Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Periko Solabarria hil da, ezker abertzaleko kide historiko eta militante nekaezina

Publizitatea

Politika

hilberria

Periko Solabarria hil da, ezker abertzaleko kide historiko eta militante nekaezina

85 urterekin hil da ezker abertzaleko kide historikoa. Arnas arazoak zituen, eta Santa Marina ospitalean zegoen, Bilbon. Omenaldia egingo diote igandean, Barakaldon.

2015-06-25 / Jon Ordoñez

Periko Solabarriak 85 urte zituen. Hala eta guztiz ere, azkenera arte kalean ibili da, hainbat protestatan parte hartuz. Barakaldon bizi zen, eta Berri Otxoak plataformarekin eta herriko langabeen elkartearekin kolaboratzen zuen, besteak beste. Ohikoa zen haren txapela nabarmentzea protestetan. Gainera, oraindik harremana mantentzen zuen ezker abertzalearekin, eta 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Bizkaiko zerrendan egon zen, azken postuan.

Buruz ondo zegoen, baina haren osasuna ez zen ona azkenaldian. 2012ko irailaren 26ko greban aldakan jo zuen Ertzaintzak, eta min hartuta egon da harrezkero. "Medikuak esan berri dit lubaki gutxiago zapaldu eta neure burua gehiago zaindu behar dudala. Apurtu egingo naizela dio. Erietxera joan behar izan dut egunotan aldakako zauriak min izugarria ematen didalako", zioen.

Kexu zen, 84 urteko gorputzak geldiarazi egiten zuelako, eta kalean nahi baino gutxiagotan egoten zelako horregatik. BERRIAk urtarrilean egin zion elkarrizketa: "Lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan", esan zuen. Meategiko langilea, abadea, Herri Batasuneko zuzendaritzako kidea, Espainiako Kongresuko parlamentaria, Bizkaiko Batzar Nagusietako diputatua eta Barakaldoko zinegotzia izan da.

Azkenera arte, gazte

Urtarrileko elkarrizketan arimaz oraindik gaztea zela zioen behin eta berriz, umorea galdu gabe. Orain gutxi Auzitegi Nazionalean epaitu behar zuten Ernaiko kide zela leporatuta. Fiskalak epaileari galdetu zion: "Baina hau Ernaikoa al da?". Eta Solabarriak erantzun: "Euskal Herrian 80 urte ditugunok ere gazteak gara". 2012an Ernai gazte erakundea ofizialki aurkezteko antolaturiko Gazte Danbada ekitaldian "terrorismoari gorazarre" egitea leporatzen zieten auzipetu guztiei.

"Gogoan dut nire mintzaldian oinez aritzeko behar nituen makuluak altxatu nituela, borrokaren sinbolo gisa. Greba batean jasotako kolpeen testigu ziren, lubakietako borrokaren isla alegia". Urtebete eta sei hilabeteko zigorra eskatu zuen fiskalak harentzat. Azken unean, ordea, kendu egin zuten haren kontrako salaketa.

Langileei lotutako bizitza

Portugaleten jaio zen, 1930. urtean. Aita meatzaria zen, eta amak etxe batean lan egiten zuen. 1936ko gerra han bizi izan zuen, eta familiaren etxea bonbardaketatan hondatu zuten. 11 urterekin Gordexolako seminariora eraman zuten, eta 24 urterekin apaiz egin zen. Langileak bizi ziren auzoetan ibili zen apaiz, Ezkerraldean, eta horrek haren kontzientzia politiko eta soziala indartu zuen. Langile-apaiz mugimenduaren aitzindarietako bat jotzen da. Barakaldon soto batean bizi zen, eta mezak emateaz gain eskolak ere eman zituen. "Oso gogorrak izan ziren han bizi izan nintzeneko garaiak: lurrean egiten nuen lo, eta ikaragarria zen zegoen hezetasuna. Baina zoragarria izan zen aldi berean".

Frankismoan hainbat erakundetan militatu zuen, eta soto horretan klandestinitatean aritzen ziren hanbat biltzen ziren: UGTko Nicolas Redondok; Ibarrola anaiek; Alderdi Komunistako [Jose] Unanuek; Lalo Lopezek, Patxi Lopez lehendakari ohiaren aitak, eta abarrek. "Txabi Etxebarrieta ere ezagutu nuen han, 19 urte zituela. Oso gaztea zen Etxebarrieta, baina izugarria zen zuen langile kontzientzia. Langile Frontekoak elkartzen ziren nire sotoan. Kanpoan geratzen nintzen ni bitartean, zaintza lanak egiten". Jardun horregatik Batallon Vasco Español taldearen mehatxu bat jaso zuen: hamabost egunean sototik alde egiten ez banuen hil egingo zutela zioen. "Bertan geratzea erabaki nuen, duintasunagatik eta militantziagatik".

Zamorako espetxean kartzelatu zuten, beste apaiz batzuekin batera. Apaizgoa utzi behar izan zuen, eta eraikuntzan hasi zen lanean, behin aske zelarik. "Niri eraikuntza lanak kaleko borrokalari eta militantziaren arima eman didala uste dut", zioen. LABen afiliatu zen. Politikan Euskadiko Ezkerran hasi zen, 1977an, baina urtebete geroago Herri Batasunan hasi zen. Espainiako Kongresurako diputatu aukeratu zuten 1979an eta 1982an. Eusko Legebiltzarrerako parlamentari ere aukeratu zuten, baina ez zuen akta jaso.

"Eguneroko peoi"

2013an Barakaldoko pregoilari izateko aukeratu zuten, baina Tontxu Rodriguez PSEko alkateak ukatu egin zion pregoia irakurtzea, PPren helegite bat aintzat hartuz. Herri Batasunakoa izateagatik egin zuen eskaera hori PPk. Azken urteetan, ordea, mugimendu sozialen protestatan parte hartu izan du, batez ere behartsu, langabe, etxegabetuen, euskal presoen eta borroka feministaren alde. "Herritarrak kalean daude, eta haiengana joan behar dugu guk ere. Hitz egitera, pankartak jartzera edota bankuak okupatzera. Baina egon egin behar da. Eta dauden mugimenduetan parte hartu behar da. Horregatik nago ni ahal dudan guztietan kalean".

Manifestazio eta protesta handiak egin arren, eguneroko protestetan indar falta somatzen zuen. "Ahanztura da gaur egun kapitalak duen armarik indartsuenetako bat. Horixe nahi du: herritarrak eskubideak aldarrikatu eta eskatzeaz ahaztea", zioen urtarrileko elkarrizketan. Inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen zuen herritarrekin batera lan egitea: "Egon zaitezke sindikalismoan, baina gero egunerokoan jendearen alboan ez baldin bazaude, akabo. Jendea gogotsu dago, eta borrokatu egin behar da. Botereak hori nahi du: gu guztiok geldi egotea".

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Ordoñez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak