PRESIDENTE ALDAKETA KUTXABANKEN

"Ez diogu ezeri uko egingo"

Billalabeitia Kutxabankeko presidente berriak ez du argitu segituko duen kapital pribatuari sarbidea emateko Fernandezek iragarri zuen bide orriarekin. Negozioari lehentasuna ematearen aldekoa da.

Ezkerretik hasita, Xabier Iturbe (Kutxa), Gregorio Billalabeitia (Kutxabank), Xabier Sagredo (BBK), eta Fernando Arangiz (Vital Kutxa).
Ezkerretik hasita, Xabier Iturbe (Kutxa), Gregorio Billalabeitia (Kutxabank), Xabier Sagredo (BBK), eta Fernando Arangiz (Vital Kutxa). MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria -

2014ko azaroak 29

Bankaren sektorean gizon eskarmentuduna da Gregorio Villalabeitia (Barakaldo, Bizkaia, 1951). BBK-ko patronatuak aho batez aukeratu zuen Villalabeitia Kutxabankeko presidente, atzo, eta hala izango da BBK-k Kutxabankeko akzioen %57 dituelako. Akziodunen Batzarrean aukeratu dute Villalabeitia. 09:30ean bildu da batzarra, eta 10:00etan Administrazio Kontseilua.

Kargua hartu osteko lehen adierazpenetan, esan du "pribilejio" bat dela bankua zuzentzea, eta uste du "zeregin gogorra baina zoragarria" duela aurretik. Eskertuta agertu da eman dioten "konfiantzagatik": "Konpromiso handia dut erronka honekin". Mario Fernandezek muga "oso goian" jarri duela uste du, erantsiz Kutxabankek "historikoki gauzak oso ongi" egin dituela. Hortaz, "abiapuntu sendoa" duela ondorioztatu du.

Fernandezen agurra hobeto ulertzeko, agurraren uneak du garrantzia. Kutxabankeko presidenteak urte hasieran argi esan zuen zein zen bere norabide proiektua: bost urtean hiru fundazioek Kutxabanken akzioen %30 soilik kontrolatzea eta gainerakoa kapital pribatuaren esku uztea. Azkenaldian, ordea, norabide horrekiko distantzia hartu dute publikoki bai EAJk bai Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Baina, babes politikoaren faltaz gain, badago Fernandezen agurrean eragina izan dezakeen beste faktore bat: Espainiako Bankuak datozen egunetan erabakiko du hiru fundazioak akziodun bakarra diren ala hiru.

Luis Maria Linde gobernadoreak atea irekita utzi dio hiru kutxak bakarka ari direla ebazteko aukerari. BERRIAk jakin duenez, aukera handia dago Espainiako Bankuak euren alegazioak onartu eta bakoitza bere aldetik ari dela aitortzeko. Ia egintzat jotzen dute egun gutxi barru Lindek euren tesia onartuko duela. Horrek aukera irekiko luke bankuaren akzioak derrigor ez saltzeko, eta, beraz, ezbaian utziko luke Fernandezek azken urtean defendatu duen norabidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna