Euskara

Leitzan ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna

Maiatzaren 28an izango da ospakizuna: goizean Uemaren batzar nagusia egingo dute, eta egurdian, berriz, ekitaldi instituzionala.

Ueman dagoen udalerrietako bat da Leitza
Ueman dagoen udalerrietako bat da Leitza Jagoba Manterola

Berria -

2016ko maiatzak 18

Mende laurden ez da egunero betetzen. Maiatzaren 5ean ekitaldi instituzionala egin zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Aizarnazabalen, eta maiatzaren 28an “modu herrikoiagoan eta jai giroan” ospatuko dute urteurrena Leitzan. Gaur goizean egin dute Udalerri Euskaldunen Egunaren aurkezpena Donostian, eta “festa eta aldarrikapena” uztartzeko eguna izango dela jakinarazi dute.

Euskararen arnasguneak sendotzea eta herritarren kontzientzian eragitea izan dira ospakizunaren helburuak hastapenetik, eta horretarako, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana da gakoetako bat. Hain zuzen, hori nabarmendu dute antolatzaileek: “Udalerri Euskaldunen Eguna aurten Leitzan ospatzeko aukera mahai gainean izan orduko, Leitzako Udalak eta bertako hainbat elkartek eta kultur eragilek bat egin zuten eguna antolatzeko talde-eragilean”.

Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizeko batzar nagusian Ueman sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartuko dituzte: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. Horren ostean arnasguneen tailerra egingo dute, Uemak eta udalek antolatua. Normalizazioan erabakigarri diren elementuak identifikatu, eta topatzen diren hutsuneak gainditzeko herrian bertan egin daitekeenari buruz hausnartuko dute gerturatutakoek.

Horrez gain, Uemaren batzar nagusia, ekitaldi instituzionala eta flash moba egingo dituzte goizean. Eguerdian, berriz, herri bazkaria egongo da, eta bazkalostean kantu zaharren kantaldia egingo dute, Angel Mariezkurrena abeslariarekin. Arratsaldean, DJ Porru haurrentzako ikuskizuna eta elektrotxaranga ibiliko dira herrian zehar, eta eguna amaitzeko, kontzertuak izango dira Atekabeltz gaztetxean.

Eguraldi ona egiten badu, ekitaldiak herriko plazan izango dira; bestela pilotalekuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna