MARTIN UGALDE FOROA

EITB, "transatlantikoari eusten"

Martin Ugalde Foroan aritu da EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbe; ikus-entzunezkoen aro berrian, nahi baino baliabide urriagoekin, "eusteko" erronkan "duin" ari direla uste du.

Arantxa Iraola -

2016ko ekainak 3

"Telebista bete behar duzu 24 orduz 365 egunetan: askotan ahaztu egiten zaigu hori». Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Martin Ugalde Foroan hartu zuen atzo hitza, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. Agerian utzi nahi izan zuen bere solasekin zereginaren zailtasuna; telebista eta irrati publikoen sare osoa —etenik gabe diharduen hitz eta irudien emari hori— zuzentzea erronka itzela dela onartu zuen. Telebista kateei buruzkoak izan ziren plazaratu zituen gogoeta asko, baina, oro har, etxe handia dela azaldu zuen, eta hura gobernatzeko bidea sarritan malkartsua dela. Hain zuzen ere, onartu zuen krisi ekonomikoak eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko moduan egon diren aldaketa handiek oraindik zailagoa egin dutela azken urte hauetan egitekoa. «Erronka handiena izan da eustea transatlantikoari». Leire Palacios kazetariak gidatu zuen mintzaldia; erantzun zituen entzuleen hainbat galdera ere.

Telebistan eskaintzen dituzten saioak hautatzeko orduan, esaterako, hainbat aldagairi erreparatu behar izaten dietela nabarmendu zuen. «Beharrak programazioan zer ataletan dauden ikusi, zer formatu falta den ikusi, eta boladan dauden formatuak zein diren ere ikusten da», azaldu zuen. «Beharren araberako hautaketa bat egiten da». Azken hilabeteotan batere fikziorik ez dela ekoiztu onartu zuen, eta horretarako zailtasunak ez zituen ezkutatu. TV3 Kataluniako kate autonomikoan, esaterako, fikziozko telesail baten atal bakoitzeko 200.000 euro gastatzen dituztela onartu zuen. «EITBn egiten dira erdia baino gutxiagorekin, 80.000 euro ingururekin». Eta euskarazko ekoizpenetarako EITBren jarduna giltzarri dela onetsita, segitzeko asmoa dutela esan zuen, baina ongi neurtuta: zer, eta nola. «Pentsatzen dugu fikzioa egin behar dugula euskaraz, baina ez daukagu baliabiderik denboraldi osoan egiteko». Audientziak usu «oso txikiak» direla esan zuen; ez dutela merezi. «Fikzioak ematen dizu etekina, betiere audientzia gutxieneko bat baldin badaukazu...».

Maiatzeko audientzia datuak —aski apalak— jaso berri azaldu zen atzoko mintzaldira Iturbe, eta telebisten kasuan, bereziki, azken urteotan ingurumaria izugarri korapilatu dela nabarmendu zuen. 2010etik lurreko telebista digitalak aldaketa handiak ekarri dituela ohartarazi zuen. Hein batean, aldaketa horiek paradoxa baten iturburua izan direla uste du. «Telebista, berez, euskarri masibo bat da», azaldu zuen. «Baina egun gero eta aukera indibidualista gehiago eskaintzen ditu». Eta dema horretan jardutea ez da erraza. «Irekian bakarrik 28 kanal daude gaur egun, eta ordainduta, 115. Horrez gain, kontsumo ohiturak aldatu dira erabat», azaldu zuen. Eta erronkari irudi duena baino hobeto erantzuten ari zaizkiola esan zuen. ETB1en datuak zinetan apaltzat jotzen dira, esaterako, askotan, baina bestelako irakurketa bat egin zuen Iturbek. «2010ean tarta osotik kate tematikoek %24 jaten zuten; 2016an %24 hori ia %40 bihurtu da, tarta murriztu da; baina %60 horretan lehen ETB1en audientzia zen %2,1 eta egun %2an gaude». Telebistan, kutunen albistegien emaitzak dituztela ezin izan zuen ezkutatu. «Gure albistegiek lidergoa izan dute azken urte hauetan, eta izaten jarraitzen dute. Erreferente gara informazioan», azaldu zuen. «Horrek badauka bere meritua». Kualitatiboki ere, egiten dituzten ikerketen arabera, aski goratuak direla adierazi zuen. «Gure albistegiei emandako nota, batetik hamarrera, zortzikoa da».

Geroari begira, erronka gehiago. «Kontziente gara, esaterako, telebista nahierara ikusteko zerbitzuak behar duela astindu bat», onartu zuen. «Webgune berriaren diseinua ere martxan dago; askoz ere argiagoa izango da». Horregatik, urte batzuen buruan Internetek «indar handiagoa» izatea nahi du. «Eta uste dut ETB1i ere buelta bat eman behar zaiola». Bi hizkuntzen arteko dema telebistan, bereziki, «oso eskizofrenikoa» dela adierazi zuen, eta fintzera egin behar dela hor. «Eskaintza bat bestearen kontra doa beti; osagarritasunean asmatzea da erronka». ETB2n euskararen presentzia handitze aldera euskaraz mintzo direnen adierazpenak azpitituluekin itzultzeko eskaria ez dutela gogoko agerian utzi zuen, ordea. Azpitituluek, albistegietan, euskaldun ez direnak «uxatzeko» arriskua dagoela esan zuen. «Azpidatziekin iruditzen zaigu zailagoa dela», azaldu zuen. «Hori arautzen ari gara orain». Bestalde, Nafarroan ere aurki ETB ikusi ahal izango dela espero du. «Ea laster konpontzen den. Lanean ari gara. Asmoa litzateke ikustea legezko moduan, eta espero dugu epe motzean lortu ahal izango dugula Nafarroako hainbat lekutan, beharbada ez kokagune guztietan. Epe ertainera, berriz, lortu nahi dugu Nafarroa osoan».

Ekoiztetxeen lan eredua

EITBko irratietako lan erregulazio dosierraren harira kritika ugari izan dira iragan hilabeteotan Iturberentzat. Defendatu egin zuen: «Dosierra egin beharrekoa zen». Eta etorkizunean ere hartu beharko dira neurri gehiago, EITBko buruaren ustez, jarduna eraginkortze aldera. «Etxean ez da ekoizten ekoiztetxe baten erritmoan», onartu zuen. «ETB barruan profesional handiak daude, eta erritmoa oso ona da». Baina hobetzeko modukoa dela pentsatzen du. «Ekoiztetxeek lan egiten dute kontratu baten menpe. Beste motibazio puntu bat badute, eta erritmoa bizkortu egiten da». Eta zer ikasia ikusten du, gidatzen duen transatlantikoaren geroari begira. «Segur aski hobetu behar dugu motibazioa eta malgutasuna; malgutasuna, asko. Baina horretarako sindikatuekin adostu beharko genuke, eta negoziaziorako beste jarrera bat izan beharko genuke; ez dakit jarrera hori zenbaterainokoa den».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna