Martxoak 3

"Itxaropenerako arrazoiak" daudela nabarmendu dute Martxoak 3ko biktimen ekitaldian

1976an gaurko egunez poliziak hil zituen bost langileak gogoan izan dituzte Gasteizen. Servini epailearen ikerketa "mugarri" dela adierazi du Martxoak 3 elkarteak. "Oroimena, ordaina eta justizia" eskatu du EH Bilduk biktimentzat.

Martxoak 3ko biktimen aldeko manifestazioa Gasteizen.
Martxoak 3ko biktimen aldeko manifestazioa Gasteizen. David Aguilar / EFE

Edurne Begiristain -

2015eko martxoak 3

Gaur bete dira 39 urte Espainiako Poliziak bost lagun tiroz hil eta beste dozenaka zauritu zituela Gasteizen. Biktima horiek denak gogoan izan dituzte gasteiztarrek, kalean. Arratsaldean, bost biktimen aldeko ekitaldia egin dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, eta Eva Barroso eta Nerea Martinez Ociok hartu dute hitza Martxoak 3 elkartearen izenean.

"Itxaropenerako arrazoiak" dituztela nabarmendu dute, Maria Servini Argentinako epaileak Frankismoko krimenak ikertzeko saioak "bide berri bat" ireki duelakoan baitira. Espainiaren "zigorgabetasuna" amaitzeko "mugarritzat" jo dute Serviniren ikerketa, eta uste dute aurrerantzean "ezer" ez dela berdin izango.

Manifestazioa egin dute ondoren, langileen borrokaren oroimenean lelopean.

Eguerdian izan da lehen ekitaldia, Zaramaga auzoan: EH Bilduk lore eskaintza eta omenaldia egin die biktimei. Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda Poliziak hil zituen langileak gogoan, "oroimena, ordaina eta justizia" aldarrikatu dute. Halaber, Gasteizko gertakarien ondorengo egunetan Basaurin (Bizkaia) eta Tarragonan (Herrialde Katalanak) izandako istiluetan hildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton oroitu dituzte.

Ehunka lagun izan dira ekitaldian, tartean, EH Bilduko zenbait zinegotzi eta batzarkide eta Iker Urbina eta Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak. Aurreskuaren eta lore eskaintzaren ostean, Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko alkategaiak  hartu du hitza. Hark azpimarratu duenez, "Martxoaren 3ko balioak PP eta Javier Marotoren proiektu arrazista eta elitistaren alderantzizkoak dira erabat". Larrionen esanetan, leku ezberdinetatik etorritako jendea batu zen Martxoaren 3an, eta egun toki ezberdinetatik etorritako jendeak jarraitzen du Araba gorria eraikitzen".

Martxoaren 3ko biktimek euskal herritarren zein eragile politiko eta sindikalen babesa jasoko dute gaurkoan. Arratsaldean, biktimen aldeko ekitaldia egingo da Zaramaga auzoan, eta ostean, manifestazioa egingo da, ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek deituta. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna