Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea OEITko medikuak "gero eta kezkatuago" daude politikariekin

Publizitatea

Gizartea

Erraustegia

OEITko medikuak "gero eta kezkatuago" daude politikariekin

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) medikuek berriro eskatu diete hitzordu bat Gipuzkoako Diputazioko arduradunei: "Gure eginkizun nagusia da datu zientifikoak politikarien eskuetan jartzea". Salatu dutenez, duela bi hilabete eskatu zieten bilera Markel Olano ahaldun nagusiari eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari eta oraindik ez diete erantzun.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko ordezkariak.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko ordezkariak. Andoni Canellada / Argazki Press

2016-06-09 / Berria

OEITko medikuek kezkaz bizi dute sortzen ari den egoera: "Politikari batzuek edozein astakeria esateko gai direla baieztatzen ari gara, beraien argumentazioa defendatzeko inongo ikerketa sendo eta modernorik aurkeztu gabe".

Hala, politikari batzuek Osakidetzari egozten dioten ikerketa bat oker erabiltzen ari direla azpimarratu dute: "Lan horretan ez da baieztatzen ez dagoela arriskurik, baizik eta erraustegi zaharrak zirela arriskutsuak". Alabaina, Osakidetzak ez baizik eta Osasun Sailak egindako ikerketa horrek fidagarritasun nahikorik ez duela uste dute OEITko kideek. Aldiz, EHUk 2011n Zabalgarbiri buruz egindako txosten baten erabilpen politikoa ere kritikatu dute. "Ikerketa honi buruz hitz egin dutenek irakurria izango balute, jakingo zuten bere 20. orrian hori aurre-ikerketa hutsa dela argi eta garbi adierazten den. Izan ere, Zabalgarbi inguruan minbizi tasak hazten diren ala ez konprobatzeko beste 10 urte beharko liratekeela onartzen da bertan".

Medikuek azpimarratu dute baiezapen bat egin baino lehen ikerketa zientifikoak aztertzen dituztela. "Mediku edota ikerlari zientifiko batek, behin ikerketen emaitzak ezagututa, inoiz ez luke esango erraustegiaren ondoan bizitzeak arriskurik ez duenik, politikari batzuek hain arinki adierazten duten moduan".

Hala, ikerketa zientifikoak aztertzen jarraituko dutela nabarmendu dute. Besteak beste, orain dela gutxi Zabalgarbiren eraginaz publikatu den lan batekin ari direla adierazi dute. Ikerketa horrek dio artseniko kopuru gero eta handiagoa pilatzen ari dela Bizkaiko errauste plantaren inguruan. "Jakina da artsenikoak pertsonen osasunean duen eragina, eta Zabalgarbiko inguruko lur eremuetan hain kopuru handian egoteak pertsonen elikagai-katean sartzeko arriskua oso handia dela esan nahi du".

OEITk eztabaida parametro zientifiko eta arrazionaletara ekartzeko eskatu du. "Agintariak ondorio larriak izan ditzakeen erabaki baten aurrean daude eta, datu zientifikoen argitan, gure ustez, zuhurtasun-printzipioa lehenetsi beharko lukete".

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak kritikatu ditu mediku hauek irrati batean emandako elkarrizketan, "ideologizatuta" daudela esanez.

 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea