Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Porruak, kuartelen ordez

Publizitatea

Gizartea

Antimiltarismoa

Porruak, kuartelen ordez

Hainbat eragilek deituta, XXVII. martxa egin dute Espainiako armadak Mungian (Bizkaia) duen kuartelaren aurka, 'Bota kuartelie ta erein porrue' lelopean.
Mungiako Soietxe kuartelera egindako martxa, gaur.
Mungiako Soietxe kuartelera egindako martxa, gaur. KEM-MOC

2016-11-12 / Mikel Rodriguez

Espainiako armadak Bizkaian duen instalazio militar handiena da Mungiako Soietxe kuartela. Martxaren deitzaileek aldarrikatu dute kuartelak okupatzen dituen lursailek erabilera sozial bat eduki beharko luketela, "konkretuki porruak ereiteko". Izan ere, kuartela eraiki zuten porruak hazteko baratzeak zeuden lursailen gainean. "Zentzuzkoagoa da Uribe-Butroetik gerra prestatu ordez, Soietxeko lurrak justizia, berdintasuna eta elikadura subiranotasuna lantzeko erabiltzea. Hori adierazteko, nahiago dugu porruak haztea, armak baino". Martxa antolatu duten eragileak izan dira Askapena, Baratzea Gatika, Butroi Bizirik Trantsizioan, Berri Otxoak, Eguzki, Ekologistak Martxan, Ernai, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak.

Jadanik 27 martxa egin dituzte Soietxeko kuartela desagertzea eskatzeko. 11:00tan abiatu dira Mungiako Foruen plazatik kuartelera, eta bazkari herrikoi bat egin dute ondoren, porrusaldarekin. Antolatzaileek salatu dute gaur egun Espainia "hamasei gerratan" parte hartzen ari dela, eta munduko zazpigarren arma esportatzailea dela. "Horrek esan nahi du Siriakoaren moduko gerrak mantentzen laguntzen duela, eta gerra horiek eragiten dute gure mugetara ihes egiten dutenek sufritzen duten egoera onartezina".

Protesta antolatu duten kolektiboek nahi dute kuartelaren lursailak "onura sozialerako" erabiltzea. "Soietxeko instalazioak mantentzeko diru publiko asko xahutzen da, gastu sozialak murritzen diren bitartean".

 

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez

Publizitatea