Euskal presoak

"Juridikoki gaindituko dugu sakabanaketa"

Presoen eskubideak bermatzea Espetxe Zaintzaren ardura delako jotzen ari dira harengana EPPK-ko presoak. Abokatuek esan dute Estrasburgora joko dutela Espainiako auzitegiek arrazoi eman ezean

Haizea Ziluaga eta Iñaki Goioaga abokatuak, atzean zenbait presoren senideak dituztela.
Haizea Ziluaga eta Iñaki Goioaga abokatuak, atzean zenbait presoren senideak dituztela. Monika del Valle / Argazki Press

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko azaroak 15

Sakabanaketa berehala amaitzeko premia handiena duten presoak hasi dira Euskal Herrian edo etxetik gertuen dauden espetxeetan batzeko eskaerak aurkezten. 50 bat dira salaketa lehen txandan aurkeztuko dutenak: gaixotasun larriak dituzten sei preso, 70 urte baino gehiago dituzten sei, eta espetxean hogei urte baino gehiago daramaten 30 inguru.

Asmoa da sakabanatuta dauden Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide guztiek aurkeztea nork bere kexa, txandaka. "Sakabanaketak preso batzuen eskubideak urratzen baditu, sakabanatuta dauden guztienak urratuko ditu", argudiatu du Iñaki Goioaga abokatuak.

Espetxeetako arduradunen aldetik ezezkoa jaso ondoren hartu dute presoek auzitara jotzeko erabakia. Zaintza Epaitegiak presoen eskubideak bermatzeko eginbeharra duela-eta jo dute harengana, sakabanaketa zein eskubide urratzen ari zaizkien azalduta.

Epaileen ezezkoak jasotzen badituzte helegiteen bideari helduko diote abokatuek, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegira iritsi behar badute hala egingo dutela jakinarazi dute Goioagak eta Haizea Ziluagak. "Espero dugu Estrasburgoraino iritsi behar ez izatea", zehaztu du Goioagak.

Hain zuzen, Espainiako auzitegiei zail egingo zaie presoei arrazoi ez ematea, abokatuen ustez; are, azken urteetan nazioartetik iritsi diren agindu, epai eta gomendioak kontuan hartuta.

Auzitegiek euskal presoen aurka egiten badute agerian geratuko direla ere uste dute abokatuek; nabarmen geratuko dela Espainian bultzada politikoz aritzen dela euskal presoen aurka, ez dagoela botere banaketarik, eta oinarrizko eskubideak ez direla bermatzen.

Ez juridikoki ez politikoki sakabanaketak ez duela inolako zentzurik salatu dute abokatuek, eta espero dute abiatu berri duten bide judizialetik hura amaitzea lortuko dutela.