Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Solanak onartu du Felipe Gonzalezen gobernua Guardia Zibilaren hilketa bat estaltzen saiatu zela

Publizitatea

Politika

Politika

Solanak onartu du Felipe Gonzalezen gobernua Guardia Zibilaren hilketa bat estaltzen saiatu zela

Javier Solanak mahai inguru batean esan du Felipe Gonzalezen Gobernuko bozeramaile zenean El País-i eskatu ziola ez publikatzeko Guardia Zibilak lepoaren atzeko aldean tiro eginda hil zuela ETAko kide bat.
Solana, atzo. /
Solana, atzo. / Javier Lizon, Efe

2017-01-11 / Oihana Elduaien Uranga

Jende aurrean, kazetaritzaren eta botorearen arteko harremanei buruz ari zela, lasai-lasai aitortu du Javier Solanak Felipe Gonzalezen Gobernuko bozeramaile zen garaian orduko El País egunkariko zuzendari Juan Luis Cebriani eskatu ziola ez zezala argitaratu Guardia Zibilak lepoaren atzealdean jotako tiroarekin hil zuela ETAko kide bat. Egunkariak, ez zion jaramonik egin, eta horrek, bien arteko laguntasuna denbora batez apurtzea ekarri zuen.

Solanak berak kontatu zuen atzo, Club siglo XXIn Cebrianen Primera página. Vida de un periodista (Debate) liburuaren aurkezpenean. Orain PRISAko eta El País-eko lehendakaria da Cebrian. Solana bera izan zuen gidari mahai inguruak, eta El País-ek berak jaso du gobernu bozeramaile ohiak kontatutakoa. Guardia Zibilaren bi tiro jasota hil zen ETAko kide hori, Solanaren arabera, eta tiro horietako bat "lepoaren atzeko aldean" eman ziotela ez argitaratzeko eskatu zion Cebriani.

Solanak ez zuen esan zein etakideri buruz ari zen. 1985etik 1988ra bitartean izan zen Solana Felipe Gonzalezen gobernuko bozeramaile. Garai hortan hil zuten, besteak beste Lucia Urigoitia. 1987ko uztailaren 23ko goizaldean hil zuen Guardia Zibilak Lucia Urigoitia, bi tiro emanda. Haietako bat "lepoaren atzeko aldean" eman zioten, "ia azala ukituz". El País-ek eman zuen hurrengo egunean autopsiaren emaitzen berri. Auzia argitzeko dago.

Gonzalezek berak ere onartu izan du gobernuan zeuden garaian ez zutela ondo jokatu. SER irrati katean irailean egin zioten elkarrizketa batean, esate baterako, honako hitzak egin zituen: "Sekula ez dugu hain emaitza txarrik izan EAEn, egin genituenak egin arren".

Publizitatea

Sortu kontua
Oihana Elduaien Uranga

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak