Gure esku dago

Hurrengo geltokia, plangintza

Irailean "helburura iristeko plangintza zehatza" adostu nahi du Gure Esku Dago-k. Oiarbideren ustez, aulki hutsek erakusten dute "josteko asko" dagoela oraindik.

Donostiako Anoeta estadioaren itxura, igandean./
Donostiako Anoeta estadioaren itxura, igandean./ Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Gotzon Hermosilla -

2015eko ekainak 23

Gure Esku Dago dinamikak eman beharreko pausoak definitzeko batzar orokor bat egingo du datorren irailean, aurreikusia zuen bezala. "Euskal Herriak erabakitzea helburu hartuta, horra iristeko "plangintza zehatza" adosteko asmoa dauka.

Datorren astean hileroko lurralde batzarrak egingo ditu; gehienbat, igandeko bost ekitaldiak baloratzeko izango da. Uztailaren 4an lurralde batzarretan landutako balorazioak elkarbanatzeko tartea hartuko du, eta iraileko batzarrera artean hango gaiak herri batzordeetan hitz egingo dituzte.

Igandean Gure Esku Dago-k antolatutako ekitaldien balorazioa egin du Euskadi Irratian Angel Oiarbide dinamikako bozeramaileak. "Oso sentsazio ona" du Oiarbidek, eta azaldu du "emozio handia" sentitzeko aukera izan zutela Iruñeko, Baionako, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko ekitaldietara joandakoek.

Arratsaldeko ekitaldietan "aulki hutsak" izan zirela aitortu, eta haiek betetzeko gonbitea luzatu du: "Asko dago oraindik josteko". Hala ere, gogorarazi du erabakitzeko eskubidearen alde aulki huts "askoz gehiago" zeudela duela bi urte, Gure Esku Dago sortu aurretik. 2016rako iragarritako galdeketen harira, zehaztu du dinamikak ez dituela horiek antolatuko, babestu baizik.

Aurrera begira jarri da Oiarbide; gogorarazi du Gure Esku Dago ez zela urtero-urtero mobilizazio bat antolatzeko sortu, eta aurrerantzean dinamikaren ibilbidea zehaztu beharko dutela adierazi du.

Indar erakustaldia

Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko beste indar erakustaldi bat izan da, Gure Esku Dago dinamikak milaka eta milaka herritar batu baititu Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Baina "Gure Esku Dago ez da sortu erabakitzeko eskubidea urteetan eta urteetan aldarrikatzen ibiltzeko", Zelai Nikolas eledunak BERRIAn esan duenez, eta mezu jakin bat eman du: "Erabakiaren aroa hasi da". San Mames eta Iruñeko zezen plaza ez dira bete, Anoeta ere ez erabat —Gasteizen eta Baionan kalean egin dituzte mobilizazioak—, baina masa zibil bat badela ikusi da berriro, bost hiriburuetan eguerdi partean izandako ekitaldietan ere frogatu denez.

Nikolasek eman du dinamikaren mezu nagusia San Mames estadioan, herritarren oraingo erantzuna ere eskertuz, baina harritzekoa ez dela izan esanez. "Gure Esku Dago-ren sorrerak bagenekiena agerian jartzea eragin zuen: erabakitzeko eskubideak batu egiten du, eta etorkizuna herritar denok eraikitzeko tresna nagusia da. Iaz Iruñea-Durangoko 123 kilometroko [giza kateko] irribarrea horren adierazle izan zen. Herritarrei begira jarri zen Gure Esku Dago, erabakiaren bidetik pausoak ematen hasteko".

Orain, herritarrei begira ez ezik, "erabakiari berari begira" jarri da Gure Esku Dago, haiekin batera. "Denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira jarri gara milaka euskal herritar. Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasi dugu". Gipuzkoako Goierriko 22 udalerrietan datorren urtean galdeketa bateratu bat egingo dute, eta orain jakin da Ispasterren eta Diman (Bizkaia) ere egingo dituztela. Iaz bi izan ziren: Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia), Euskal Herriaren independentziari eta euskal estatuari buruzkoak, hurrenez hurren. Bietan baiezkoa irabazle, nabarmen —%94 eta %89—.

Zelai Nikolasek azaldu duenez, "behin betiko fasea" abiatu nahi dute, eta "erabakiaren egunean amaituko da". Horra bidean, beraz, "azken txanpa" hasiko du Gure Esku Dago-k. Uste du "borondateak ehuntzen" ari dela, fruituak jasotzen ari dela, eta orain "zer, nola eta noiz adostu" behar dela; "eta, azkenik, erabaki, herri bat garelako, herritarron garaia delako eta erabakitzeko eskubidea dugulako".

Azkeneko ia lau hamarkadetan izan dira Euskal Herrian hitza eta erabakiaren, erabakitzeko eskubidearen eta Kontsulta Legearen aldeko ekimen politikoak, instituzionalak eta zibilak, baina esparru juridiko bati buruzko galdeketa bakarra egin da: 1979an, EAEko Estatutuaz. Gure Esku Dago-k azpimarratzen du gizarte zibilaren akuilurik gabeko saioak izan zirela haiek, eta oraingoa ez dela halakoa izango, edo ez duela halakoa izan behar. Ondorioz, "anbizioa, determinazioa eta herritarren borondatea" beharrekotzat jo ditu. "Azken helburura iristeko ezinbestekoak dira grina, anbizioa; ‘Gure esku dago’ esateak dakarren determinazioa, jarrera, txip aldaketa; eta oihal zati bakoitzean islatzen den milaka herritarren borondatea, aldarri duguna egikaritzeko". 

Gure Esku Dago-ren balorazioa

"Pozik gaude", esan du Gure Esku Dago-k gaueko hamarretan, prentsa ohar baten bidez. "Pozik eta emozionatuta. Sentimenduz betetako eguna izan da". Anoetan, Iruñeko zezen plazan eta, batez ere, San Mamesen izandako aulki hutsak "eskaintza bilakatu" nahi dituela adierazi du. "Aulki huts horiek oraindik ere batu ez ditugun herritarrei egiten diegun eskaintza dira. Umiltasunez, determinazioz eta borondatez. Sinesten dugulako badagoela oraindik herri honetan aulki horien jaberik".

Lanean jardundako jende oro eskertu du, halaber.

Jendetza, kalean eta harmailan

(Jon Ordoñez - Ainhoa Oiartzabal)

Bilbo, Donostia eta Iruñeak arratsaldean hartu dute Baiona eta Gasteizen lekukoa. Ekitaldietan musika izan da saioen ardatz nagusia, eta horrekin batera hainbat izan dira erabakitzeko eskubidearen alde mintzatu diren esatariak, aldarrikatuz Euskal Herria badela nor bere etorkizuna erabakitzeko. Gainera, Bilbon Ispasterreko eta Dimako (Bizkaia) Gure Esku Dago-ren ordezkari banek jakinarazi dute datorren urtean galdeketa egingo dutela iragarri dute. Gipuzkoan Goierri eskualdean ere iragarri zuten galdeketak egingo dituztela 22 herritan.

Donostian musikariek eta danbor hotsek eman diote hasiera ekitaldiari. Jon Maiak bertsotan ere hartu du hitza; ez da ekitaldietan parte hartu duen bertsolari bakarra izan. Bilbon Igor Elortza eta Unai Iturriaga aritu dira bertsotan. Estitxu Fernandez eta Urko Aristi izan dira aurkezle Iruñean. "Atzera begiratzeari utzi ta etorkizunari begiratzeko garaia da", esan dute berriz San Mamesen. "Erabakiaren katedral bihurtu dugu San Mames". Hiru bilguneetan hainbat eserleku egon dira hutsik, baina horrek ez ditu gogoak apaldu. "Ilusioz bete dugu", oihukatu dute.

Bilboko ekitaldian Joxe Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria futbolari ohiak atera dira zelai erdira hautetsontzi batekin, 1970eko hamarkadan Atotxan ikurrinarekin egin zuten bezala. Nafarroan ekitaldiaren hasieran gogoratu dute konkista, eta Pettik ahotsa jarri dio eztarriarekin oroitzapen horri. Donostian Kike Amonarriz, Edurne Ormazabal, Joseina Etxeberria, Iker Galarza eta Anjel Alkainek hartu dute parte ekitaldian.  Rafa Ruedak eta Kirmen Uribek Bilboko ekitaldian esan dute Euskal Herriak historia luzea duela eta ez dela adin txikikoa. "Beraz nor gara gure etorkizuna erabakitzeko", gaineratu dute.

Umore ona eta eguraldi ona lagun, iazko giza katean bezala, jende asko gerturatu da Euskal Herriko bost hiriburutan erabakitzeko eskubidearen alde antolatu diren ekitaldietan parte hartzera. Adin guztietako herritarrek hartu dute parte bost hiriburutako eguerdiko elkarretaratzetan. Goizeko lehen ordutik somatu da jendetza garraio publikoan. Gipuzkoan, esate baterako, Renfe eta Euskotreneko hainbat tren bete egin dira Donostiara iritsi aurretik. Egoera hori bera errepikatu da Bilbon arratsaldean San Mamesera ailegatzeko.

Gure Esku Dago-ren bozeramaile Zelai Nikolasek "egun handia" izango zela esan du goizean Bilbon eginiko adierazpenetan. "Erabakiaren garaian sartu gara. Eta goizeko irudiak gogoan, ez daukagu zalantzarik abiatu dela".  BERRIAko elkarrizketan esandakoaren ildotik, herritarrek protagonismoa hartzeko garaia dela nabarmendu dute Gure Esku Dago ekimeneko kideek. Eta herritarrek, gogoz onez heldu diote erronkari; goizean Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko ekitaldietan herritar askok hartu baitute parte.

Eusko Jaurlaritzaren eledun Josu Erkorekak ere goraipatu egin ditu erabakitzeko eskubidearen alde antolaturiko ekitaldiak. Bere esanetan, "ona litzateke aldarrikapen politiko hauek normaltasun osoz garatu ahal izatea". 

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak "herritar guztiei" egin die dei erabakitze eskubidearen alde egin dezaten. "Ideologia eta pentsaera guztien gainetik, geroz eta herritar gehiagok uste dugu gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula". Halaber, Gure Esku Dago ekimena zoriondu du eskubide haren alde eginiko lan eredugarriarengatik. Urizarrek, Marian Beitialarrangoitia, Rebeka Ubera eta Xabier Isasirekin batera hartu du parte Donostiako oihal katean. 

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak ere parte hartu du Baionako ekitaldian, eta Ipar Euskal Herriko lurralde egituraketa izan du hizpide —hautetsien kontseiluko lehendakaria bera da gaur egun—.

Oihal kate jendetsuak

Baionan izan ezik —11:00ean hasi da—, eguerdian hasi dira hiriburuetako beste oihal kate jendetsuak. Gasteizko eta Baionako oihal kateek kalejira itxura hartu dute, eta Bilbo, Donostia eta Iruñekoek, berriz, iaz egindako giza katearen antz handiagoa izan dute, eta iazko Gure eskubidea ekitaldian bezala, bakoitzak leku bat izan du katean. Aurten, eskualdeka banatu dira bete beharreko tarteak.

Antolakuntzatik esan dute ez dakizkitela parte-hartze datu zehatzak, baina nabarmendu dute aurreikusi baino jende gehiago izan dela oihal kateetan. Hainbeste herritar joan denez, ilara bateren tokian bi ilara egin behar izan dituzte zenbait tokitan.

Besteak beste, EAJren Getxoko alkate ohi Iñaki Zarraoak, Kike Amonarriz soziolinguistak, Pedro Martinez de Eulate pilotariak eta euskal gizarteko beste hainbat aurpegi ezagunek eutsi diete oihalei hiriburuetan eginiko elkarretaratzetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna