Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Davutoglu: "Turkia ez da giza tragedia honen erantzulea, ez eta EB ere"

Publizitatea

Mundua

Errefuxiatuak

Davutoglu: "Turkia ez da giza tragedia honen erantzulea, ez eta EB ere"

Europara sartu asmo duten iheslariak geldiarazteko ituna adostu dute Europako Batasunak eta Turkiak. Mugazain lanak egitearen truke 3.000 milioi euroko laguntza jasoko du Ankarak. Greziako lehen ministroarekin biltzekoa da Davutoglu, "xehetasunez" hitz egiteko. (Bideoa: Idomeniko kanpalekua airetik)

2016-03-08 / Arantxa Elizegi

"Europaranzko legez kanpoko migrazioen egunak amaitu dira. Handiegia da Turkiatik Greziara doan errefuxiatu fluxua eta murriztu egin behar da", argudiatuz aurkeztu du Europako Batzordeko presidente Donald Tuskek Turkiarekin hitzartutako akordioa. Haren arabera, Greziak Turkiara itzuliko ditu muga paperik gabe zeharkatzen duten "iheslari guztiak", eta aurrerantzean Ankara arduratuko da haietaz. Trukean 3.000 milioi euro gehiago —aurretik beste hainbeste eman zion Bruselak Ankarari— jasoko ditu. Ahmet Davutoglu lehen ministroa pozik agertu da hitzarmenarekin eta nabarmendu du ez eurak eta ezta EBk ere ez dutela "ardurarik" Siriako milaka iheslariek bizi duten tragedian: "Siriako gatazkaren erantzule direnen ardura da su-eten iraunkor bat lortzea".

Turkiatik "legez kanpoko bideetatik" sartzen diren iheslari oro itzuliko du Greziak, baita siriarrak ere. Baina horien kasuan "salbuespena" egiteko "prest" agertu da Europa, eta, ondorioz, kanporatutako "legez kanpoko" siriar bakoitzeko beste bat hartuko dute Europako estatuek "legezko bideetatik". Hori egiteko, ordez, "denbora" eskatu du Bruselak; izan ere, zenbait estatuk ez dute begi onez ikusten iheslariak onartzeko plana.

Hitzarmena dagoeneko itxi baduten ere, hainbat "xehetasun" geratzen dira zehazteke, eta horietaz arituko dira gaur Turkia eta Greziako goi agintariak. Dagoeneko Greziako Esmirna hirian da Davutoglu. Berez, bi estatuek badute lehendik ere akordioa iheslariak kanporatzeko, baina prozesuak hilabeteak iraun dezake; hitzarmen berriaren helburua da hori bera "berehala" egitea. Horretarako, Atenasek kanpalekuak jarriko ditu uharteetan.

EBn sartzeko prozesua "azkartu"

Iheslariak hartzeko baliabideak ez ezik, Turkiak EBko kide izateko hasitako negoziazioak bultzatzeko ere prest agertu da Brusela, mugak ixtearen truke. Hala, Grezian dauden iheslariak hartzeko tramiteak azkartu dituenez, Ankarak eskatu dio EBri ekain amaierara aurrera dezala bisen liberalizazioa. "Hau guztia Turkia EBko kide bihurtzearen negoziazioen barruan kokatu behar dugu. Egia da gai humanitarioa dela, baina baita gai estrategikoa ere", zehaztu du Davutogluk.

Mundua saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak

Zerrenda osoa ikusi

Gaiarekin zerikusia duten albisteak