KONPONBIDEARI BEGIRA

Euskal gatazka hizketagai Liverpoolen

'An End to the Basque Conflict?' —Amaiera bat euskal gatazkarentzat?—mintegia antolatu zuten Liverpoolgo Unibertsitatean ostegunean.

Mintegiko parte-hartzaileak.
Mintegiko parte-hartzaileak. / Enara Balzola

Berria -

2015eko martxoak 27

Liverpoolgo Unibertsitateko Euskal Ikasketen Departamentuak antolatu zuen mintegia, Etxepare Institutuaren Manuel Irujo bekaren bidez. ETAk jardun armatua amaitutzat jo zuenetik bake prozesuan aurrera egiteko zailtasunak daudela, hori izan zen mintegiaren abiapuntua.

ETAk jardun armatua uzteko arrazoi nagusiak xehatu zituen Nevadako Unibertsitateko irakasle Xabier Irujok, eta Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, berriz, Euskal Herriaren independentziaren atzean dauden arrazoiak plazaratu zituen. Irlandako eta Euskal Herriko prozeskuak alderatu zituen Kevin Bean Liverpoolgo Unibertsitateko doktoreak, eta EAJren estatus politiko berriaren proposamenaz jardun zuen Richard Gillespie unibertsitate horretako irakasleak.

Agirre Centerreko ikerlari Amaia Agirrek bakearen garrantziaz hitz egin zuen, azalduz ezinbestekoa dela gizarte batean, eta euskal hezkuntza nolakoa den azaldu zuen.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak egin zuen amaierako hitzaldia, Giza Garapen Iraunkorraren euskal kasua izenburukoa. 1980ko hamarkadan euskal gizartea sozialki eta politikoki "ezegonkorra" izatetik nazioarte mailan osasun, hezkuntza eta per capita errentan maila altuenak izatera igaro dela adierazi zuen Ibarretxek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna