Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Prest da Korrikaren ibilbidea

Publizitatea

Gizartea

20. Korrika

Prest da Korrikaren ibilbidea

Otxandion abiatuko da martxoaren 30ean, ostegunarekin, eta Gasteiz aldera joko du. Apirilaren 2an izango da Baionan; Donostian, 4an; Bilbon, 6an; eta Iruñean amaituko da apirilaren 9an. 'Batzuk' leloa izango du aurtengoak.
Korrikaren aurtengo ibilbidea. /

2017-01-09 / Garikoitz Goikoetxea

Aurtengo Korrikak 2.535 kilometroko ibilbidea izango du, Otxandio (Bizkaia) eta Iruñea artean. Batzuk leloa hautatu dute aurten; bat eta zuk hitzak elkartuta, euskarara batzeko deia egin dute. Hizkuntzen arteko berdintasuna ere aldarrikatuko dute. «Justizia kontua da: hizkuntza gutxitu baten iraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa».

Hona hemen Korrikak egingo duen ibilbidea:

Martxoak 30, osteguna. Otxandiotik abiatuko da 20. Korrika, 17:00etan, eta Gasteiz aldera joko du. 19:00 bueltan sartuko da Arabako hiruburuan; 21:00 aldera erdialdean izango da.

Martxoak 31, ostirala. Gasteiztik Trebiñura joko du (01:30ean Trebiñun), eta Nafarroa aldera hartuko dute handik. Goizean Lizarran izango da Korrika (09:18), eta eguerdian, Garesen (11:59). Arratsaldean Erriberara joko du: Lodosa, Carcar, San Adrian...

Apirilak 1, larunbata. Goizaldea Erriberan egingo du (Tuteran, 03:48an), eta iparraldera hasiko da (Tafallan, 12:02an). Ekialdera egingo du arratsaldean (Zangozan, 16:54an; Irunberrin, 18:38an); gero, berriz, pixkanaka Nafarroa Behererantz.

Apirilak 2, igandea. Gaua mendi artean egingo du Korrikak (Izaban eta Otsagabian, besteak beste), eta Donibane Garazira 10:55ean da iristekoa. Lapurdira joko du handik: Baionan espero dute 17:24an; haren segidan igaroko ditu, besteak beste, Angelu (18:25) eta Miarritze (19:04).

Apirilak 3, astelehena. Zuberoa alderantz egingo du Korrikak, eta Maulera 09:55ean da ailegatzekoa. Nafarroara joko du handik: Baigorritik 16:35ean pasatuko da, eta Elizondon izango da iluntzean, 19:19an. Doneztebetik barrena (20:54), Iruñerrirantz hartuko du.

Apirilak 4, asteartea. Goizaldean helduko da Irurtzunera (03:14), baina ez du Iruñerrirantz segituko; Gipuzkoarako bidea hasiko du Lekunberritik barrena (05:01). Betelutik eta Lizartzatik pasatuta, Tolosan izango da goizean, 07:47an. Beterrira joko du handik (Hernanin, 11:04an), eta Bidasoarantz gero (Errenterian, 12:11n; Irunen, 13:59an). Hendaiatik buelta eginda, arratsaldean sartuko da Donostian, 18:45ean; 21:30 izango dira erdialdera iristerako.

Apirilak 5, asteazkena. Urola Kostan emango du gaua (Zarautzen, 01:30ean), eta Bizkai alderantz hartuko du: Ondarroan izango da 10:20an. Lea Artibain eta Busturialdean izango da egun horretan: Lekeition, 14:15ean; Gernika-Lumon, 17:30ean; eta Bermeon, 19:39an. Mungiara 22:00etan helduko da.

Apirilak 6, osteguna. Ezkerraldera iritsiko da Korrika: Barakaldon izango da 05:00etarako, eta eskualdeko herriak pasatuko ditu goizean, baita Meatzaldea ere. Arratsaldean izango da hiriburuan, Bilbon: 16:52an sartuko da, eta arratsalde osoa egingo du han. Txorierrirantz aterako da ondoren.

Apirilak 7, ostirala. Hegoalderako bidea hartuko du: Arratia pasatuta (Igorren, 01:19an), Arabara sartuko da goizean (Amurrion, 08:52an). Berriro Bizkaian izango da arratsalderako: Laudiotik (12:45) Arrigorriagarantz joko du. Durangaldera arratsaldean heltzekoa da (18:46an Durangon), eta Gipuzkoa aldera jarraituko du: Eibarren izango da 22:43an.

Apirilak 8, larunbata. Bergaratik (00:22) eta Zumarragatik (02:09) pasatuta, Goierrin izango da Korrika goizaldean: Beasainera 02:58an da sartzekoa. Alegiaraino jarraituko du aurrera, eta handik Larraitzera joko du. Goierrira bueltatuko da Zaldibiatik, eta Oñatira joko du gero (11:54); Arrasaten 12:50ean izango da. Arabarantz pasatuko da berriro handik: Agurainen izango da 19:46an. Iruñerako bidea hartuko du orduan: Altsasun izango da 23:00etarako.

Apirilak 9, igandea. Sakanan emango du goizaldea, eta goizean goiz iritsiko da Iruñerrira: 05:37an Barañainen izango da. Iruñean eta inguruko herrietan sartu-irtenean ibiliko da goizean; Iruñeko alde zaharretik, adibidez, 10:30 aldera igaroko da. Amaiera 12:30ean izango da, Sarasate pasealekuan.

 

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria

Publizitatea