euskara

Jaurlaritzak hiru urteko laguntza deialdia egin du hedabideentzat

Baztarrikak dio egonkortasuna eskaintzea duela xede. HPS hedabideetako ordezkariekin bilduko da urtarrilean. Euskara sustatzeko aurrekontua aurtengo bera izango da 2016an Jone Amonarriz

BERRIA

Jone Amonarriz -

2015eko abenduak 31

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak joan den urteko diru kopuru bera bideratuko du euskara sustatzeko 2016an: 45,7 milioi euro. "Baliabideak beti dira mugatuak. Beti nahi izaten dugu gehiago. Baina kopuru hori bada ahalegin handia", azaldu du Patxi Baztarrika sailburuordeak.

Diru laguntzen programa guztiak aurkeztu ditu —HABErenak udan aurkezten dituzte—, bat izan ezik: euskarazko hedabideena; 2016ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dute, hedabideen ordezkariekin bildu ondoren. Dena dela, deialdia urte batzuetakoa izango dela aurreratu du Baztarrikak; hots, hiru urtekoa. Euskarazko hedabideen alorrean, 2015eko diru laguntzei eutsiko diela aurreikusten du: urtean 4.875.000 euro.

Beste hainbat berritasun ere iragarri ditu HPSk. Iaz baino 250.000 euro gehiago bideratuko ditu euskaltegietako euskara ikasleentzako diru laguntza indibidualetara. Gainerakoan, 2015eko itxura antzerakoa hartu dute euskara sustatzeko diru laguntzek:

- HABE (Helduen euskalduntzea): 30.701.025 euro

- Euskalgintza: 979.200 euro

- Nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzeko diru laguntzak: 400.000

- IKT: 807.500

- LanHitz: 1.964.000 euro

- EBPN/ESEP (2015/2016 urteetarako): 2.771.00 euro

- Hitzarmen bidezko ekarpenak: 3.210.630 euro