Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Bake Bideak, EH Bilduk eta LABek ere deitu dute Sareren martxara

Publizitatea

Politika

Euskal presoak

Bake Bideak, EH Bilduk eta LABek ere deitu dute Sareren martxara

Euskal presoen sakabanaketa salatu dute Sakanako (Nafarroa) udalek ere, eta bat egin dute larunbatean Bilbon egitekoa den manifestazioarekin. LABek giza katea antolatu du ostiralerako, Iruñean.
EH Bilduko ordezkariak, gaur, Gasteizen.
EH Bilduko ordezkariak, gaur, Gasteizen. Raul Bogajo / Argazki Press

2017-01-11 / Hodei Iruretagoiena

Eragile ugari ari dira babesa ematen Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean antolatutako mobilizazioari. Bake Bideak, esaterako, nabarmendu du "jendare zibilaren mobilizazio azkar batek" Espainiako eta Frantziako gobernuan jarrera alda dezakeela: "Presoen eskubideen errespetua, eta harago, beren askatzea, euskal gatazka armatuaren konponbidearen gakoetarik bat delako".

EH Bilduko parlamentari Maddalen Iriartek eta Bakartxo Ruizek salatu dute "bahitu politiko" gisa dituztela euskal presoak, eta "salbuespenezkoa eta krudela" dela espetxe politika. "Inmobilismoa gainditzeko palankak aktibatu behar dira arlo politikoan, instituzioetan eta kalean".

"Giza eskubideen ikuspegitik ere konpondu beharreko kontua da presoena, batez ere, gaixorik daudena", adierazi du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Sarek larunbaterako antolatutako manifestaziora deitzeaz gain, bezperan giza kate bat egingo dutela ere iragarri dute. Iruñeko Sarasate pasealekuan izango da, 11:00etan, "Euskal presoak kalera ekarri behar ditugu" lelopean.

Podemosek, bestalde, espetxe eskumena EAEra aldatzeko eskatu du Espainiako Kongresuan, legez besteko proposamen batean. "Giza eskubideak defendatzeak esan nahi du horien edozein urraketa baztertzea", azaldu du Nagua Alba diputatuak.

Sakanako udalen salaketa

Sakanako eskualdeko udalek, bestalde, sakabanaketa politika "oinarrizko eskubideen urraketa larria" eta "zigor erantsia" dela salatu dute Iruñean aurkeztutako ohar batean. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariari, Auzitegi Nazionalari, Frantziako Justizia Ministerioari eta Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikdetzako zuzendariari helarazi diete adostutako testua.

Amnistiaren aldeko manifestazioa Bilbon, hilaren 14an

AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak, aldiz, beste manifestazio bat antolatu du urtarrilaren 14rako. Bilbon bertan egingo dute, 20:00etan, Etxebarrieta anaien plazan hasita.

AEM "preso politikoen bizi baldintzak hobetzera bideratutako dinamiken aldekoa" dela azaldu dute, "betiere, horiek gure azken helburutik, amnistiaren gauzapenetik arreta desbideratzeko edota konponbide integral baten bidetik ateratzeko erabiltzen ez badira".

Azken urteetan, Bilboko urteroko manifestazioa "eduki politikoa galtzen" ari dela kritikatu dute: "Errepresaliatu guztien zein gure herriaren askatasuna lortu ordez, sisteman integratzera eta etsaiaren arauen araberako sasi-konponbidea gauzatzera bideratutako mobilizazioekin ados ez gaudelako, urtero bezala amnistiaren aldeko urtarrileko manifestazioa sustatzen jarraitzeko helburua daukagu".

 

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena

Informazio osagarria

Publizitatea