Fidel Castroren heriotza

Dolutan dago Kuba

Euskal Herrian goizaldeko laurak pasatxo zirenean eman dute Fidel Castroren heriotzaren berri; geroztik, mundu osotik heldu dira dolumin eta atsekabe mezuak. Oso bestelako irudia ikusi da, hala ere, Miamiko kaleetan. Han Kubatik ihesi joandako herritarrak kalera irten dira iraultzaren komandante burua izan zenaren heriotza ospatzera.

Fidel Castro, 2012ko argazki batean.
Fidel Castro, 2012ko argazki batean. Alejandro Ernesto / EFE

Berria -

2016ko azaroak 26

*"Kubako herri maitea: min handiz nago hemen gure herriari jakinarazteko, Amerika gurea eta munduko lagunei, gaur, azaroaren 25ean, gaueko 22:29an hil dela Kubako iraultzaren komandante burua, Fidel Castro Ruiz". Hitz horiekin jakinarazi du Raul Castro Kubako presidenteak Fidelen heriotza.

*90 urte bete zituen Castrok abuztuaren 13an. Egun horretan agertu zen azkenengoz jendaurrean.

*'Che Guevararekin batera Kubako iraultzaren ikur izan zen Castro.

Zuzeneko kontakizuna

22:38
2016-11-26

Igandeko BERRIAren azala

BERRIAren igandeko azala.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

19:59
2016-11-26

Mundu osotik iritsi dira gaur elkartasun keinuak Habanara. Argazkian, emakume bat larrosak jartzen, Kubak Txileko Santiagon duen enbaxadaren paretan.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

19:53
2016-11-26

Jose Mujica Uruguaiko presidenteak esan du Fidel Castrok aurkakoak eta aldekoak dituela, baina bere koherentzia nabarmendu du; bere hitzetan "Kixote bat" izan zen: "Pentsatzen zuen moduan bizi izan zen, eta bizi izan zen pentsatzen zuen horretarako", adierazi du. Castro epaitzerakoan bizi izan zuen garaia aztertu behar dela adierazi du, "tamaina horretako pertsonai bat kokatu ahal izateko".

Tabare Vazquez Uruguaiko egungo presidenteak dolu eguna izendatu du biharkoa herrialde horretan, eta bandera masta erdian izango da eraikin publiko guztietan.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

19:17
2016-11-26

Barack Obama AEBetako jarduneko lehendakariak doluminak adierazi dizkie kubatarrei. "Fidel Castroren heriotzaren une honetan, laguntasun esku bat luzatzen diogu Kubako herriari". Ohar bat atera du Obamak: "Historiak epaituko du bere eragina, baina gogor egin dugu lan iragana atzean uzteko", gaineratu du.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

19:11
2016-11-26

Jeremy Corbin Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buruak dolumina adierazi du Castroren heriotzean. "Bere heriotzak historia garaikidearen ikur erraldoi baten agurra dakar, independentzia nazionalaren eta XX. mendeko sozialismoaren agurra". Castroren lorpenak azpimarratu ditu, "osasun eta hezkuntza sistemen eraikuntzatik munduarekiko elkartasunera arte". Gaineratu du Angolari eman zion babesa ezinbestekoa izan zela Hego Afrikan apartheid-arekin amaitzeko. Internazionalista bezala eta justizia sozialaren lortzaile bezala gogoratua izango dela aurreikusi du.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

19:05
2016-11-26

Maradonak ere gogoan izan du Castro gaur. Lagun bat joan zaiola esan du, eta "guztietan jakintsuena" zela gaineratu du. "Da, izan da eta izango da betierekoa". Gaineratu du behin baino gehiagotan jaso zituela aholkuak Castrorengandik, edozein orduetan deitzen zuela politikaz hitz egiteko, edo futbolaz eta beisbolaz. "Berak esan zidan Clinton joatean etorriko zena okerragoa zela, eta Bush izan zen", idatzi du futbolari ohi argentinarrak Facebooken. "Sekula ez zuen hanka sartu. Bakarra zen, handiena".

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

16:55
2016-11-26

Hondurasko presidente ohiak, Manuel Zelaiak, adierazi du "bidegabekerien aurkako inoizko iraultzailerik handiena" izan zela Fidel Castro.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

16:49
2016-11-26

Fidelek "bi aurpegi" zituela ohartarazi du AI Amnesti International giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak. "Osasun zerbitzuek eta hezkuntzak nabarmen egin zuten hobera Iraultzaz geroztik. Ordea, Fidel Castro agintean egon zen tartean etengabe urratu zen adierazpen askatasunerako eskubidea".

Erakundearen iritziz, azken urteetan gutxitu egin da jazarpena, baina oraindik ere Estatuak "kontrol handia du" herritarren bizitzan.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

16:33
2016-11-26

Obama: "Badakigu uneotan kubatarrak —Kuban eta AEBetan— hunkituta daudela eta gogoan dutela Fidel Castrok euren bizimodua, familiarena eta Kubako nazio osoarena aldatu zuen unea. Historiak epaituko du pertsona bakar hark Kubako herrian eta mundu osoan izan zuen eragina".

16:26
2016-11-26

AEBak Kubako herriaren "lagun eta kide" direla nabarmendu du AEBetako presidente Barack Obamak eta doluminak helarazi dizkie herritarrei Fidelen heriotza dela eta.

Urte luzez elkarren etsai izaki, AEBek eta Kubak 2014an erabaki zuten aro berri bat hastea.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

15:41
2016-11-26

Bilboko Otxarkoaga auzoan ere Fidel Castroren omenezko ekitaldia antolatu dute. Bihar egingo dute 13:30ean, Kepa Enbeita plazan.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

15:01
2016-11-26

"Latinoamerikar guztien artean handiena" hil dela nabarmendu du Brasilgo presidente ohi Luiz Inacio Da Silva 'Lula'k. "Fidel borrokaren eta itxaropenaren ahotsa izan da beti gure kontinenteko herrientzat, langile pobreenentzat eta batez ere nire belaunaldiko jendearentzat".

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

14:47
2016-11-26

Donald Trump AEBetako presidente hautatuaren mezua; motza, baina esanguratsua:


Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

13:59
2016-11-26

Fidel Castroren heriotza dela eta, kontzentrazioa egingo dute gaur iluntzeko 20:15ean Bilboko Arriaga plazan. Euskadi-Cuba plataformak deitu du elkarretaratzea.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

13:53
2016-11-26

"Handietako bat joan zaigu" esanez agurtu du Castro FARCeko buru Rodrigo Londoño Echeverri Timochenkok.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

13:49
2016-11-26

Horrela iragarri du Raul Castrok anaiaren heriotza:

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

12:55
2016-11-26

Kubako Estatu Kontseiluak iragarri du datozen bederatzi egunetan bertan behera geratuko direla Fidel Castroren omenaldia ez beste ekitaldi guztiak. Herritarrek Castrori azken agurra emateko aukera izango dute astelehena eta asteartean bitartean; egun horretan, arratsaldeko 19:00etan ekitaldi berezia egingo dute Iraultzaren Plazan.

Buruzagi historikoaren errautsak Habanatik Santiagora eramango dituzte, 1959ko urtarrilean Askatasunaren Karabanak egin zuen bide bera jarraituz. Han omenaldi jendetsua egingo diote ostiralean, eta hurrengo egunean lurperatuko dute Santa Ifigeniako hilerrian.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

11:43
2016-11-26

Kubako Alderdi Komunistaren 'Granma' aldizkariak omenaldia egin dio Fidel Castrori; "Irabazi arte beti" dio titular nagusiak.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

11:19
2016-11-26

Bederatzi eguneko dolu aldia ezarri du Kubako Gobernuak Fidel Castroren heriotza dela eta, astelehenean hango goizeko seietan hasiko da eta abenduaren 4an eguerdiko hamabietan amaitu. Azken egun horretan lurperatuko dituzte Castroren errautsak Santa Efigeniako hilerrian. Han dago lurperatuta Jose Marti bruzagi historikoa ere.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

10:53
2016-11-26

Hotzago hitz egin du François Hollande Frantziako presidenteak. "Gerra Hotzeko ikur" gisa deskribatu du estatuburu ohia Hollandek: "Beste garai batekoa zen, Sobiet Batasuna desagertu zen garaikoa". Hollande izan zen, 1898tik, Kubara bisita ofizialean joan zen Frantziako lehen estatuburua. Iaz egin zuen bidaia.

Antzeko hitzak erabili ditu Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyk ere: "Nire doluminak helarazi nahi dizkiot Kubako Gobernuari eta agintariei Fidel Castro presidente ohiaren heriotzagatik, garrantzia historikoko ikur bat".

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

10:25
2016-11-26

AEBen blokeoaren urterik gogorrenetan Castrok agertutako indarra nabarmendu du Sobiet Batasuneko buruzagi ohi Mikhail Gorbachevek. "XX. mendean zehar Fidelek lan egin zuen sistema koloniala amaitzeko, elkarlanerako bideak hasi zituen, eta blokeoaren urterik gogorrenetan sendo egin zion aurre presioari. Lagun egin ginen eta lagun izaten jarraitu dugu azkenera arte".

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

09:52
2016-11-26

Fidel Castroren gorpua erraustu egingo dute. Hala jakinarazi du Raul Castro presidenteak. Gaur bertan jakinaraziko dute noiz eta non egingo dioten azken agurra.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

09:43
2016-11-26

Ez da dena atsekabdea, ordea. Miamin bizi diren kubatar iheslari askok pozez hartu dute Fidel Castroren heriotza. Asko izan dira kalera atera direnak heriotza ospatzera.

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

09:33
2016-11-26

Doluminak bidali dizkio Kubako herriari El Salvadorreko presidente Salvador Sanchezek: "Fidel beti izango da bizirik justizia, duintasuna eta anaitasunaren alde borrokatzen garen herrien bihotzetan".

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

09:30
2016-11-26

Mexikoko presidente Enrique Peña Nieto atsekabetuta "XX. mendeko erreferente baten" heriotza dela eta: "Mexikoren lagun izan zen, eta errespetuan, elkarrizketan eta elkartasunean oinarritutako harremana bultzatu zuen".

Arantxa Elizegi

Arantxa Elizegi

08:53
2016-11-26

Nicolas Madurok elkartasuna adierazi dio Kubako herriari. "Oraintxe hitz egin dut Raul Castro presidentearekin nire elkartasuna eta maitasuna adierazteko Kubako herriari Fidel Castro komandantearen agurrean". Ondoren beste txio batean Kubako iraultzako hainbat argazki ipini ditu Twitterren Madurok. "Munduko iraultzaile guztiei berak utzitakoarekin jarraitzea dagokigu", idatzi du gero beste txio batean.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

08:48
2016-11-26

Fidel eta Che

Sierra Maestran hartu zuten babes iraultzaileek Granma itsasontzian Kubara iritsi ostean. Argazkian, Fidel Castro eta Erneto Guevara Che oihanean.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

08:39
2016-11-26

90 urte, abuztuaren 13an

90 urte bete zituen Fidel Castrok abuztuaren 13an. Jendaurrean bere urtebetetze egunean agertu zen azken aldiz, Raul anaia eta Maduro Venezuelako presidentea ondoan zituela. Bere azken argazkia azaroaren 15ekoa da, Vietnamgo presidente etxean hartu zuenekoa.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

08:29
2016-11-26

Abuztuaren 13an bete zituen Fidel Castrok 90 urte. Handik egun gutxira Evo Moralesek bisitatu zuen Habanan. Ohikoa zuen Castrok nazioarteko agintariak hartzea etxean. "90 urte eta bi egunekin, Fidel beti bezain argi. Bere kezka eta gogoeta: elikagaiak bizitzarako planetan".

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

08:07
2016-11-26

Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak ere Twitterren adierazi du bere atsekabea. Kubako iraultzaren burua XX. mendeko ikurretako bat zela azpimarratu du. "Fidel Castro Mexikoren laguna zen, errespetuan, elkarrizketan eta elkartasunean oinarritutako biren arteko harreman baten bultzatzaile", gaineratu du beste txio batean.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

07:58
2016-11-26

Hasi dira nazioarteko agintarien erreakzioak. Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak Twitterren esan du Castro "handia" zela eta "Gora Kuba" eta "Gora Latinoamerika" oihuak zabaldu ditu jarraian.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna