Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Mendizabalek hiru urteko zigorra du Elizan, eta fiskala ere ikertzen hasi da

Publizitatea

Gizartea

Sexu abusuak

Mendizabalek hiru urteko zigorra du Elizan, eta fiskala ere ikertzen hasi da

Bi adingabek abusuak pairatu zituztela baieztatuta, Juan Kruz Mendizabal apaizarekin lotutako beste kasu bat ikertzen ari da Eliza. Fiskaltzak ikerketa hasi du ofizioz, eta informazioa eskatu dio gotzainari.
Juan Kruz Mendizabal Jose Ignacio Munilla gotzainarekin, artxiboko irudi batean. /
Juan Kruz Mendizabal Jose Ignacio Munilla gotzainarekin, artxiboko irudi batean. / Juanan Ruiz, Argazki Press

2017-01-12 / Garikoitz Goikoetxea

Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu egin dute Elizako barne prozedura batean, adingabeei sexu abusuak egiteagatik. Donostiako Elizbarrutiak jakinarazi duenez, 2001ean eta 2005ean gertatu ziren abusu horiek, Mendizabal Donostiako Parte Zaharreko San Bizente parrokian apaiz zenean: bi mutili «ukitze desegokiak» egin zizkien, gotzaindegiak berak «egiaztatu» duenez. Mendizabalek berak gertaerak aitortu dituela esan du elizbarrutiak, eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak dakarren zigorra eta «beste administrazio eta diziplina neurri batzuk» ezarri dizkiote apaizari. Erabakia «irmoa eta behin betikoa» dela adierazi du elizbarrutiak. Era berean, salatzaileei jakinarazi die auzitegietako alor zibilera jo dezaketela, delituak preskribatuta dauden arren.

Auziaren berri jakin ostean, fiskaltzak jakinarazi du bikario ohiaren auzia ikertzeari ekingo diola. Diligentziak abiatuko ditu, eta, gero, ikerketan ikusitakoaren arabera erabakiko du haren kontrako salaketarik jarri edo ez. Hala jakinarazi dio ministerio publikoak Eferi. Gainera, gaur jakin da hirugarren kasu bat ikertzen ari dela Eliza bera, eta Euskal Herrira sartzeko debekua jarri diotela Mendizabali.

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak 2016ko martxoan izan zuen salaketen berri, eta hilabete geroago egotzi zuen Mendizabal bere arduretatik; Gipuzkoako bikario nagusi zen, garai hartan, Mendizabal. Elizbarrutiak «mina eta lotsa» adierazi du abusuengatik; «barkamena» eskatu du, eta halakorik berriro ez gertatzeko «konpromisoa» azaldu du.

Halaber, «gertutasuna» agertu die biktimei, baina Mendizabali berari ere bai: «Egindakoengatik bere barruko damua agertu ondoren eta aipatutako erabakia apaiz espirituz onartu ondoren, gertatutakoaren ordainean lagunduz, une honetan prozesu terapeutiko psikologiko eta espirituala egiten ari da».

Nolanahi ere, Donostiako Elizbarrutiak gertatutakoen berri eman du, sexu abusu haiengatik kaltetutakoen ordezkariek auzia publikoki jakinarazteko asmoa hartu dutelako. Efe albiste agentziara mezu bat igorri diote, eta, haren arabera, biktimek kontatu dute Xirimiri Gazte Taldea aisialdi elkarteko kide zirela gertatu zirela abusuak. Elkarte horretako arduraduna zen Mendizabal.

Elizak berak esan zien justizia arruntera jotzeko aukera bazutela, baina aholkatu zien, era berean, Elizaren barruko prozedura bati jarraitzea. Beren borondatez onartu zuten biktimek bide hori, «auzia bakana zelakoan, eta ahalik eta zuhurtasun handienarekin» aritzeagatik.

Salatzera animatu dute

Biktimek nabarmendu dute Elizaren eta Munilla gotzainaren tratua eta arreta oso egokiak izan direla. Baina esplikatu dute entzun dutela eurenaz gain beste sexu abusuren bat ere gertatu zela garai hartan. «Horregatik, erabaki dugu gertakarien egia argitara ateratzea». Sexu eraso gehiago gertatu balira, beraz, salatzera animatu dituzte haiek jasan zituztenak: «Gu asko lagundu gaitu gertatuak salatzeko urratsa egin izanak, eta pentsatzen dugu beste batzuentzat ere lagungarri izango dela».

Sei urteko zigorra, Iruñean

Nafarroako Lurralde Epaitegiak sei urteko espetxe zigorra jarri dio 37 urteko gizonezko bati, Iruñean bere bikotekidearen alabari sexu abusuak egiteagatik. 2015ean eta 2016an gertatu ziren delituak, biktimak 14 eta 15 urte zituenean. Lehendabizikoan, ukituak egin zizkion; bigarrenean, berriz, bortxatzen saiatu zen, adingabea lotan zegoela. Urte bateko eta bost urteko zigorrak jarri dizkiote delituongatik; 2016ko erasoan gizona alkohola edanda zegoela eta, aringarri bat ezarri diote. Biktimarengana gerturatzea ere debekatu diote.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak