu egin zuten. GALen kontuarekin kazetariek egin zuten lan Espainian. Frantzian ez. Orain hasi dira batzuk aipatzen. Non egon ote dira orain artean? Nik garai hartan deitu nituen, baina ez zidaten erantzun ere egin. Frantzian frogatu behar izan dugu erraten genuena egia zela; guk eman behar izan dizkiegu ebidentziak iker ditzaten. Irlandaren kasuan egon dira aipamenak. Batzuetan aski da kazetari bakar batek interes edo arreta berezia izatea sakon aipatzeko. Mundu honetan, euskaldunak gutxiengoa gara. Ikusi dugu zer zaila zen estradizioen kontrako artikuluak argitaratzea. Dena ezkutatzen zen. Orrialde erdia erosi behar izan genuen Le Monde-n estradizioen gaia aipatzeko! Begira zenbat atentatu egin zituen GALek hemen. Estatuaren ordezkari bakarra ez zen agertu, ez zen interesatu. Aldi berean, Parisen izandako atentatuek, normala den bezala, aipamen luzeak zituzten. Hemen hutsaren hurrengoa, eskuak garbitu eta kito. Horregatik diot GALek bakardade sentimendua ekartzen didala gogora. Basamortua zeharkatzea bezala zen; gu bakar-bakarrik. Frantziak argi erakutsi zuen hori Espainiaren arazoa zela. Konplizitate isila erakutsi du Frantziak, eta horren froga argia da aski zela erran zuelarik GAL gelditu egin zela. Ordainean, Espainiak eskatu zizkion hainbat gauza eman behar izan zizkion, baina gelditu egin zuten. Beraz, ongi zekiten nor zegoen GALen atzean.


GALek Frantzian ukan duen kolaborazio maila ez da sekula argitu.


Polizia aldetik, denetatik egon da. Batzuek lan egin dute aferak argitzeko. Argi jakinarazi zieten epaileei zein zegoen GALen atzean. Beste batzuek, berriz, informazioa pasatzen zioten GALi. Froga objektiboak badira. Iheslariek hilero berritu behar zituzten agiriak, eta horretarako, argazkiak eraman behar zituzten. Argazki berberak agertu ziren GALeko mertzenarioen eskuetan, atentatuak prestatzeko. Eta datu bat baino ez da. Askoz ere gehiago daude.


Beraz, polizia batzuek lan egin dute argitzeko, baina argi ikusi dugu haiek eta epaileek izan dituzten zailtasunak. Informazio bat eskatzen ziotelarik Espainiari, ezin zuten deus lortu.


Beraz, analisi bikoitza ateratzen da hortik. Batetik, ikusten da zein ongi finkatu zituzten GALen helburuak, nola egin zuten planifikazioa. Eta bertze alde batetik, zein malestrukak izan diren tokian berean, tronpatuz, jende arrunta hilez. Berezi behar da "GAL berdea" deritzona, eta gaizkile arruntak baliatzen zituena. Lehenak "eraginkorrak" izan ziren; atentatu zehatzak egin zituzten, eta ezer gutxi dakigu sare horri buruz. Badakigu GAL Berdea dagoela Txapelaren heriotzaren gibelean, baina ez dakigu ezer. Larretxearen bahiketa saialdiaren atzean Amedo dago, GEOak. GALekoek, nolanahi, uste zuten inpunitate osoa zutela. Terroristen kontra ari ziren, eta zernahi eginik ere, zerbait gertatuko balitz ere, uste zuten libre geldituko zirela. Eta horrela izan da.


Atentatuak nolanahi eginez, lortu zuten jende arrunta beldurtzea. Ez dut hain argi helburu hori zutenik hastapenean. "Lardaskeriak" izan ziren, asko eta asko, baina lortu zuten gizartean beldurra hedatzea, segurtamenik eza. Frantziako nazionalitatea zuen jende anitz ere hil zuten. Errefuxiatuak hiltzea gauza bat da, baina Frantziari zailagoa egiten zaio begiak ixtea haren herritarrak hiltzen direlarik.


Dirua elementu garrantzitsua zen. Batzuei huskeria ordaintzen zieten. Beste batzuek, berriz, diru bat zuten, eta atentatua baliabide gutxiagorekin egiten bazuten, gainerateko dirua haientzat gorde zezaketen. Horrek ere azaltzen du, hein batean, zergatik egin zituzten horrela. Baina inpunitatea da sentimendu nagusia. Hoteletako fakturak banku txartelarekin ordaindu zituen Amedok. Mertzenarioek goitik jasotzen zituzten aginduak, eta pentsatzen zuten, haiek agindu eta ordaintzen zutenez, babes osoa izanen zutela zerbait gaizki aterako balitz. Eta bazuten babesa. Kasu batzuetan, konplizitate aktiboa izan zuten, eta bertze batzuetan, pasiboa.


Aipagarria da askotan jendeak berak atxilotu zituela mertzenarioak eta ez poliziak. Baina justiziaren arazoa da frogak behar direla. Gogoratzen dut behin eskatu niola epaile bati erregu eskaria egin ziezaion Espainiari, argitzeko norena zen telefono zenbaki bat. Mertzenario bati harrapatu zioten zenbaki hori, zituen paperen artean. Epaileak eskatu zuen, eta erantzun zioten ez zuela jaberik. Alta, guk lortu genuen jakitea norena zen. Bilboko komisarioaren zenbakia zen. Joan nintzen epailearengana, eta esan nion begiratzeko telefono aurkibidean. Eskari bat egiten zitzaiolarik Espainiari, erantzuna beti zen berbera, ez zekitela, ezin zutela zehaztasunik eman, edota erantzunik. Hemengo epaileek, nahi bazuten ere, egundoko trabak zituzten. Baionako Seyss epaileak eman zuen Amedoren aurkako lehen bilatze eta atxilotze agindua nazioartean. Argi ikusi zuen zein ziren bere mugak eta azkenean hemendik joan zen.


[Michel] Svahn epailea Paueko salaketa ganberan zegoen, eta bi jokabide zituen. Libre uzten zituen GALekoak eta, aldi berean, onartzen zituen iheslari politikoen aurkako estradizioak. Kontuan hartu behar da, estradizioen dinamika 1984an sartu zutela indarrean. Nire bizian dohainaren bat gutxitan ikusi baldin badut, hori adorea izan da; eta zer esan epaileen kasuan....


ESANAK

"Geroan jakin dut Amedok bahitu nahi izan ninduela, eta ez da hurbilekoek emandako informazioa, kanpokoek baizik".


"Praktikan GALek edozer egin zezakeen; jiten ziren hona, eta edozein egon zitekeen haien jomugan".


"Iheslarien komunitatea kriminalizatzea zen helburua; lehenik, iheslariak, eta ondotik, iheslariei laguntza eman ziezaieketen guztiak, ondoan zituzten guztiak".


"Begi bistakoa izan da zer gertatu zen GAL gelditu ondoren: iheslarien aurkako sarekadak, kanporaketak, estradizioak...".


"Konplizitate isila erakutsi du Frantziak, eta horren froga argia da aski zela erran zuelarik GAL gelditu egin zela".


Gora