EUSKARA

De Andresek jomugan jarri ditu euskara sustatzearen aldeko politikak

Arabarrei "oztopoak" jartzea egotzi die ahaldun nagusiak EAJri eta EH Bilduri. PSE-EEko eta PPNko kide zenbait antzera mintzatu dira berriki.

Javier de Andres, artxiboko irudian.
Javier de Andres, artxiboko irudian. Juanan Ruiz / Argazki Press

Jon Rejado -

2015eko apirilak 17

Arrazionalizatu egin nahi dugu euskararen erabilera administrazio publikoan». Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak Arabako PPk hauteskunde kanpainan defendatuko dituen ideia nagusiak aurkeztu zituen atzo. Bertan, agerian utzi zuen euskara eta hizkuntza politika maiz baliatuko dituela arabarren botoa bilatzeko. «Jende askok badaki beren seme-alabek aukerak galtzen dituztela abertzaleak euskararen exijentzian tematu direlako».

Ildo horretan, hizkuntza politikak aldundien esku uztea galdegin zion Eusko Jaurlaritzari, «inposizio politika» bukatzeko eta, aldi berean, Arabako beharretara egokitzeko. De Andresen aburuz, Arabako administrazioak «hobeto» daki zeintzuk diren beharrak, «hizkuntza politika azaltzera datorren Ondarroako gizon batek baino».

Arabako ahaldun nagusiak EAJri leporatu zion «inposizio politika» ezartzea, baita euskararen inguruan «klientelismoa» sortzea ere, eta hori «Bildu, Batasuna eta horko jendilaje guztiaren» esku uztea. Hizkuntza eskakizunen bidez arabarrei «oztopoak» jartzea egotzi zien De Andresek EAJri eta EH Bilduri, baita gaineratu ere Gipuzkoatik eta Bizkaitik joandako herritarrek betetzen dituztela Arabako lanpostu publikoak.

Iñaki Oiartzabal legebiltzarkidea ere egon zen ekitaldian, eta De Andresen gogoetan sakondu zuen. Haren iritziz, «milaka irakaslek» eskolak utzi behar izan zituzten «euskararen presioagatik», eta haien ordez «nazionalista asko» sartu ziren lanera.

Arabako EH Bilduk salatu du De Andresen hitzek «haserrea eragiteko» asmoa dutela, eta gaineratu du «erabateko ezjakintasunez» esan dituela. «Euskararen bukatu gabeko normalizazio prozesuari buruz esandako irainak eta gezurrak probokatzeko esan dituzte». Adierazpen horiekin, agerian geratu da, EH Bilduren iritziz, PP erakundeetatik atera behar dela. «Elite batentzat gobernatzen du, eta gure kultura mespretxatzen du».

PSEk eta PPNk ere, kritika

De Andres ez da izan kanpainaurrean euskara eta hizkuntza politikak mahai gainean jarri dituen lehena. Hauteskundeak deitu zituzten egunean bertan, Idoia Mendia PSE-EEko presidenteak hasi zuen bidea. «Ezin dugu konfrontazioa eta inposizioa sortu hizkuntzaren inguruan», adierazi zuen. «Eskuzabaltasun handia izan dute erdal hiztunek euskara sustatu eta euskal hiztunen kopurua handitzeko». PPNko Ana Beltranek ere lan eskaintzetan euskararen pisua jaisteko eskatu du: «Ez diskriminatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna