Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Batetik bestera eta txikitik handira

Publizitatea

Gizartea

Erraustegiaren aurkako mugimendua

Batetik bestera eta txikitik handira

Igandean beteko dira bi aste Gipuzkoa Zutik mugimentuak errauste plantaren kontrako kanpaldia abiatu zuenetik. Erraustegiaren kontrako aldarria uneoro Donostiako kalean izatea lortu dute; eta txiki eta ezezagun hasi zen mugimendua, gero eta handiago eta indartsuago bihurtzea.

2016-06-10 / Oihana Elduaien Uranga

Gauza bat zuten argi hasieratik, eta halaxe esaten aritu ziren: #ezgoazetxera. Errauste plantaren kontrako giza katea antolatuta zegoen maiatzaren 29rako. Igande goizez egin zuten mobilizazioa jendetsua izatea espero zen, eta erraustegiaren kontrako giro hori baliatuz, egun hartan bertan lo zakuekin Gipuzkoa plazara joateko deia egin zuen, artean ezezaguna zen Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Hilaren 25ean egin zuten deia, bideoa han eta hemen zabalduz:

Bizitzaren aldeko mobilizazio gisara definitu du bere burua mugimenduak, hasiera hasieratik, eta Mikel Laboaren Liluraren kontra abestitik hartu dute lelo nagusia: Ustelak lurpera, bizitza da handiena. Haserre egonagatik, mobilizazio umoretsua eta koloretsua egitearen aldeko apustua egin dute, eta aurreneko egun horretan bertan ere “bizipoza” eramateko deia egin zieten herritarrei.

Egun hartan ikusi ziren aurreneko aldiz, mugimenduaren ikur bihurtu diren ohial koloretsua eta arnasa hartzeko maskak. Igandean bi aste betetzen dira Gipuzkoa plaza hartu zutenetik, eta hasierako helburuei eusten ari dira: ez dira etxera joan, eta alaiak izaten ari dira mobilizazioak, nahiz eta polizia etorri, egurra eman eta jendea eraman. Alaitasun eta konstantzia horrek, mugimendura gero eta jende gehiago batzea ekarri du. Baita erabakiak asanblada irekietan eta egunez egun hartzeak ere.

 

1. Eguna (maiatzak 29): Mugimendu indartsu bihurtuko zuen hazia

Aurreneko egunean ez zuen komunikabideen arreta handirik jaso Gipuzkoa plazako kanpaldiak. Izan ere, guztiak giza-kate arrakastatsura begira egon ziren. Nolanahi ere, jende mordoska elkartu zen, eta antolatzaileen arabera, 60-70 lagun gelditu ziren lotan aurreneko gauean.

 

2.Eguna (maiatzak 30): Aurreneko antolaketa lanak

Eguna argitzerako elkarretaratzea egin zuten Gipuzkoako Diputazioaren aurrean. Ertzaintzarekin aurreneko arazoak izan zituzten, eta bi lagun identifikatu zituzten. Kanpaldian zeudenek, aurreneko antolaketa lanei ekin zieten.

 

Goizean jaiki, eta lantaldetan antolatzen hasi ziren, eta uneoro jendeari deia egin zieten mugimenduarekin bat egiteko. Horretarako, hitzordu zehatz bat jarri zuten egunerorako: 19:00etan asanblada. Lara Madinabeitiaren bideoa:

 

4. Eguna (ekainak 1). Aurreneko kanporatzea, eta erantzun are jendetsuagoa.

Gipuzkoa plazan kanpaldian zeudenak desalojatzeko aurreneko saioa Udaltzaingoak egin zuen, ekainaren aurrenean, erraustegiaren kontrakoen kanpaldiak hirugarren eguna zuenean. Eguneko kronikan hainbat bideo.

Gipuzkoa plazatik kanporatu zituzten, baina ez zuten lortu errakusketa plantaren kontrakoak etxera joaterik. Bulebarrera joan ziren, asanblada egin zuten, eta hasieran esandakoa berretsi zuten: #ezgoazetxera.

Asanbladan erabaki zuten arratsalderako manifestazioa antolatzea. Bideoa: Erraustegiaren aurkako kanpaldia Bulebarrean (Lara Madinabeitia, BERRIA TB).

Aurreneko desalojo hartatik indartuta atera zen Gipuzkoa Zutik mugimendua. Jende asko izan zen arratsaldeko mobilizazioan, eta Gipuzkoa plazara itzultzea lortu zuten, Ertzaintza bidean izan arren. Andoni Canelladaren bideoa.

Eta argi utzi zuten, toki batean ez bazen beste batean egongo direla, ura bezala mugituko direla.

 

5. Eguna (ekainak 2): Handitzen-handitzen...

Bosgarren egunean berriz ere Gipuzkoa plazan izan ziren ertzainak. Oraingoan ez zituzten handik kanporatu, baina bi lagun eraman zitzuten atxilotuta, identifikatzeari uko egin ziotelako. Aske utzi zituzten ordu batzuk geroago, eta egun batzuk geroago, haien aurkako auzia artxibatu zuen epaileak.

Egunean gertatutakoek, gehi bezperan izandako gorabeherek jende gehiago gerturatzea eragin zuen. Manifestazio jendetsua egin zuten arratsaldean, eta osteguna izaki, astebururako egitarau berezia antolatzeko aprobetxatu zuten eguna, besteak beste. Gipuzkoa Zutik-en bideoa.

 

7.Eguna (ekainak 4): 'Manifreestyle' jendetsua.

Asteburua izanik, astean zehar horretarako aukerarik ez duen jendea batu zen mugimendura. Manifestazio berezia antolatu zuten, kantu, dantza, kontzertu eta abarrekin. Jai giroan, jendetza batu zen Donostian. Gipuzkoa Zutik-en bideoa.

 

9. Eguna (ekainak 6): Gipuzkoa plazatik Bulebarrera

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak berriro kanporatu zituzten protestariak Gipuzkoa plazatik, astelehenean. Gipuzkoa Zutik mugimendukoak Bulebarrera joan ziren, aurreko desalojoan bezala. Kioskoan kartelak-eta jartzen ari zirela udaltzainak joan zitzaizkien, eta galerazi egin zieten. Handik bidaltzeko imintzioak ere egin zituzten, baina azkenean, poliziek alde egin zuten protestariak han utzita.

Arratsaldeko batzarrean erabaki zuten, bost egun lehenago egin gisan, Gipuzkoa plazara itzultzen saiatzea. Oraingoan, baina, ez zuten lortu ertzainek jarritako barrera gainditzerik. Kantuan eta dantzan egin zieten aurre poliziei, eta haiek kolpeka erantzun. Atxilotu bat ere izan zen. Topatu.eus-en bideoa.

Gipuzkoa plazara itzultzea ezinezkoa izango zela ikusita, kanpalekua Bulebarrera pasatzea erabaki zuten orduan, eta hantxe geratu ziren.

 

10. Eguna (ekainak 7): Beste saio huts bat

Errauste plantaren kontrako mugimenduko kideak Bulebarrean zirela, bertara joan ziren Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Lau lagun eraman zitzuten atxilotuta, indarrez —ordu batzuk geroago askatu zituzten—. Kanpalekuak han jarraitu zuen, eta egunez eguneko egitarauarekin aurrera jarraitu zuten. Lara Madinabeitiaren bideoa.

Horrez gain, laguntza ekonomikorako deia zabaldu zuten: "Susmoa dugu gure hilabete honetako fakturak apur bat disparatuko direla (...) Gipuzkoa Zutik ekimena abiatu genuenetik jarri nahi dizkiguten isunen erruz izango da". Jakin badakite Mozal Legea ezarriz isun "sendoak" jaso ditzaketela.

 

13. Eguna (ekainak 10): Zabaltzeko saioa

Ez dute nahi erraustegiaren kontrako mugimendua Donostian bakarrik gelditzea. Gipuzkoa osora zein lurraldetik kanpora zabaltzeko saioa egingo dute. Horretarako, herrietako jendea deitu dute gaur egingo duten batzarrera.

Publizitatea

Sortu kontua
Oihana Elduaien Uranga

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak