Parisko atentatuak
Frantzia eta Europa, gotortzeko bidean
EBko agintariek bidaiarien erregistro bat sortu, Schengengo Ituna aldatu eta Interneteko zaintza zorroztu nahi dute. Parisek 10.000 soldadu hedatuko ditu. Argazki bilduma: Parisko atzoko manifestazioa.

Manifestazioa Parisen
Parisko mobilizazio erraldoiaren biharamunean, Frantziako Gobernuak zaintza gogortzeko hartuko dituen lehenbiziko neurriak jakinarazi ditu. Bihartik aitzinera, 10.000 soldadu gehiago hedatuko ditu herrialde osoan, "toki minberak" zaintzeko. Nazioartean hedatuta dauzkan soldadu kopurua gaindituko du zifra horrek. Egun, militarrek ere parte hartzen dute zenbait gune publikoren defentsan —aireportuak eta tren geltokiak, erraterako—. Jean-Yves Le Drian Defentsa ministroak adierazi du "mehatxuaren tamainak" justifikatzen duela ezohiko neurri hori.
Horrekin batera, Bernard Cazeneuve Barne ministroak jakinarazi du 4.700 poliziak eta gendarmek babestuko dituztela juduen eskolak eta gurtzarako egoitzak. Iragan asteko atentatuetan, muturreko islamisten helburuetako bat izan zen juduen koxer janaria saltzen zuen supermerkatu bat —bahitzaileak lau herritar hil zituen bertan, laurak juduak—. Duela hiru urte, Okzitaniako Tolosan muturreko bertze islamista batek juduen eskola bati eraso zion —lau lagun hil zituen bertan, horietako hiru haurrak—.
Frantziako eta Europako agintariek, ordea, zaintzarako neurrien gogortzea ez dute Frantziara mugatu nahi. EB Europako Batasuneko Barne ministroek Schengengo ituna aldatzea hitzartu zuten herenegun, EBren barneko mugen kontrola gogortzeko. Horrez gain, Europako Parlamentuak eztabaidatuko du aireko bidaiarien erregistro bat sortzea. Manuel Valls Frantziako lehen ministroaren arabera, parlamentuak "nahi eta nahi ez" onartu beharko luke araua.
Guztira hamazazpi lagun hil zituzten herenegun Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren, koxer supermerkatu baten eta udaltzain baten aurkako erasoetan. Poliziak ustezko hiru erasotzaileak hil zituen. Atzo jendetza elkartu zen Parisen eraso horiek salatzeko —milioi eta erdi lagun, antolatzaileen arabera—.