UEMAK 25 URTE

Labaka: "25 urte geroago, gaurkotasun handiko erakundea da Uema"

Aizarnazabalen ospatzen ari dira Uemaren mende laurdena, herri eskolan. Gaur 25 urte, 1991ko maiatzaren 5ean, eratu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Aizarnazabalen (Gipuzkoa) sinatu zituzten sortze agiriak, eta hantxe dute gaur urteurreneko ekitaldia.

Uemaren mende laurdena ospatzeko ekitaldia.
Uemaren mende laurdena ospatzeko ekitaldia. Gorka Rubio / Argazki Press

Berria -

2016ko maiatzak 5

Euskalgintzako, Uema osatzen duten udaletako eta erakundeetako ordezkari ugari batu dira Aizarnazabalen, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen mende laurdena ospatzeko ekitaldian. Besteak beste, bertan izan dira Hizkuntz politikaren arduradun nagusiak Nafarroako Gobernutik eta Gipuzkoako Aldunditik: Mikel Arregi eta Mikel Irizar. Baita Eusko Jaurlaritzako Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria ere.

Hitza hartuta, Iñaki Arregi Uemako koordinatzaile zena gogoan hartu du Kontxi Gabantxo lehendakari ohiak. "Pertsona askea zen". Josu Labaka lehendakariak hartu du hitza ondoren: "Lorpenak ospatzeko eta erronkak markatzeko momentua da". Elkarlana eskatu du: "Bai ala bai egin behar da". Arnasguneen babesa aipatu du, eta euskara erdigunean jartzea.

Bide gorabeheratsua izan du, batez ere ilegalizazio garaian. Espainiako erakundeek oztopo ugari jarri dizkiote bidean. Inoiz baino herri gehiagorekin iritsi da urteurrenera: 73 dira orain, eta hilabete bukaerako batzarrean beste hiru sartuko dira. 76 kide denera.

Asko handitu da Uema urteotan: hamasei kiderekin hasi zuen bidea, baina badu are gehiago hazteko modua. Ueman sartzeko baldintza soziolinguistikoak dituzten beste 86 herri daude Hego Euskal Herrian. Orain Ueman daudenak baino gehiago.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna