lehen itzulia

Bost arreta gune

Zentro-eskuinak jaso du boto gehien Ipar Euskal Herriko kantonamenduetan. EH Baik goranzko joeran jarraitzen du, eta ezker subiranista bost kantonamendutan izango da bigarren itzulian. Fronte Nazionala Errobi-Aturrin izango da bigarren itzulian.

Xabi Larralde EH Baikoa, Izuran bozkatzen

Jon O. Urain -

2015eko martxoak 23

Ipar Euskal Herriko mapa politikoaren osaera azaleratu du departamenduetako bozen lehen itzuliak. Bigarren itzulira igaro diren hautagaiek aliantzak egin beharko dituzte datozen egunotan, heldu den igandean ordezkaritza lortzeko. Zenbait gako utzi ditu lehen itzuliak, nolanahi ere.

1. Zentro-eskuina nagusi

UMPk babestutako hautagaiek izan dute babes gehien Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan. 37.000 bototik gora bilduta, botoen herenak joan dira zentro-eskuinera (%33,85). Iparraldeko joera politiko nagusi gisa ageri da, eta nagusitasun horren adierazle da hamabi kantonamendutatik bederatzitan igaroko direla zentro-eskuineko hautagaiak bigarren itzulira: besteak beste, Baiona-Angelu Miarritze, Donibane Lohizune eta Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazurin.

2. EH Bai, gora

Emaitza historikoak erdietsi zituen EH Bai koalizio abertzaleak 2014ko udal bozetan, eta goranzko joera hori berretsi du departamendu bozetan. Zaila da atzoko emaitzak 2011ko kantonamendu bozekin alderatzea —kantonamendu kopurua 21etik hamabira murriztu baita—, baina, konparazio baterako, datu adierazgarri hauxe: 2011ko bozetan kantonamendu bakarrean igaro zen EH Bai bigarren itzulira —Iholdin—. Oraingoan, ordea, bostean izango da; Mendialdean, Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazurin, Donibane Lohizunen, Bidaxune aldea-Amikuze-Oztibarren eta Errobi-Aturrin.

Hori horrela, Iparraldeko hirugarren indar gisa ageri da subiranismoa, zentro-eskuinaren eta zentro-ezkerraren atzetik, 17.000 bototik gora eta %16,09ko babesa eskuratuta. Barnealdean babes nabarmena du ezker subiranistak, baina Baiona-Angelu-Miarritzen duen hutsunea bete beharko du beste bi joerekin parez pare lehiatu nahi badu.

3. Fronte Nazionalaren pisu esanguratsua

Frantziako eskuin muturraren emaitzek alde baterako nahiz besterako interpretazioak egiteko parada eman dute. Kantonamendu bakarrean igaro da bigarren itzulira, eta haren hazkundea ez da izan Frantziako Estatuak izan duenaren tamainakoa; %13 eta 14.000 bototik gora. Edonola ere, datu horiek adierazten dute Fronte Nazionala aintzat hartzeko moduko aktore politikoa dela Ipar Euskal Herrian.

4. PSren gainbehera

Zail zuen zentro-ezkerrak 2011ko emaitzak errepikatzea, eta ez da hala gertatu. Orduko bozetan berdinduta geratu ziren UMP eta PS, bosna ordezkari lortu baitzituzten Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian. Zortzi hautagai aitzinatu ziren bigarren itzulira 2011n, eta sei, berriz, atzo. Botoen %19 bilduta, zentro-eskuinak duen babesetik urrun geratu da.

5. Frantziako joera, oro har

Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian izandako emaitzek antzeko joerak erakusten dituzte, baina badira berezitasunak ere. Bietan nabari da zentro-eskuinaren goraldiaren joera, PSren beheraldiarekin batera. Adibide baterako: Frantziako Estatuan, UMP-UDI koalizioa da indar nagusia, eta kantonamenduen laurdenetan geratu da PS bigarren itzulira igaro ezinik. Fronte Nazionalak, espero zen baino babes apalagoa izan badu ere, botoen laurdenak inguru pilatu ditu Frantziako Estatuan, baina haren babesa nabarmen txikiagoa da Ipar Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: