telebista

Urrian Itzurunen eta Gaztelugatxen grabatuko dute 'Game of Thrones'

Zumaiako Udalak lan poltsa bat zabalduko du. Bermeoko turismo zinegotziak dio ekoizpen etxeak argi duela ingurune babestua dela.

Zumaiako flyscha
Zumaiako flyscha Jon Urbe

Urtzi Urkizu -

2016ko uztailak 20

Azkeneko asteetan ugariak izan dira zurrumurruak Game of Thrones telesaila Zumaian (Gipuzkoa) grabatuko zuten ala grabatuko ez zuten. HBOk baieztatu du kostaldeko herri horretan grabatuko dituztela zazpigarren denboraldiko eszena batzuk. Ezusteko handiagoa izan da Bermeokoa (Bizkaia), komunikabideetan ez baita aipatu herri hori telesailaren kokaleku gisa.

Zumaian Zelai hotelean prentsaurrekoa eman dute telesailaren grabaketen inguruko xehetasun gehiago emateko. Oier Korta alkateak azaldu du urriaren 26an hasiko direla grabatzen, eta Itzurungo hondartza sei egunez itxiko dute. Bizpahiru aste lehenago hasiko dira lanean, agertokia prestatzeko. Ekoizpenean 400 bat langilek hartuko dute parte, eta abuztuan lan poltsa zabalduko du udalak.

Kortak nabarmendu du grabaketa urrian egiteak ez diola hondartza sasoiari eragingo, eta turismoari eta hostalaritzari on egingo diola uste du.

Bermeoko Udaleko turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak, bestalde, BERRIAri esan dio urriaren amaieran Gaztelugatxen grabatuko dutela telesaila. "Atzo HBOk grabazioetako herriak jakinarazi zituenean, Bermeo mundu osoko komunikabideetan azaldu zen, eta hori garrantzitsua da guretzat. Hala ere, ez dugu turismo masiborik espero", adierazi du Ormaetxeak. Grabazioen epean, egun batzuetan itxi egin beharko dute Gaztelugatxeko Doniane ermitara doan bidea. Bermeoko Udalean ez dakite zehatz-mehatz zer eszena grabatuko dituzten eta grabazioen egunetan zenbat langile beharko diren. "Aurrerago emango dira xehetasunak".

Game of Thrones-en zazpigarren denboraldia azken aurrekoa izango da, eta zazpi atal izango ditu. 2017ko udan estreinatuko dutela iragarri du HBOk ohar batean. Espainiako, Islandiako eta Ipar Irlandako beste agertoki batzuetan ere grabatuko dituzte atal horiek. Zuzendarien artean, bestalde, Mark Mylod, Jeremy Podeswa, Matt Shakman eta Alan Taylor izango dira.

Seigarren denboraldiko atalen eszena batzuetan ageri dira Euskal Herriko irudiak, Nafarroako Bardeakoak hain zuzen ere. Iazko irailean grabatu zuten Bardean telesaila. Apirilaren 24an estreinatu zuten seigarren denboraldia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna