Ezker abertzalea

"Birdefinizio estrategikorako" prozesua hasi du ezker abertzaleak

'Zutik Euskal Herria'-ren ondoren, estrategia zehazteko bigarren urratsa izango da 'Abian' prozesua.

Abian gogoeta prozesuaren aurkezpena.
Abian gogoeta prozesuaren aurkezpena. Jon Urbe / Argazki Press

Hodei Iruretagoiena -

2015eko azaroak 7

2010eko otsailean kaleratutako Zutik Euskal Herria ebazpena  izan zen ezker abertzalearen estrategia aldaketa ekarri zuen eztabaida prozesuaren emaitza. Besteak beste, borroka molde guztiak indar metaketaren mesedetan jarri zituzten orduan. Orain, Euskal Herria zutik eta abian dokumentua plazaratuta, aldaketa haren bigarren urratsa jarriko dute martxan: Abian prozesua. "Arnasa luzeko birdefinizio eta eraberritze estrategikoa izango da Abian, Euskal Estatua helburu". Ezkerabertzalea.info webgunean jarriko dute informazio guztia.

Marije Fullaondok eta Igor Arroyok jakinarazi dituzte barne hausnarketa "integral eta parte hartzailearen" nondik norakoak. Atzean, Sortuko, LABeko eta Ernaiko zuzendaritzetako kideak zituzten, dozenaka militanterekin batera.

"Asko da azken urteetan lortutakoa, baina korapilo lodiak ditugu askatzeke", esan dute. Besteak beste, "independentzia egunero eraikitzen" asmatu beharra dagoela nabarmendu dute: "Feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia kontzeptuak proiektu erreal eta eraginkor bilakatzea dugu xede".

Bi fase

Bi fasetan egingo dute prozesua: urtarrila bitartean, ezker abertzaleko kidegoari entzun, hausnarketarako espazioak sortu eta idatzizko ekarpenak bilduko dituzte. Urtarriletik aurrera ekingo diote eztabaidari, "herritar orori zabalik egongo diren herri eta auzo batzarretan". Ahalegin "berezia" egingo dute espetxeetan eta  erbestean dituzten kideei ere hitza eman ahal izateko.

Besteak beste, haiek guztiak etxean izan arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute. "Horretarako biderik eraginkorrena, Euskal Herriko sektore herritarrekin batera burujabetza prozesu ahalik eta indartsuena garatzea da", adierazi dute Fullaondok eta Arroyok: "Independentziaren zikloaren atarian gaude, eta ez gara inoren zain egongo".