Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Finantzaketa esparru egonkorra eskatu du Goirizelaiak hezkuntza eta ikerketarako

Publizitatea

Gizartea

Unibertsitatea

Finantzaketa esparru egonkorra eskatu du Goirizelaiak hezkuntza eta ikerketarako

Errektoretzan igaro dituen bi agintaldiak errepasatu ditu kazetariekin egindako gosari batean. Balantze baikorra egin du. Esan du Bolognara egokitzea eta krisiari aurre egitea izan direla agintaldietako bakoitzaren erronkak. Ikerketa zaintzeko beharraz ohartarazi du.
Iñaki Goirizelaia EHUko jarduneko errektorearen agerraldia.
Iñaki Goirizelaia EHUko jarduneko errektorearen agerraldia. / Argazki Press

2016-12-23 / Ibai Maruri Bilbao

Unibertsitate bikaina gara". Modu horretan laburbildu du Iñaki Goirizelaia EHUko jarduneko errektoreak hurrengoari Nekane Balluerkaren taldeari utziko dion Euskal Herriko Unibertsitatea. Bereziki Shangaiko rankinean sartzea lortu izana goraipatu du. Baina ohartarazi du oraindik asko dagoela egiteko, eta bereziki hezkuntza eta ikerketa zaintzeko eskatu die agintariei: "Gaur egun, Euskal Herriko lehengai bakarrak hezkuntza eta ikerketa dira, eta hala izango dira etorkizunean ere. Hezkuntza eta ikerketa dira kalitatea bermatzen duten lehengai bakarrak. Horregatik, hezkuntzak eta ikerketak gure gobernuaren eta legebiltzarraren lehentasuna izan behar dute". Finantzaketa esparru egonkorra eskatu du.

Europako unibertsitate esparrura egokitzeko prozesua izan zen lehen agintaldiko erronka. Burokrazia ekarri zuen arren, pozik dago egindako moduarekin. "Eztabaida luzeak egon ziren. Humanitateak desagertuko zirela leporatzen ziguten. Baina ez dira desagertu, eta indartu egin ditugu". Bolognak eskatutako metodologia aldaketari emandako erantzunaz ere harro agertu da; IKD irakaskuntza kooperatibo eta dinamikoa ipini zuten martxan. Ikerkuntza arloan, berriz, maparekin errealitatea ezagutu zuten, eta estrategiarekin erronkak finkatu. Azpiegiturak zaharberritzen hasi zirela ere gogoratu du.

Bigarren agintaldian krisiagatik nahi baino gutxiago egin dutela aitortu du. Ezohiko finantzaketarik behar ez zuten proiektuak egiten ahalegindu direla esan du: ikastegien berrantolaketa, Bordeleko Unibertsitatearekin sortutako Euroeskualdeko campusa eta irakaskuntza eskaintza hobetu. Baina San Mamesko ikerketa poloa eta Basurtuko Medikuntza fakultatea egiteke geratu dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak onartutako azken bi unibertsitate planekin arazoak izan dituzte. Lehenengoa ezin izan zuen bete gobernuak, krisiagatik. Eta bigarrena Goirizelaiak nahi baino murritzagoa izan da. Hala ere, onartu du egoera ekonomikoak ez duela beste irtenbiderik utzi.

 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea