Prozesu politikoak

Nazioak eta estatuak aztergai

Erabakitzeko eskubideari buruzko mintegi bat antolatu dute abenduaren 10etik 12ra, Donostian.

Nazioarteko jardunaldien aurkezpena, gaur Donostian.
Nazioarteko jardunaldien aurkezpena, gaur Donostian. Andoni Canellada / Argazki Press

Edurne Begiristain -

2014ko azaroak 24

Eusko Ikaskuntza eta EHUren ekimenez, Nazioak eta Estatuak  XXI. mendean: demokrazia eta erabakitzeko eskubidea nazioarteko jardunaldiak izango dira Donostian, abenduaren 10tik 12ra. Hiru egunetan, burujabetzaren inguruan munduan izaten ari diren prozesu politikoak  aztertuko dituzte, 30 adituen eskutik. Antolatzaileek hiru arlotan banatu dituzte aztergaiak: lurralde ezberdinetan izandako botere politikoaren antolaketa, zentralizazio zein deszentralizazio joerak eta erabakitze eskubidearen inguruko aldarrikapenak. Era berean, joera horiek Europako Batasunarengan eta horren kide diren estatuengan duten eragina aztertuko dute jardunaldietan.

Gaur egin dute aurkezpena Donostian, Jule Goikoetxea EHUko eta Jean Pierre Massias Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasleen eskutik. Horiekin batera, besteak beste, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia izan dira aurkezpen ekitaldian.

Besteak beste, erabakitze eskubidearen kontzeptuari buruzko eta prozesu politikoen alderdi sozioekonomikoei buruzko saioak izango dira. Gizartearen inplikazioa ere aztertuko da; horretarako mahai ingurua egingo dute, Gure Esku Dago, Kataluniako Asanblea Nazionala eta Yes Scotland kanpainako kide banakin.

Batzorde Akademikoan Euskal Herriko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuako Unibertsitateko, Gaindegiako eta Agirre Lehendakari Centerreko ordezkariak izango dira. EHUk Donostian duen Karlos Santamaria zentroan egingo dira; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu ditu topaketak, eta EHUgunek lagundu. Edonork parte hartu ahal izango du saioetan, aurretik izena emanda, dohainik.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna