ikurrak

Auzitegi Nazionalak ez du deliturik antzeman Espainiako ereserkiaren aurkako txistukadan

Espainiako Kopako finalean egin zioten Bartzelona eta Athleticeko zaleek txistu ereserkiari.

Berria -

2016ko otsailak 19

Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gogorarazi du 2009ko finalean ere txistu egin ziotela zaleek ereserkiari, eta orduan fiskalak ez zuela delitutzat jo, ekintza hura adierazpen askatasunean oinarrituta zegoelakoan.

Bartzelonako 2. Instrukzio Auzitegiak Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auzia; Andreuk onartu egin du auzia bere gain hartzea, baina artxibatu egin du, fiskalaren irizpidearen kontrara.

Andreuk gogorarazi du Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin zuela 2009ko txistukadaren harira Denaes fundazioak aurkeztutako salaketa, eta artxibatze hori berretsi egin zuela auzitegi bereko 4. Zigor Aretoak. Fiskaltzak berak adierazpen askatasunaren barruan kokatu zuen txistukada hura.

Andreu epailearen erabakiaren aurka helegitea aurkezteko asmoa agertu du Vox alderdiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna