Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika 'Ekarri armak', zergatien erantzunak

Publizitatea

Politika

eta

'Ekarri armak', zergatien erantzunak

ETAren jardun armatuaren amaieraren liburua aurkeztu du Imanol Murua Uriak, Donostian.

2015-12-03 / Enekoitz Esnaola

Zergatik orain?" eta "zergatik horrela?". Bi horiek izan dira Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, 1966) Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburuan erantzun nahi izan dituen galderak, Donostiako aurkezpenean esan duenez. Horretarako, 2007ko ekainean ETAk su-etena hautsi zuenetik 2011ko urriaren 20an jarduera armatuaren behin betiko amaiera jakinarazi zuen arte zer gertatu zen argitzen saiatu da. Haren arabera, "erabakigarria" izan zen Batasunaren zuzendaritzak auzitan jarri izana ETAk 2007-2008ko batzarrean borroka armatua jarraitzeko hartutako erabakia.

Murua Uriak esan du geroztik ere izan zirela ezker abertzalean "korapiloak", Espainiako Estatua saiatu zela barne eztabaida "baldintzatzen", baina azkenean ETAk jardun armatua uzteko erabakia hartu zuela. "2010ean Loiolako hegiak aurkeztu nuenean [2006-2007ko huts egindako konponbide prozesuaz], herriz herriko aurkezpenetan erdi bromatan esaten nuen bukaera zoriontsuago batez idatziko nuela noizbait".

2010ean Nevadako Unibertsitatean (Reno, AEB) ETAren jarduera armatuaren bukaeraz tesi bat idazteko asmoa agertu zuen, eta iazko azaroan aurkeztu zuen. "Lan akademiko hura oinarritzat hartuta, neu erosoago sentitzen naizen erregistro bat erabiliz egin dut liburua, kronika modura".

Ezagunak ez diren dokumentu batzuk

272 orrialde dauzka lanak, sei ataletan banatuta: Sarrera, Krisia (2007-2008), Aurrekariak (1977-2007), Metamorfosia (2007-2011), Zergatik orain eta Epilogoa (2011-2015). Egileak azaldu du badirela ezagutu gabeak diren dokumentu batzuk: ETAk Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari (PSOE) bidali zion gutun bat, Batasunaren zuzendaritzak EPPKri helarazitako eskutitz bat edota ETAren eztabaidetako ondorioen dokumentuak.

Libururako berrogeiren bat elkarrizketa egin ditu. Haien artean daude etakide ohiak –Antton Lopez Kubati, Eugenio Etxebete Antton, Alfonso Etxegarai, Juan Karlos Ioldi, Jokin Urain, Fermin Santxez Agurruza, Carmen Gisasola–, Espainiako ministro ohiak –Jaime Mayor Oreja, Ramon Jauregi–, Espainiako auzitegi nagusietako epaileak –Javier Gomez Bermudez (Auzitegi Nazionala), Adela Asua (Konstituzionala), Joaquin Gimenez (Gorena)–, bitartekari edo bideratzaile lanetan ibilitakoak –Ram Manikkalingam, Juan Maria Uriarte, Paul Rios–, euskal alderdi politikoetako buruzagi eta buruzagi ohiak –Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Rodolfo Ares, Jesus Egiguren, Rufi Etxeberria, Patxi Zabaleta, Iñaki Oiartzabal, Miguel Sanz, Pello Urizar, Unai Ziarreta, Rafa Larreina, Jakes Bortairu, Oskar Matute–, eta euskal gatazkaren bilakaeran zerikusia eta zeresana duten beste batzuk –Jonan Fernandez, Iñaki Esnaola, Filipe Bidart, Maite Pagazaurtundua, Fabian Laespada, Iñaki Altuna–.

Hilaren 17an, Martin Ugalde foroan

Liburua 20 euroan dago salgai. BERRIAlagunek 15 euroan daukate. Hilaren 17an (osteguna) Murua Uriarekin solasaldi-elkarrizketa bat izango da Andoainen, Martin Ugalde foroan, 19:00etan. Urtarrilaren 20an Iruñean izango du antzeko saio bat, Katakraken.

Elkar eta BERRIA dira liburuaren argitaratzaileak, eta Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editorea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria aurkezpenean ondoan izan ditu kazetariak. Biek haren kazetaritza maila laudatu dute.

Datorren urteko udaberri aldera Ekarri armak-en espainolezko bertsioa aterako da, Angel Errok itzulita (Ttarttalo argitaletxearekin), eta urtebete barru-edo Murua Uriaren tesia ingelesez, Erresuma Batuko-AEBetako argitaletxe batek aterata.

Publizitatea

Sortu kontua
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak