politika

EGIk erretiratu egin du Gipuzkoako zerga sistemaz eginiko kartela

Pertsona bat burua estalita eta eskuarekin lagun bat apuntatzen bezala ageri da, maletan diputazioaren ikurra duela. Aldundia neurri judizialak hartzea aztertzen ari da.

EGIren ikurra duen karteletako bat.
EGIren ikurra duen karteletako bat.

Berria -

2015eko apirilak 24

Kartela erretiratzea erabaki du EGIk, azalduz interpretazio "okerra eta testuingurutik kanpokoa" egin duela Gipuzkoako Foru Aldundiak: "Haiek direnean kritika egiten dutenak ez dute mugarik, baina kritikatuak direnean hipersentsibilitatea dute eta auzitegiekin egiten dute mehatxu".

Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabinetea kexatu egin da EGI EAJren gazte taldeak herrialdeko zerga sistemaz atera duen kartelaz. "Gipuzker: iraultza zergatik gure zergekin iraultza egitera. #Gipuzkoaberria" esaldia ageri da, eta EGIren logotipoa du.

Aldundiko zerbitzu juridikoak EGIren aurkako neurri judizialak hartzea aztertzen ari dira, "aldundia eta bere langileak kriminalitzatzen dituelako kartelak. Irain eta kalumnia delitu zantzu argiak daude". Garitanoren kabinete taldearen ustez, "era honetako jokabideek ez dakarte inolako ekarpen positiborik. Gipuzkoako foru lurraldeko zerga sistema kriminalizatzeko eta zerga iruzurra justifikatzeko baino ez dute balio. Horregatik, Gobernu honek lanean jarraituko du era honetako gertaerak berriro gerta ez daitezen".

Aldundiak iritzi dio EAJren gazteria Gipuzkoako zerga sistema osoa ezbaian jarri nahian ari dela, "eta zerga iruzurra eta ebasioa justifikatzera dator". EAJri eskatu dio EGIren kartela lehenbailehen arbuia dezala, "eta bere esku dauden neurri guztiak har ditzala alderdi barruan mota honetako gertaera iraingarririk berriro gerta ez dadin".