Analisia

Konpasa hartuta

 

Enekoitz Esnaola -

2016ko martxoak 1

Kartzelaldiaren «injustizia» aipatzeaz gain, Jesus Egigurenek Grimm anaien ipuineko Hansel eta Gretel umeekin alderatu izan du Arnaldo Otegiren egoera. Sorgin batek bi haur haiek txokolatezko etxe batean itxi zituen, gizendu zitezen, gero berak jateko. «Eta nik uste Otegi gizentzen ari direla. Oso gaizki egongo da kartzelan, baina politikoki erreferentzia bihurtzen ari dira», zioen orain lau urte Egigurenek.

Kanpoan da orain Otegi, libre, sei urte eta erdiko zigorra bete ondoren. 2008an Martutenetik atera zenean baino lan samurragoa dauka. Orduan, ezker abertzaleak hasteke zeukan estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzeko barne eztabaida. Atera zuten aurrera apustu hura, Otegi bera zela buruetako bat, eta, berehala, estatuaren biktimetako bat. Prozesu independentista «marraztea» izango du hark eginkizun orain, haren azken bisitari Rufi Etxeberriak adierazi bezala. 2014ko urrian BERRIAko elkarrizketan pintzela —edo akuilua— atera zuen Otegik: «Martxan dago Kataluniako prozesu independentista. Nik halako prozesu baterako oinarrizkoak diren lanak dezente atzeratuak ikusten ditut Euskal Herrian, besteak beste XXI. mendeko proiektu independentista eta ezkertiarra marraztu eta eraikitzeko eztabaida herritarra abian ez dagoelako»; «mobilizazioekin batera proposamen zehatzak egiteko tenorea ere heltzen ari da»; edo «gure estrategia orokorraren ardatza prozesu independentistan jarri behar da, eta ondorioen agenda hor kokatu».

Marrazkia osatuz joateko, ordea, Otegik lehentasunetako bat izango du harreman pertsonalak eta politikoak berreskuratzea, berregitea edo ereitea ere. Hartu, adibidez, Hasier Arraiz Sortuko presidentearen eta haren –Sortuko idazkari nagusi hautatua—kasua: 2007ko ekainetik behintzat, biak ez dira zuzenean elkarrekin egon. Ez diete utzi: Otegi 2007ko ekainean preso sartu zuten Argalaren omenaldiko zigorragatik; 2008ko abuztuan atera zen libre, baina Arraiz espetxean zen ordurako, 2007ko urrian Batasuneko Mahai Nazionalaren auzia zela-eta; Arraiz 2010eko apirilean baldintzapean aske geratu zen, baina Otegi 2009ko urritik espetxean zeukaten Bateragune auziagatik, eta halaxe, gaur arte.

Logroñoko espetxe atarian egindako hitzaldi laburrean, unerako hautatutako eleak izan ditu –etorkinak, etxe desjabetzeak, preso sozialak, preso politikoak, independentzia...–, eta bukaeran: «Lehendakaririk onena, herria». Horretarako, baina, mentalitate aldaketaren premian dira politikagintzan, kontzeptualizaziotik haratago doana. Otegik Sorturen eratze batzarrean «kontsigna gutxiago» behar dela zioen. Abian-eko txostenak garrantzia ematen dio kultura politiko egokia zer litzatekeen azaltzeari. Joseba Sarrionandiak Lapur banden etika ala politika liburuan idatzi du alderdiak «estatu txiki» bihurtzen direla, «eta, euskal gizarte osoaren auto-eraikuntza lagundu beharrean, eragotzi egin dezakete praktikan». Ikusi izan da halakorik azken prozesuetan. Lizarra-Garazin ezker abertzalea izan zen eragile nagusietakoa, baina dinamika bertikala izan zen, goikoek mamitua eta zuzendua, eta herrietan ez zen zertu. 2006an, berriz, Loiolan petit comité-n esertzear zela, Batasunak bazterrean utzi zuen Nazio Eztabaidagunea. Zaila da horrela prozesu bat herriak edo herriarekin egitea. Baina ardura osoa ez da Otegirena-eta; esaterako, euskal sindikatuek ez dute ekintza batasunik oraindik. Funtsean, subiranistek badute zeregin bat: nola osatu, mugimendu nazionalista izan ondotik, mugimendu nazional bat.

Horra bidean dena ezin(go) duenez batera egin, EH Bilduri laster tokatuko zaio EAEn, Otegi «animalia politikoarekin» —Egigurenen hitzak dira—, alor politiko-instituzionalean hautu jakina egin eta konpasa alde batera (Ahal Dugu) edo bestera (EAJ) mugitzea, markatutako esparruarekin bide bat saiatzeko. Eta garaia helduta, gontz funtzioa betez. Zehaztasun ikur ere badira konpasak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna