Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro "Dotorea" dator aurtengo sagardoa

Publizitatea

Bizigiro

Txotx irekiera

"Dotorea" dator aurtengo sagardoa

2017ko txotx garaia atzo hasi zuten Astigarragako Zapiain sagardotegian. Eneko Atxa sukaldaria izan zen uzta berriko sagardoari tragoa ematen lehena. Lehorteak direla-eta produkzioa "irregularra izan den arren", kalitate aldetik gustura agertu dira sagardogileak. Bideoa: Txotx garaiaren irekiera (Lara Madinabeitia / BerriaTB).

2017-01-12 / Julen Aperribai

Sagardo erreserbak ahal beste bete dituzte sagardotegiek, eta bakarren batzuetan lehen otorduetako jende erreserbak ere hasiak dira betetzen. Aurretiko lanak eginda, Astigarragan (Gipuzkoa) atzo hasi zuten sagardo garaia. Eguerdian, 13:30 pasatxo zirenean, Eneko Atxa sukaldaria izan zen sagardo berria dastatzen lehena, Zapiain sagardotegian. Sagardogileak alde batean eta une errepikaezina angelu onenetik harrapatzeko elkarren etengabeko oztopoan zebiltzan kamerariak bestean zituela, «gure sagardo berria» hitz klasikoak esan ondoren eman zion tragoa edariari; ez aurretik bertsolarien jardun laburra adi entzun gabe. «Orain eta denboraldia bukatu bitarte, beste legerik ez da, edan ase arte», bota zuen Jon Maiak, askok buruan zerabilten desira bere eginez.

Dantzariek gidatuta eta sagardogileei eskutik helduta, sokadantzan iritsi zen Atxa Zapiaineko upel artera. Berez, estua den pasabidea are gehiago estutu zuten han bilduta zeuden kazetarien tripodeek eta kamerek. Bbi dantzari gazteek, hala ere, metro kuadro gutxi behar izan zituzten, sukaldariaren aurrean dantzatuz irekiera ekitaldiari hasiera emteko eta zeremonia abiatzeko. Atxak lehenengo tragoa egin zuenean, azkar osatu zen upelaren aurrean ilara, guztiak ere mugimendu bera errepikatuz. Sagardoa dastatzeko ez ezik, Atxari adierazpenak hartzeko ere egin zen ilara kazetarien artean. Hala, hasierako antolamendu ordenatua desegin egin zen sagardotegian. Sagardotegiko ohiko giroa gailendu zen pixkanaka. Basoa eskuan, elkarrekin berriketan ari ziren hainbat. Egarria kenduta, sagardotegiko menua jan zuten, ondoren, han zirenek.

Urteroko zeremonia kasik erlijiosoa Zapiainen bukatu zen, baina ez zen han hasi. Hara joan aurretik, sagarrondo bat landatu zuen Atxak Sagardoetxeko sagastian, hainbat instituzioetako ordezkariz inguraturik. Eguraldia goibel izanagatik ere, momentuko aterrunea aprobetxatu ahal izan zuten. Hain zuzen ere, euriari abestu zion Maiak: «Gaur botatako euri guztia sagardo bihur dadila». Hala, sukaldariak bere marka utzi zuen sagarraren lurraldea esaten dioten hartan. Hura zen atzoko arreta gune nagusia, eta eroso ageri zen jendaurrean. Edonola ere, protagonismo osoa ez zuen berak hartu nahi izan, eta gogoan izan zuen sagardogileen lana, hitza hartzean: «Ekoizleen bozeramailea baino ez naiz. Eurei laguntzeko eta hainbeste gustatzen zaidan sagardoaren kultura goraipatzeko eguna da gaurkoa».

Dotorezia, ezaugarri

Hitz txarrik ez zen espero sagardo berriaren inguruan; haatik, pentsatzekoa zen euri falta dela eta uda lehorra joan dela-eta uzta berria ez zela bete-betekoa izango. Joxe Angel Goñi Sagardun partzuergoko lehendakariak onartu zuenez, sagardoa geroago heldu da aurten, eta aurreko urteetan baino geroago bildu dute sagarra.

Ezaugarriei dagokienez, sagardoa «dotorea» dela adierazi zuen Goñik; baita «gorputz handikoa, aromatikoa eta basoan txinparta asko ateratzen dituena» ere. Kosta egin zitzaion, hala ere, sagardo guztiak parekatzea, «produkzioa irregularra» izan baita: «Sagardogile batzuk litro asko ekoitzi dituzte, eta beste batzuk oso gutxi». Aurreko urtekoaren bueltan ibili da kantitate orokorra, hala ere, Goñiren arabera.

Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia sustapenerako foru diputatuak esan zuen zenbat sagardo ekoitzi den: ia hamabi milioi litro. Pozik agertu zen Aizpuru, eta «sektorearentzat ospakizun eguna» dela adierazi zuen. Kantitatean ez, kalitatean jarri zuen fokua, eta sektoreak kalitatearen aldeko apustua egina duela nabarmendu zuen; adibidetzat, Euskal Sagardoa jatorri izena jarri zuen, astelehenean Donostian aurkeztu dutena. Bittor Orozek ere arlo horretan egindako aurrerapausoak izan zituen mintzagai; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea bera, instituzioak eta sagardogileak elkarrekin lan eginez bide onetik doazela esan zuen: «Guztiok helburu berarekin ari gara lanean». Goñik, berriz, ekoitzitako sagardoaren %40 inguru hemengo sagarrekin eginda dagoela azaldu zuen, nahiz eta onartu duen produkzioan izandako desberdintasunak direla medio %30 eta %20 inguruan ibili direnak ere badirela. Sagardoak Astigarragako eta inguruetako turismoan duen eragina ere azpimarratu zuten.