Benito Lertxundi

"Beste Ez Dok Amairu bat behar da egun, zerbait apurtzailea"

Mende erdiko "garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea" sarituko diote gaur Benito Lertxundiri. Adarra saria emango dio Donostiako Udalak, eta, ondoren, kontzertu bat egingo du Viktoria Eugenia antzokian (paperean argitaratutako elkarrizketaren bertsio luzea da hau).

Gorka Rubio / Argazki Press

Gorka Erostarbe -

2016ko ekainak 21

Ekitaldia 20:00etan hasiko da. Saria jasotzearekin batera, kontzertua emango du Benito Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1942), Amaiur Caravajillek, David Gorospek, Angel Unzuk, Gurutz Bikuñak, Kutxo Otxoa de Eribek, Pello Ramirezek, Intza Unanuek eta Olatz Zugastik osatutako taldeak lagunduta. 50 urteko ibilia osatua du musikan, baina "inoiz baino gusturago" ari da emanaldietan. Kantu berriak ere sortuak ditu, baina oraindik ez du disko berririk buruan. Bitartean, kantu berri horiek zuzenekoetan aurkeztea gustatzen zaio. "Bizi propioa dute eta euren forma hartuz joaten dira".    

Ohitua behar duzu dagoeneko sarietara. Sabino Arana, EHUko Urrezko Domina, oraingo Adarra hau...

Tira, ohitu egin behar... Gauzak errepikatzen direnean, ohitu egiten gara. Nik uste dut benetako saria dela egiten duguna egin ahal izatea. Eta hori da jende bat hor dagoelako, eta jende hori egiten dudanaren parte sentitzen delako. Hori da saririk handiena.

Adarra saria berri samarra da. Hirugarren urtea baino ez du. Aurrekoetan, Mikel Laboa eta Ruper Ordorika saritu zituzten. Zer diotsute bi izen horiek?

Euskal Herriko bi kantari oso nabarmenak direla, bi estilo desberdinetan nolabaiteko izaera agertu dutenak, eta bat oraindik ere agertzen ari dena.

Egiten duzuna egin ahal izatea da saririk handiena, eta horrexetan harrapatu zaitu sari honek. Sasoiko eta kontzertuak ematen ere bai.

Bai, egia da hori. Urte asko daramatzat musikaren mundu honetan, baina azken urteetan bezain gustura ez naiz inoiz sentitu emanaldietan. Orain ere baditut ezinbestean borrokak neure buruarekin, baina pentsatzen dut beste urte batzuetan bihurrikeria gehiago izan dudala. Gaur ditudan borrokak nahiko naturalak dira. Nola ez dudan lortu buruan nuen hori, edo zer aldatuko nukeen, eta kezka horiek eramaten ditut etxera... baina, hain zuzen ere, horixe da aurrera egiteko motorra ere. Hala ere, inoiz baino hobekiago hartzen diot neurria jendearenganako komunikazioaren erritual horri.

Inoiz baino errazago egiten duzu, hortaz, komunikazioa jendearekin. Hor badira eskola desberdinak. Azkenaldian gurean izan diren bi aipatzearren: Bruce Springsteenek, bere ibilbide osoko kantuak jo ez ezik, publikoari aukera ematen dio kantuak aukeratzeko; Bob Dylanek, aldiz, unean uneko sorkuntzari heltzen dio, eta batere kontzesiorik ez ia. Zein eskolarekin bat egiten duzu?

Bigarrenarekin kokatzen naiz. Bob Dylanen alde asko dira niretzat gustagarriak. Beharbada, haren bizitza partikularrarekin izango nuke dudaren bat, baina ez dut ezagutzen, eta hor konpon! Baina niri, artista muturzikin horiek, kontzesiorik egiten ez dutenak, etorri eta nahi dutena ematen dutenak, eta beren liturgia serio arraio betetzen dutenak, ikaragarri gustatzen zaizkit. Irakurria dut behin Madrilgo antzoki batean kontzertua eman, buruan zuena eman, eta batere bisik gabe alde egin zuela. Jendeak denbora luzez jarraitu omen zuen bisak eskatzen, eta hura ordurako Erretiroko parkean bizikletan zebilen... Niri gustatzen zait jarrera hori. Disko bat ateratzen duen orduko, dendara joaten naiz erostera.

Zuk, ordea, zein jarrera izaten duzu bisak eskatzen dizkizutenean, adibidez?

Nik liturgia bat dut. Kantaldia amaitu, eta agurtu egiten gara. Jendeak eskatzen ditu orduan kantu batzuk, baina eskatu gabe ere berdin egingo nukeen; gitarra hartzen dut, eta ematen ditut bis batzuk. Bospasei jotzen ditut, eta, behin horiek bukatuta, ez naiz berriro itzultzen. Akaso noizbait bai, baina ia inoiz ez. Dylanen jarrera hori gustatzen zait, eta nigan ere halako zerbait badagoela uste dut. 2012koa duzu orain arteko azken lana, Oroimenaren oraina.

Halako sari bat jasotzean, oroimenaren iragana ere agertuko zaizu...

Ezinbestean, guk memoria dugu. Pentsatu egiten dugu, eta artxibo handi bat dago hor. Ez zait asko gustatzen artxibo horietara joatea, batzuetan oso etsigarria delako. Iragana hor dago, baina badakit iragana gezur bat ere badela. Memoriak daukan erreberberazioa da, gezur bat. Sari bat ematen denean, bai, ibilbide bat saritzen da, konforme, baina gizarte batek darabiltzan liturgiak dira, eta, tira, besterik gabe hartzen dut.

Zer geratzen da Orioko erloju denda batean lanean hasi zen 20 urte inguruko Benito gazte harengandik? Gauza asko aldatuko ziren, baina zer da bere horretan mantendu dena?

Orduan gitarra bat hartu nuen, eta orain ere gitarra bat hartzen dut. Gertatzen dena da oharkabean goazela aldatuz; ezinbestean, eskamak botaz goaz. Hori da naturaren nolabaiteko ibilbidea. Niri kantuak ere asko aldatu zaizkit, baina ez propio aldatuta. Berez aldatzen dira. Orain ere ari naiz kantu berriak zuzenean ematen. Beti gustatu izan zait kantuak egin ahala zuzenean ematea. Hiru-lau hilabeteren buruan, etxetik atera baino lehen nuen kantua eta zuzenean ematen dudan hura entzuten dut, eta aldatu zait. Azkenean, pentsatzen dut bizitza propioa dutela kantuek ere, baldintzen arabera hartzen dutela gorputz mota bat edo beste bat.

50 urte igaro dira lehen diskoa kaleratu zenuenetik, eta 50 urte Ez Dok Amairu sortu zenutenetik ere. Askok diote belaunaldi berriek ez dutela haren berririk, eta ezta interesik ere. Asko hitz egiten da azkenaldian transmisioaren faltaz. Zer diozu zuk?

Bistan da Ez Dok Amairu mugimendu interesgarria izan zela. Bizimolde bat zegoen orduan Euskal Herrian; ez zegoen kantari bakarlaririk, eta egoera soziopolitiko berezia genuen; hari nolabaiteko erantzuna ematen hasi zen. Ikusi zen behar hori bazuela herri honek. Bere sei-zazpi urteko ibilaldia egin zuen, eta istilu batzuk zirela medio hautsi zen. Gerora, bakoitzak bere bidea hartu zuen, eta, ez guk esan dugulako, beste batzuek esan dute aro berri baten hasiera markatu zuela; mugarri bat izan zela Ez Dok Amairu. Denbora berri baten nolabaiteko irudia eskaintzen du, eta esan daiteke geroztik, Ez Dok Amairurekin batera, jendea esperientziak egiten hasi zela, idazleak, antzerkia... Eta orduz geroztikako ibilaldi hau guztia, 50 urteko ibili hau guztia da Ez Dok Amairu, azken finean, eta ez sei zazpi urteko hura bakarrik. Beharbada, zaharkitu samarra dago egun; beste Ez Dok Amairu bat behar da, beste modu batekoa. Zerbait apurtzailea...

Badira hori esaten duten musikari eta kantari gazteak ere...

Bai, bai. Ni aspaldi hasi nintzen hori esaten, zerbait apurtzailea gertatu beharrean dagoela... Ez dakit nolakoa, baina beharko litzateke zerbait.

Eta transmisioarena? Behar adina iristen zaie belaunaldi gazteei? Gehiago iritsi behar zaie?

Baina zer da transmititu behar dena, historia? Transmititzen dugu. Ez Dok Amairuko garaian egin ziren kantu batzuk eta hor daude, baina harez geroztik egin genuen ibilbidea askok, e! Eta transmisioa hori da, orduz geroztikako uzta hori guztia da.

Istilu batzuk zirela-eta desegin zen Ez Dok Amairu. Ez da inoiz garbi esaten zer pasatu zen, ordea.

Oso gauza normala izan zelako ez da zehazten, akaso. Oso arrunta, beste edozein leku eta garaitan gertatu izan dena, eta ez du merezi gauza misteriotsu, sakon modura tratatzea ere. Orduan, egoera politiko bat zegoen, eta Ez Dok Amairuk oso protagonismo handia zuen gizartean, oso handia ere. Herria hain zatituta zegoen ideologikoki, eta hasten dira tira hemendik eta tura handik, eta gatazka barruraino sartu zen. Huskeria bat da. Iritzi bat nahikoa da errezeloak sortzeko: “Hau zertan ari da nire markaketan?” pentsatzeko. Urruntze bat egon zen, konfiantza galtze bat, eta bere izaera naturala galdu zuen. Inork ez du kontatu nahi izan ez delako zerbait sakona, edo esatekoa “hemendik ikasi beharko genuke”. Ez dugu ikasten inoiz. 50 urte geroago ere ez dugu ikasi.

Gerora, elkartu izan zaretenean, aipatu izan duzue amaiera hori zuen artean?

Ez dugu interesik izan. Eta beti sumatu izan dut paso egiteko eta bere horretan uzteko gogoa.

Euskal imajinarioan oso txertaturik daude zure kantuetako asko. Zer pentsa ematen dizu?

Egia esan, azken urte hauetan ari naiz ikusten gauza batzuk nahiko fuerteak direnak. Nik ez dut askorik jarraitzen, baina orain Internet dago, eta sare sozialak, eta harrigarria egiten zait ze gauza esaten dituen jendeak. Eta ez Euskal Herrian bakarrik. Australiatik, Mexikotik, Argentinatik, Alemaniatik, Italiatik, Irlandatik... Oso kuriosoa da; inoiz baino gutxiago saltzen dugu, baino inoiz baino ezagunagoak gara. Eta gauza politak ez ezik, gauza harrigarriak esaten dizkizute...

Zer da, adibidez, azkenaldian esan dizutenetik harritu zaituena?

Ez dira bat, ez bi, ez hiru, esan didatenak hiltzeko nire kantu bat aukeratu dutela, berak edo gertuko norbaitek esanda. Imanol Murua zenaren semeak kontatu zion Jon Maia bertsolariari hil zenean, belarrietan kaskoak jarrita zituela eta nire kantua ari zela entzuten. Hondarribiko emakume batek ere bai, eta Deustuko amona batek azkena... eta kontatu izan dit beste zenbaitek ere. Esan izan didate terapia moduan ere erabili izan dutela nire musika, erlaxazio ariketetarako hainbat ikastarotan. Amodio kontuekin ere ikaragarria da kontatzen dituztenak. Oso polita da Lasarten gertatu zitzaiguna. Soinu probak egin eta gero, neska bat etorri, eta kontatu zigun bere gurasoak nire kontzertu batean elkar ezagutu eta maitemindu zirela, eta gero bera amaren sabelean zela beste kontzertu batera joan zirela, eta Lasarteko kontzertu horretara bera ere haurdun zegoela jakin berritan joan zela, sabelean zeramanak ere entzun zezan kontzertua. Halako istorioak ederrak dira. Badirudi baten batek gidoia idazten duela gero zuri kontatzeko, baina gertatu egiten dira halakoak. Ama askok esan izan didate beren haurrek lo hartzeko behar dutela nire musika ere. Haurdun zeudela asko entzuten omen zuten nire musika, eta gerora geratu egiten omen zaie musika hori barrenean, eta lo egiteko beharra... Halakoak izugarriak dira.

Noizbait leku publikoren batean zure kantu bat entzun, eta...

Hori ere gertatu izan zait. Nik disko bat ateratzen dudanean, ez dut gehiago entzun nahi izaten. Eten egin behar izaten dut. Ez dit onik egiten. Oso barrenean dago, eta pentsatzen hasten naiz gauzak
ez daudela ongi eginda eta... Dena akatsa ikusten dut. Baina behin denbora pasatu delarik —batzuetan urteak dira—, orduan badirudi kanpoan nagoela. Orduan, ez ditut ezagutzen kantuak hainbeste, eta une horretan beste edozein entzule bezala naiz. Orduan, beste inpresio bat egiten didate. Gertatu izan zait lekuren batetik pasatu, eta melodia bat entzun eta: «Hara, ze polita hori», baina ez identifikatu, eta, atentzio handiagoarekin erreparatu, eta: «Joño, ni nauk eta!».

Noizbait gertatu zaizu zure kanturen batekin muturtuta egon eta berriro adiskidetzea?

Hori askotan gertatzen da. Batzuetan, zenbait kanturen gatibu gara. Zergatik? Jendeak ezinbestean kantu hori nahi duelako. Nekatua zaude, eta kantatzen ere ahaztu zaizu. Kantu horietako batzuk aspertuta baztertzen ditut, baina, denbora bat pasatu denean, berriro hartu, eta igual gustatu berriz, freskatu egin delako.

Musikari gisa, fase asko igaro dituzu. Protesta kantutik hasi, epikotasunetik igaro, barne mundua arakatu... Garaiok egokiak dirudite berriro ere protesta kantuei heltzeko?

Eta egiten ditut. Oraingo kantuetan ere badago hori, baina gaur egun ez dut protestatzen sistema baten kontra, garai batean egiten genuen bezala. Gaur egun, entzun ditudan zenbait gauza egiten dut, niri topikoak egiten zaizkidanak, edo gure gizarte honetan errotua edo instalatua dagoen hitz egiteko modua, politikoetan eta abar... Ez dakit eufemismoak diren, edo gauza hori behar bezala ulertzen edo ezagutzen ez dutelako jartzen dizkioten beste izen batzuk.

Zertaz zehazkiago esaterik bazenu?

Esaterako, zenbait euskaltzalek euskarari buruz diotenaz. Kontra ez naiz altxatzen, baina komentatu egiten dut. Baldin eta herri menperatu baten baldintzetan ez badago bat konponketa orokor baten atzetik, eta zatia soilik ikusten badu, zati hori euskara izanik ere, jakin behar du euskaraz ere menperatzen dela herria. Azken batean, inperio ideologia euskaraz ere egin liteke. Beti egin izan da, eta egiten da egun ere. Asko egiten da.

Euskaraz ere menperatzaile izan zaitezkeela, alegia?

Izan zaitezkeela ez, badirela. Euskal Herriaren menperatzaile badirela, eta, herria ideologia aldetik behar bezala jantzi gabe dagoelako, euskaraz egiten duten horiek dira inperialismoaren abangoardia, sartzen baitira gure etxeetan, euskaltzale direlako. Hori gertatzen denean, inperialismoak ez du Guardia Zibilik behar, eta ezta poliziarik ere. Konplizeek egiten dute beren lana, lanik kualifikatuena...

Zeinez ari zara zehazki?

Independentzia txarra dela diotenez, baina beraiek independente izanik; bai frantsesak eta baita espainolak ere. Inperialistek besteen begietan ikusten dute lastoa, baina eurenean habe bat izaten dute, eta hura ez: hura sakratua da. Inperialisten diskurtsoa ezaguna da, «nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da» dioena. Nik beti esaten dut: zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta abertzaleagoa etorri naiz bueltan, mundu guztian ikusi ditudalako ni baino askoz ere nazionalistagoak direnak. Inperialistek diote besteon independentzia ez zaigula komeni, baina eurena bai; esaterako, Espainiarena bai. Beren independentzia kolokan balego, jakin nahi nuke nik zer egingo luketen. Eta euskaltzale direnak era badira, eta besteoi identitario deitzen digute. Nahi dutena da guk beren identitatea izatea. Eta ikusten dut herria ez dagoela oso sendo erresistentzia horretan.

Paisaia geografiko eta soinu-paisaia ugari pasatu dira zure ibilbidetik. Bretainia, Zuberoa, Nafarroa, Orio, Mediterraneoa... Azkenaldian, ba al da sorkuntzarako eragin dizun paisaiarik?

Gu munduan gaude, eta, egun diren baliabideekin, ia dena eskura dugu, eta hortik ere jasotzen dugu inspirazioa. Baina geroz eta gehiago konturatzen naiz gauzen bila itsuki gabiltzanean orduan eta gehiago urruntzen garela lorpenetik. Gauza guztiak gertatzen dira gauza horiek gertatzeko baldintza egokiak daudenean. Ni baldintza egokietan ez banago, berdin da ni zeren bila nabilen: ez dut inoiz aurkituko. Aldiz, baldintza egokietan banago, eta adi banago, berak aurkituko nau. Niri, orain, gauza bitxi askoak pasatzen zaizkit. Oraintsu, kantu berri bat egin dut ametsetan entzuna. Paul McCartneyk izan zuen esperientzia berbera. Berak esaten du Yesterday kantua entzun zuela ametsetan, eta hurrengo egunean bere produktore George Martini kantatu omen zion, eta galdetu: “Kantu hau ba al dago munduan?”. Ez zegoen, nonbait. Negu honetan niri pasatu zait. Zein kantu da? Isil-isilik du izena, eta emanaldietan ematen dut, baina ez dago grabatua oraindik. Ni ametsetan nengoen hileta batean, neguko egun hotz erdi elurtsu horietako batean. Ospela zen, iluna. Orioko hilerri zaharra zen. Han nengoen arrantzale zahar batzuekin hizketan, emakume batzuekin. Eliza bete-betea zegoen. Sentitzen nuen ingurukoekiko harremana oso gozoa zela. Asko maite genuen elkar, nabaritzen nuen. Markatu egin nau amets horrek. Horrela gaudela, elizatik kantu bat dator. Eta konturatzen naiz ni naizela kantuan ari dena barruan. Elizara hurbildu, eta ikusi dut jende guztia malkotan dagoela. Eta bitxia da honako hau ere: hori kontatzen ari nintzaion Pako Aristiri telefonoz, eta galdegin zidan: «Hi, norena huen hileta?». Eta bota nion, sano-sano: «Ez zekiat, ba, agian nirea!». Aztoratu zen tipoa: «Beraz, ari haiz kantatzen, entzuten, eta hildakoa hi!». Oso kontent esnatu nintzen goiz hartan, eta buruan abestia nuela. Esango balidate zerua hori dela, ni kontent!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna