erabakitzeko eskubidea

Erabakitzeko eskubidearen aldeko danbor hotsa Azpeitian

Herriko Gure Esku Dago dinamikak jakinarazi duenez, San Sebastian bezperan —hilaren 19an— herriko helduen danbor taldeek erabakitzeko eskubidearen aldeko kanta joko dute plazan, abeslariek lagunduta. Halaber, udalak plataformako ordezkariak gonbidatuko ditu udaletxeko balkoira festetako bandera igotzean.

Enekoitz Esnaola -

2015eko urtarrilak 7

Hain zuzen, erabakitzeko eskubidearen kanta San Sebastian martxa jo ondoren entzun ahal izango da, gauerdian.

Orain dela aste batzuk egin zizkien bi proposamenak Azpeitiko Gure Esku Dagok danbor taldeei eta udal taldeei (Bildu, EAJ, H1!), modu horretara denek ere, "festa giroan, modu alai eta atseginean", erabakitzeko eskubidearen alde egin dezaten. "Bai danbor taldeek (gehiengo zabalak), bai udaleko taldeek (aho batez) bat egin dute proposamenekin", esan du Azpeitiko Gure Esku Dagok. 

"Hau da bidea! Azpeitiko taldekideok konbentzimendu osoa dugu denon artean, ilusioz eta elkarlanean, herritarroi dagokigun erabakitzeko eskubidea lortuko dugula. Danborra joz, oihalak josiz, abestuz, eguneroko bizitzan aldarrikapena txertatuz, lan eginez... Bakoitzak bere eremuan, eskutik eskura, elkarrekin, guztiona dena lortzeko bidean gara", adierazi du, ohar batean, herriko dinamikak.

Iaz aldarrikapenak babes handia jaso zuen Azpeitian ere. Esaterako, martxoan Soreasu antzokia bete egin zen ekitaldi batean, eta ekainaren 8ko giza katerako 1.600 azpeitiarrek eman zuten izena.

Azpeitiko abeslariek Gure Esku Dagoren kantaren bideoa egin zuten iaz: