Saudi Arabia

Abdullah bin Abdulaziz erregea hil da

Estatu Islamikoa finantzatzea leporatu izan diote Bin Abdulaziz errege absolutistari, baita "terrorismoaren aurkako neurriak" oposizioari jazartzeko erabiltzea ere. Orain, 79 urteko anaia Salman bin Abdulazizek ordezkatuko du.

Abdala bin Abdelaziz. /
Abdala bin Abdelaziz. / Stringer / Efe

Berria -

2015eko urtarrilak 23

Bart hil da Abdullah bin Abdulaziz erregea, azken hamar urteotan Saudi Arabiako errege izan dena. 90 urte zituen, eta 2005etik zegoen agintean. Aspaldi atzeman zioten biriketako infekzioa. Hori hala, lehendik izendatua zuten anaia Salman bin Abdulaziz haren ondorengo gisa.

Etxean, oposizioaren aurkako jazarpen gogorragatik egin zen ezagun errege zena. Izan ere, "terrorismoaren aurkako borroka" aitzakia hartuta erreformista ugari espetxeratu izan ditu. Horretaz gain, aberats eta pobreen arteko aldea handitu egin da azken urteetan.

Horretaz gain, erregimenak berak onartu izan du Sirian talde armatuak diruz lagundu zituela, baina zehaztasun gehiagorik gabe. Siriak, Iranek eta Irakek leporatzen diote lagundutako talde horien arteko bat Estatu Islamikoa izan dela. Hark, ordea, ukatu egin izan du, eta azken hilabetean AEBekin bat egin izan du EIren aurkako borrokan.

Bin Abdulaziz erregearen heriotzaren berri zabaldu eta gutxira dolumin mezuak heldu dira nazioartetik, eta hainbat herrialde musulmanek dolualdia ezarri dute.