politika

Urizarrek uste du subiranotasunaren bidean "aldebakartasunaren alde" egin behar dela

EAko idazkari nagusiak adierazi du Euskal Herriak "PPren beste legealdi bat" ezin duela jasan. EAJk PSErekiko duen jarrera "akatsa" dela uste du.

Pello Urizar, artxiboko irudi batean./
Pello Urizar, artxiboko irudi batean./ Monika del Valle/Argazki Press

Aimar Esnaola -

2015eko uztailak 29

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak azaldu du subiranotasunaren bidean bere alderdiak "aldebakartasunaren" alde egingo duela. Gaur EAk Donostian duen egoitzan amaitzear dagoen kurtso politikoaren balantzea egin du Urizarrek, eta esan du gizarte zibilarekin lanean segitu behar dela, "Madrildik ezer itxaron gabe".

"Espainiako Gobernua hondoratzen ari da", haren ustez, eta gaineratu du estatuaren batasun politikoa bermatzeko PP "edozer" egiteko prest egongo dela, baita "mehatxatzeko eta hertsatzeko" ere. Horregatik, azaldu du Euskal Herriak Mariano Rajoyren alderdiaren "beste legealdi bat" ezin duela jasan, "atzerapen soziala, politikoa eta demokratikoa" ekarri baitute azken lau urteek. Erresuma Batuak Eskoziarekin izan duen jarrera Espainiako Estatuarekin alderatu du, arazoa "kultura demokratikoa" delakoan.

EH Bildu "etengabe egokitzen" ari den koalizioa dela esan du Urizarrek, eta adierazi du EA Espainiako Estatuko beste indarrekin batzeko prest dagoela, beti ere "erabakitzeko eskubidea aitortzen bada". Pasa den asteazkenean Espainiako hauteskundeetara aurkezteko "indar progresisten" hautagaitza bateratua proposatu zuten gizarte zibileko hainbat kidek, eta EAko buruak argitu du proposamena "gustatu" zaiela; irailean dira eskaitzaren azterketa sakontzekoak.

Urizarrek EAJk PSE-EErekin duen akordioetarako jarrera txarretsi du. Adierazi du erakundeetarako egin duten ituna "akatsa" dela, eta uste du PSOEk proposatu duen konstituzioaren erreforman erabakitzeko eskubidea ez dutela aitortuko. "Gu beste bide batean gaude".

Udal eta foru hauteskundeen inguruko balantzea dagoeneko egina dutela esan du. Hala ere, Urizarrek Nafarroako "aldaketa garrantzitsua" nabarmendu du, haren ustez, gobernu aldaketa Espainiako Estatuarentzako ez baita gustukoa izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna