Departamenduko bozak

Eskuinak irabazi ditu bozak, eta kantonamendu batean nagusitu da EH Bai

Zentro-eskuineko hautagaiek zortzi kantonamendutan irabazi dituzte bozak, eta hirutan sozialistek. EH Bai Fronte Nazionalari aise nagusitu zaio Errobi-Aturrin, bozen %74 bilduta. Koalizioa bigarren indarra izan da boto kopuruan.

Boto zenbaketa Hiriburun.
Boto zenbaketa Hiriburun. / Bob Edme

Jon Olano - Iñaki Etxeleku -

2015eko martxoak 30

Zentro-eskuinak izango ditu Ipar Euskal Herriko ordezkari gehien Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian. 11 kantonamendutan ari ziren lehian, eta ordezkaritza lortu dute zortzitan; hain justu, Donibane Lohitzune, Angelu, Miarritze, Baiona 1, Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuri, Baigura-Mondarrain, Bidaxune-Aamikuze-Oztibarre eta Mendialdean.

Sorpresa gutxi izan da bigarren itzulian; hamabi kantonamendutan, lehen itzulian lehen indarra izan zirenetatik 11k errepikatu dute indar nagusi gisa; Baiona 3 izan da salbuespena. Kantonamendu horretan, eskuina %0,6ko aldearekin nagusitu zitzaion PSri, eta bigarren itzulian sozialistek hartu dute aurre.

Pirinio Atlantikoetan, lehen emaitzen arabera, 27 kantonamendutarik hamasei bereganatu ditu zentro-eskuinak, hamar ezkerrak eta bat EH Baik. Hori horrela, eskuinera biratuko da Departamendu Kontseilua, 2011tik sozialistek agintzen baitzuten Pirinio Atlantikoetan.

Pentsatzekoa da beraz Jean Jacques Lasserrek bere parioa irabazi duela lehendakaritza lortzeko bidean. Joan den aldian ez bezala, ez luke Alain Iriarten sostenguaren beharrik kargu nagusiaren eskuratzeko zentroaren eta eskuinaren arteko hitzarmena bururaino betetzen bada.

Hautetsiak binomioka izanez, ikusi behar da osatzen dituzten bi kontseilariek berdin jokatzen duten presidentea hautatzeko mementoan nahiz ez den sorpresa handiren menturarik.

PSk sei kantonamendutan egin zuen aurrera lehen itzulian, eta hiru lortu ditu: Hendaia, Baiona 2 eta Baiona 3n. Horrez gain, EH Baik bost kantonamendutan egin zuen aurrera, eta bakarrean irabazi du; Errobi-Aturrin. Hala ere, horretan aise irabazi dio Fronte Nazionalari, eta bi kontseilari izango ditu —berrikuntzetako bat izan da kantonamendu bakoitzeko bi ordezkari direla—.

EH Bai, bigarren indar bozkatuena

Bost kantonamendutatik bakarrean lortu du irabaztea EH Baik. Koalizio subiranista, ordea, bigarren indarra izan da bototan: 24.661 lortu ditu; lehen itzulian baino 8.000 inguru gehiago, eta PSk-Ezkerreko Batasunak baino 4.000 gehiago.

Fronte Nazionalarekin lehian zegoela-eta, Errobi-Aturrin izan du boto hazkunde handiena; 3.685tik 7.080ra. Hala ere, beste lau kantonamenduetan ere egin du gora: Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuri kantonamenduan, esaterako, 2.400 bototan hazi da, garaile izan diren hautagaiak baino gehiago haziz. Beste horrenbeste gertatu da Bidaxune aldea, Amikuze eta Oztibarren; Xabi Larralde eta Anita Lopepe Modemeko hautagaiak baino gehiago hazi dira, lehen itzuliarekin alderatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: