Gizartea

Sansohetako gertakarien antzekoak beste edozein zentrotan ere jazo daitezkeela esan du Ramiro Gonzalezek

Ustez prostituitutako nerabeen kasua hizpide izan du Arabako diputatu nagusiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ukatu egin du inoiz halako kasurik izan dutela.

Sansohetako zentroa.
Sansohetako zentroa. Juanan Ruiz / Argazki Press

Jon Rejado -

2016ko azaroak 15

Agentzia bidez zabaldu dira gaur eguerdian Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen hainbat hitz adieraziz ez dela komeni "iraganean arakatzea". Izan ere, aditzera eman duenez, orain albistea Araban lehertu bada ere —Sansohetako adingabeen zentroko nerabeak prostituzio sare batean zeuden ikertzen ari dira—, aurretik izan dira adingabeen arretarako zentroetan antzeko gertaerak: "Gipuzkoan, adibidez, edo Burgosen". Geroago, ordea, prentsa ohar bat atera du Arabako Foru Aldundiak adieraziz "interpretazio" okerrak egin direla diputatu nagusiaren hitzen inguruan: "Euskadiko eta estatuko hainbat leku zenbatu besterik ez du egin, argi uzteko halakoak edozein lekutan jazo daitezkeela".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, ukatu egin du, sare sozialak erabiliz, Gipuzkoako adingabeentzako zentroetan inoiz horrelakorik gertatu dela. Gonzalezen hitzen arabera, ordea, Interneterako sarbidea dute nerabeek zentroetan, eskuko telefonoak ere badituzte eskura, eta, horiek horrela, oso zaila da antzeko kasuak guztiz saihestea.

EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok ere hartu du hitza Arabako kasuaz mintzatzeko, eta onartu du Sansohetako zentroaz aparte akaso gehiagotara ere zabal daitekeela auzia.

Sansohetako adingabeentzako zentroko erabiltzaileen prostituzio sarearen ikerketa dela-eta sei pertsona hartu dituzte atxilo. Atzo arte pertsona bakarra zen atxilotua, psikologo kliniko bat. Hala ere, Segurtasun Sailak esan du gaur beste bost pertsona atzeman dituztela, Arabako Foru Aldundiaren legezko zaintzapean dauden adingabeen prostituzioarekin lotura dutetakoan. Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak sekretupean du ikerketa.

Ikertzen ari diren adingabeen prostituzio sarearen lehen zantzuak apirilean gertatu ziren. Hala aitortu zuen atzo Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak. Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroko adingabe batek apirilean salatu zuen prostituitu egiten zutela. Salaketaren berri izan zuten aldundiko adingabeen ataleko teknikariek, Arabako Adingabeen Fiskalak eta Gasteizko Udaltzaingoak. Alabaina, ikerketak ez zuen emaitzarik izan, Gonzalezek gaur goizean jakinarazitakoaren arabera.

Ikerketa martxan dago argitzeko zentroko bost erabiltzaile prostituitu egin ote dituzten. Gonzalezek jakinarazi du espetxeratutako psikologoak ez duela 2015etik lan egiten aldundiarentzat; halaber, esan du Sansohetako langile bat “lanetik aldendu” dutela, adingabeekin izandako elkarrizketan haren izena agertzen zelako.

Salaketaren barruan dauden adingabeek 14 eta 17 urte artean dituzte. Horietako bat iragan apirilean salaketa jarri zuen adingabea da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna