Afrika

Gambiako Gobernuak ukatu egin du estatu-kolpe ahalegin bat gertatu dela

Oposizioaren arabera, militar talde batek presidentearen jauregiari eraso dio, Yahya Jammeh presidentea atzerrian dagoela baliatuta.

Yahya Jammeh Ganbiako presidentea, Gabongo presidente Ali Bongo Ondimbarekin hizketan, artxiboko irudi batean.
Yahya Jammeh Ganbiako presidentea, Gabongo presidente Ali Bongo Ondimbarekin hizketan, artxiboko irudi batean. Michael Reynolds / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 30

Gambiako Gobernuak adierazi du egoera "normal" dagoela Banjul hiriburuan, eta estatu-kolpe saio baten inguruko berriak "zurrumurruak" baino ez direla. "Bakea eta lasaitasuna nagusi dira Gambian", adierazi du Presidentearen Gaietarako ministro Kalilou Bayok, APA Prentsa Afrikarraren Agentziaren arabera. Ez du argibide gehiago eman.

Soldadu talde batek gaur goizaldean presidentearen jauregiari eraso diola argitaratu dute Gambiako hedabideek eta Frantziako AFP agentziak. Zehazki, presidentearen guardiako talde bat izan dela diote, eta horien buruzagia, Lamin Sanneh teniente koronela, tiroketa batean hil dutela. Gambiako Freedom Newspaper-en arabera, "kaosa erabatekoa" da Banjulen. AEBetako enbaxadak bere herritarrei eskatu die Banjulera ez joateko, webgunean paratu duen mezu baten bidez.

Gambia Afrikaren mendebaldeko herrialde txiki bat da, kostalde atlantikoan dagoena. 1,8 milioi biztanle dauzka, eta Senegalek inguratzen du erabat. Erresuma Batuaren kolonia izan zen, eta 1965etik da independente. Geroztik, bi agintari baino ez ditu izan: Dawda Jawara 1994ra arte; gero, Yahya Jammeh, egungo presidentea.

Jammehek estatu kolpe baten bidez lortu zuen boterea. Ordutik, alderdi anitzeko lau hauteskunde irabazi ditu jarraian. Azkenekoan (2011), botoen %70 lortu zituen, baina Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Elkarte Ekonomikoak ez zuen onartu emaitza. Oposizioak "diktadore" izatea leporatu izan dio. Mendebaldean, Jammeh ezaguna da LGBTen aurka egindako adierazpenengatik gehienbat. Sexu berekoen arteko sexu harremanak 14 urtera arteko espetxealdiarekin zigortu litezke Gambian.