Hezkuntza

15.000 ikaslek hartu dute parte hezkuntza erreformen aurkako mobilizazioetan

Ikasle Abertzaleek antolatuta, mobilizazio jendetsuak egin dituzte herrietan eta unibertsitateetan, hezkuntza sistema propio baten alde. Iruñean eta Gasteizen istiluak izan dira, eta Ertzaintza eta Foruzaingoa manifestariei oldartu zaizkie. Gasteizen, gutxienez zortzi lagun atxilotu dituzte, eta lau Iruñean. Protestara deitu dute arratsalderako.

Jendetza Gasteizen

Berria -

2016ko martxoak 17

Ikasle Abertzaleen (IA) iritzian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila LOMCE aplikatzen ari da Heziberri 2020 programaren bidez, eta Nafarroako Gobernua ere beste hainbeste egiten ari da. Hori salatu eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko, greba eguna egin dute Euskal Herriko ikastetxe, lanbide heziketako zentro eta unibertsitateetan. Hainbat mobilizazio egin dituzte goizean goizetik, eta eguerdian manifestazio jendetsuak egin dituzte.

15.000 lagunek hartu dute parte mobilizazioetan, IAren arabera. "Arrakastatsutzat" jo dute protesta eguna.

 

Istiluak ere izan dira. Gasteizen, esate baterako, zortzi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, eta horietako bat erietxeratu dute, buruko traumatismoarekin; Iruñean, Foruzaingoa manifestariei oldartu zaie, eta lau lagun atzeman dituzte. Guztiak adingabeak dira; deklarazioa hartuko diete desordena publikoak egitea egotzita, eta aske utziko dituzte fiskalaren aginduz, Espainiako Gobernuko ordezkaritzak jakinarazi duenez. Bilbon, berriz, eserialdia egin dute, eta lau gazte identifikatu ditu Ertzaintzak. Atxiloketak eta Poliziaren jarrera salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Iruñean eta Gasteizen.

"Herritik eta herriaren mesedera dagoena, euskalduna, herritarra, askatzailea eta feminista" izango den hezkuntza sistema bat eskatu du IAk. Eta salatu dute Heziberrirekin LOMCE aplikatzen ari direla mailaka. "Erasoaldi hori ikusirik, kalera atera behar dugu Heziberri dekretua atzera botatzea exijitzeko. Ezin dute aurrera segitu ikasle mugimenduaren, langile eta irakasle sindikatuen, guraso eta familien elkarteen eta abarren babesik ez duen lege horrekin", salatu dute.

Jaularitzarena ez ezik, Nafarroako Gobernuaren jarrera ere salatu du IAk: "Eman beharreko gutxieneko pausoak ere ez dituzte eman, nahiz eta erregimena gobernu autonomikotik kanporatu". Hala, euskaraz ikasteko eskubidea ez bermatzea egotzi diote.

Hori guztia kontuan hartuta, hezkuntza sistema propioaren alde batu eta lan egiteko deia egin du: "Hezigune, herri eta auzoetatik abiatuta, prozesu eratzaile herritar bat martxan jartzeko, guk behar dugun hezkuntza sistema errealki eraikitzeko. Ez dezagun gehiago itxaron!".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna