Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika EAJk ez du gehiengo osorik batzen ez PSE-EErekin eta ez PPrekin

Publizitatea

Politika

EAJk ez du gehiengo osorik batzen ez PSE-EErekin eta ez PPrekin

Batetik, bi horietakoren batekin gehiengo osoa izateko aukera galdu du EAJk, eta, bestetik, bi horien abstentzioarekin EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aurrean gehiengo sinplea izateko aukera.
BERRIAk Eusko Legebiltzarreko gehiengoak kalkulatzeko sortu duen tresnan, EAJren eta PSEren botoak batuta. Norbera egin dezake bere kalkuluak, nahi adina aldiz. /

2016-09-30 / Oihana Elduaien Uranga

Azken eserlekua tokiz aldatzeak erabat aldatzen du gehiengoen jokoa Eusko Legebiltzarrean. EAJk alderdi bakarrarekin gauzak adostea nahikoa zuen lehen, baina orain ez: ez PSE-EErekin eta ez PPrekin ez du gehiengorik osatzen; beraz, bi alderdi horietakoren batekin akordioak egitekotan, derrigorrezkoa du beste batekin ere ados jartzea gehiengoa lortzeko.

EAJk, beraz, lehen baino zailxeagoa du nahi duena egitea. Baina horrek badu kontrapuntua ere: akordioak zailak diren gaietan aurrera egin ezinda gelditu daiteke legebiltzarra, gainerako taldeak jeltzaleei kontra egiteko batzen badira. Orain batzuekin eta gero besteekin akordioak egin ditzake, baldin eta ez badu lau urterako akordio bat ixten.

Ikusi gehiengo absolutuak lortzeko aukerak hemen.

Aurreko legealdian ere gehiengorik gabe gobernatu zuen EAJk, baina PSE-EErekin "egonkortasunerako ituna" egin zuen, aurrekontuak-eta aurrera aterako zirela bermatzeko. Orain, gaurko aldaketaren ostean, formula horrek ez dio balio. Bien artean ez dute gehiengorik osatzen.

Baina beste gehiengo batzuk osatzeko aukera eskura dauka EAJk. Adibidez, bera bezala erabakitzeko eskubidearen alde dauden EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin bat egingo balu, 75etik 57 eserleku lituzke. Gehiengo oso handia. Eta bi horiekin banaka ere osatzen ditu gehiengoak.

Lehendakaria aukeratzeko garaian ere eragingo du osatu berri den legebiltzarra koloretsua izateak. Eusko Legebiltzarreko sistema Espainiakoaren desberdina da, eta, beraz, zaila da halako blokeoa sortzea. Aurkezten diren lehendakariei baiezko botoa edo abstentzioa ematen diete legebiltzarkideek, eta babes handiena duena lehendakari izendatzen da.

Aurreikus daiteke Iñigo Urkullu aurkeztuko duela lehendakarigai EAJk. Hura izendatua ez ateratzeko aukera badago, nahiz eta ez dirudien oso erreala: EAJrenak baino legebiltzarkide gehiago batzen dituzten gutxienez beste bi alderdik lehendakarigai bat adostea eta hura babestea. Adibidez, EH Bilduk (18) eta Elkarrekin Podemosek (11). Kasu horretan, Urkulluk PSE-EEren edo PPren abstentzioarekin ez luke nahikoa, eta bietako baten babesa beharko luke, beste lehendakarigaia garaitzeko.

Lau urterako akordioa, nekez

Behin lehendakaria aukeratuta, beste kontu bat izango da gobernu itunarena. Izan ere, kanpainako hitzak eta proposamenak ikusita, ez dirudi erraza izango denik lau urterako balioko duen gobernu akordio bat egitea.

EH Bilduk behin eta berriz esan du EAJ, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu batuko dituen gobernu bat nahi duela. Eta, batuko balira, gehiengo osoa osatuko lukete. Baina ez dirudi jeltzaleek horretarako asmorik dutenik.

Urkulluk BERRIAri emandako elkarrizketan iradoki zuen gaikako akordioekin gobernatu nahiko luketela, azken lau urteetan bezala: "Bizitza politiko aberatsa izan da azken lau urteetakoa, akordioak ez direlako izan itxiak eta osotasunekoak. Eta hori iruditzen zaigu dela bidea aurrera begira". EAJk "egonkortasun ituna" zuen egina PSE-EErekin. "Beste batzuekin ezin izan zutelako" itxi zuten konpromiso hori, Urkulluk esatera, baina ez du argi esan norekin egin nahiko lukeen. Hori bai, jeltzaleak eta Elkarrekin Podemos elkarlanean aritzea zaila ikusten du: "Ez daukat elementurik ezertan aliatu gaitezkeenik esateko".

Hain justu, koalizio hori EAJ gobernutik kanporatzeko helburu nagusiarekin aurkeztu zen kanpainan, harik eta Pili Zabala lehendakarigai aurkeztu eta diskurtsoa leundu zuten arte. EAJ agintetik kentzera datoztenik ez dute errepikatu, baina ezta harekin bat eginda aritzeko asmorik dutenik ere. Eta hainbat gaitan EH Bildurengandik gertuago dagoela pentsa daitekeen arren, ez du bide horretako adierazpenik ere egin kanpainan. Pili Zabala ere gaikako itunen alde dagoela ondoriozta daiteke BERRIAko elkarrizketa irakurrita: "Datorren legealdian lan ikaragarria dugu egiteko. Kontsentsuaren eta ezberdinen arteko itun puntualen akordioa izango da".

Kontua izango da gainerako alderdiek EAJren asmoak aldatzeko zenbaterainoko eragina izan dezaketen. EH Bildu eta Podemos EAJ baino bat gehiago dira elkar hartuta, eta EAJ PSE-EErekin batuz gero, gainditu egiten dituzte.

 

Publizitatea

Sortu kontua
Oihana Elduaien Uranga

Informazio osagarria

Publizitatea