Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika "Gu prest gaude ELArekin hasteko prozesua, EAJren zain egon gabe"

Publizitatea

Politika

Arkaitz Rodriguez

"Gu prest gaude ELArekin hasteko prozesua, EAJren zain egon gabe"

Arkaitz Rodriguezek dio prozesu independentistak tarteko geltoki bat behar duela, burujabetzaren aldekoa, eta uste du gaur egun "herri honetan" horretarako gehiengo handi bat badagoela. Sortuko Ekintza Politikoko idazkariak esan du begi onez ikusten dutela ezkerretik abiatzea prozesu subiranista.
Arkaitz Rodriguez Sortuko Ekintza Politikoko idazkaria eta bozeramailea, Donostian.
Arkaitz Rodriguez Sortuko Ekintza Politikoko idazkaria eta bozeramailea, Donostian. Juan Carlos Ruiz, Argazki Press

2017-01-22 / Enekoitz Esnaola

Sansebastianak oraintxe izan diren arren, Arkaitz Rodriguezek (Donostia, 1979) buruan bazuen beste konturik: Sorturen "birfundazio" kongresua. Atzo egin zuten, Bilbon. Ardura postu garrantzitsua du: Ekintza Politikoa. Bozeramaile nagusia ere izango da.

Zertan "birfundatu" da Sortu?

Alderdi mugimendu bat izango da. Alderdi baten ezaugarri organizatiboak ditu, egitura bat, ideologia bat, baina ez da alderdi klasiko bat izango. Alderdi forma edukiko du, baina mugimendu baten ezaugarriekin: asanblearismoa, horizontaltasuna, parte hartzea eta transgresio puntu bat.

Zergatik aldaketa hori?

Euskal estatu baten aldeko proiektuak eta eraldaketa sozialak inoiz baino gehiago eskatzen dute gizarteko eremu desberdinetan lanean jardutea. Helburu horiekin bat datozen guztiekin aritu nahi dugu, denok ere ikuspegi amankomun bat izan dezagun. Ezkerreko egitasmo subiranista eta independentista hegemoniko bihurtzea lortu nahi dugu. Ez bakarrik hauteskunde terminoetan; sozialki eta kulturalki hegemoniko baldin bagara, etorriko da bestea.

Eta zer da antolaketaren arloko "bigarren iraultza"?

Orain sei urteko estrategia aldaketarekin iraultza bat sorrarazi genuen, baina Sorturen sorreran estrategia aldaketa hori bururaino eramateko ez genuen egoerak eskatzen zuen iraultza organizatiboa egin. Hori orain ez dugu egun batetik bestera aldatuko, baina horretara goaz. Bestelako kultura politiko batekin aritu nahi dugu.

Euskal errepublika daukazue helburu. Jarri duzue data: 2026a.

Data jartzeak badu gero etsipena sortzeko arriskurik, baina jartzea erabaki dugu, galdera ikurrarekin bada ere. Lor dezakegu euskal errepublika ordurako. Posible da.

Zergatik da posible?

Askapen prozesuan azken urteotan gauza on asko gertatu da: Nafarroako aldaketa historikoa; Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoa; lehen aldiz Euskal Herriko hiru errealitate administratiboetako erakundeak ez daude elkarri bizkarra emanda, eta Euskal Herriaren artikulaziorako urratsak egin daitezke; ezker independentista bigarren indarra da Hego Euskal Herrian; nazio aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko espazioa gehiengoa da EAEn eta, hein batean, Nafarroan ere bai; euskal estatusari buruzko herri galdeketen uholdea dago… Baldintza hobeak daude euskal estatua izateko. Espainiar unionismoa, berriz, Hegoaldean minimo historikoetan dago, eta herri honentzat ez du eskaintza demokratikorik.

Zergatik hartu dituzue "subjektu politikotzat" EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eremuak?

Egungo errealitate juridiko-administratibotik abiatuko gara. Hori da euskal zazpi lurraldeez osatutako estatu propio baterako estrategiarik eraginkorrena, bideragarriena eta pragmatikoena. Ikaragarrizko potentzialitatea izan dezake. Euskal estatu edo errepublika horrek izaera konfederala luke. Horra iristeko hiru tren ditugu —EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria—, eta bakoitzak bere bidea egin behar du, bere erritmoarekin.

Eta trenen bat ezin bada heldu?

Beste bi trenak iristen badira, aurrera euskal errepublikaren egitasmoarekin.

Tren batekin bakarrik ere bai?

Orduan ere aurrera.

Beraz, adibidez, Sortuk ontzat joko al luke hasieran euskal estatuko partaide EAE soilik izatea?

Bai. Estrategia nazionala jarri nahi dugu martxan, eragile askorekin, eta, prozesu orokor baten barruan, hiru prozesu eratzaile lituzke: esparru juridiko-administratibo bakoitzeko bat. Esparru batek ezin ditu behartu besteak. Ikusten bada hasieran estatu propioan EAE soilik legokeela, horretara joango ginateke. Ondorioz: ahal dela, zazpiekin; hasieratik ezin bada zazpiekin, ahal denarekin aurrera.

Hori berria da ezker abertzalean.

Oso, eta nik uste Sorturen barne eztabaidaren prozesuan nahikoa oharkabean pasatu dela.

Sorturen koalizio EH Bilduren eta EH Bairen Euskal Bideak dio Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik Hego Euskal Herriko lurralde batasunak duela lehentasuna.

Hori aldatu egin dugu Sortun. EH Bildun hitz egin beharko dugu orain. Hobe da esparru batekin euskal estatu bat izatea, ezer ez izatea baino. Gainera, bat besteen zain geratuko balitz, balegoke arriskurik: gaur baldintzak izatea estatu bat sortzeko eta bihar ez, eta, beraz, batere gabe geratzea. Baldintzak dituztela ikusiz, Herrialde Katalanetan eremu batekin jo dute aurrera estatuaren bila: Kataluniarekin.

Esparru batekin euskal estatua sortzean besteak baztertuta geratzeko arriskurik ez al legoke?

Esparru batean aurrera egiteak ez lieke besteei kalte egingo. Mesederako litzateke, euskal estatua erreferentzia bailitzateke beste esparruetako herritarrentzat. Herrialde Katalanetan, Balearretako eta Valentziako erkidegoetan gora doa katalan kontzientzia nazionala. Jakina, euskal errepublikak duina behar du izan.

Nolako estatua nahi duzue?

Zohardia-n diogu izan behar duela "demokraziaren kalitatean sakontzeko; ongizate maila altuko jendarte eta ekonomia eredua eraikitzeko; eta euskal kultura, euskara eta identitate komunitarioa sendotzeko". Euskal herritarren beharrei erantzuten dien egitasmo politiko bakarra da independentzia. Tresna guztiak gure esku behar ditugu. Horra bidean, agenda propioak osatu behar dira.

"Lurralde" eta "herri" agendak aipatzen dituzue.

Esparru bakoitzak bere agenda behar du, baina kontuan hartuz Euskal Herri osoa, batasun bat emateko. Hiru esparruak artikulatzen joatea nahi dugu, harremanak indartzea. Euskal estatuaren bidean, zergatik ez sortu zazpi lurraldeen euroeskualde bat?

Dena dela, Iparraldeaz Sortuk dio Euskal Elkargoaren hasierako fase honek 10-15 urte iraun dezakeela. Ez litzateke helduko 2026rako, datarekin malgua izateko esaten duzuen arren. Hegoaldea lehenesten ari al zarete?

Gehiengo kalkulu posibleetan hori sartzen da. Hor EAEk ezin du behartu Nafarroa, ezta Nafarroak EAE ere. Elikatu, bai, beti.

Zein aliatu ikusten dituzue? Zein lirateke prozesuko bidelagun?

Itxura guztien arabera, Ibarretxe. Azken artikuluan nahikoa garbi egin du independentziaren alde. Espainiarekiko dependentzia zein kaltegarri zaigun azaldu du, eta dio "Euskadik" Europako Batasuneko beste herrien independentzia / dependentzia maila bera izan behar duela. Erkorekak esan berri du autogobernua ahultzen ari dela Madril. Honekiko menpekotasunak txirotze ekonomikoa, kulturala eta intelektuala dakarkigu.

Ibarretxek ez du kargurik EAJn.

Baina EAJren oinarrien parte garrantzitsu bat ordezkatzen du. Enpresa eta akademia arloetan hedatzen ari den ikuspegi bat ere ordezkatzen duela esango nuke.

Zer harreman duzue EBBrekin?

Egiten ditugu bilerak. Sorturen birfundazioa azaltzeko bildu gara, adibidez. EAJren zuzendaritza hau ez dugu ikusten guk buruan dugun prozesu batean. Gogorarazi behar zaio aldebikotasuna berdinen artean izaten dela, eta hemen ez gaude egoera horretan. Hala ere, EAJko sektore batzuk hasi dira planteatzen euskal estatu bat behar dugula. Gehiengo sindikala ere koordenatu horietan dela uste dugu, eta garrantzitsua litzateke 1990eko hamarkadako ELA-LAB aliantza osatzea berriro; hasteko, besteak beste, EAEko estatus berriaren lurzorua finkatzeko.

Joxe Elorrietak bere liburu berrian prozesu subiranista baterako ELAren eta ENAMen arteko konbinazioa aipatu du.

Guk uste dugu aliatu izan gaitezkeela. Bion planteamenduen artean ez dago hainbesteko alderik.

Hark aitatu du "prozesu independentista", baina, batik bat, "burujabetza prozesua" darabil.

Prozesu independentista bat eratzea da gure nahia, baina, gaur-gaurkoz, ez dago nahikoa gehiengorik hori martxan jartzeko; esparruka aztertzen hasita, ezta EAEn ere. Baina bada nazio aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo handi bat herri honetan. Prozesu independentistak tarteko geltoki bat behar du, burujabetzaren aldekoa, eta horko tresna bat EAEn estatus berria da, Madrilekin akordioa lortu ala ez.

Lortuko al da?

Ez. Espainiako Estatua ez da demokratizatuko. Aldaketarako aukerak eta baldintzak hemen daude, ez Espainian. Hori bai, modu garbian eta zehatzean nazio aitortza eta inolako mugarik gabeko erabakitzeko eskubidea ez bada jaso nahi estatus politikoan, ezker abertzalea ez da hor sartuko.

Elorrietak idatzi du prozesuko "lehen etapan behintzat, EAJrik gabe" aritu behar duela euskal ezker subiranistak.

Ados. Zutik Euskal Herria-n genioen EAJren ezkerreko bloke independentista bat eratu behar zela. Ari gara. Eta Abianen diogu: prozesu bat martxan jartzeko EAJrekin akordioa noiz egingo bagaude, ez da prozesurik egongo. Beraz, borondatea duten eragileekin hasi nahi dugu prozesua; hor kokatzen dugu ELA. Ezkerretik abiatutako prozesu subiranista batek EAJ behartuko edo baldintzatuko luke prozesu baten alde egitera.

Hortaz, arlo sozialerako eta bakegintzarako ez ezik, burujabetzarako zergatik planteatu du EH Bilduk herri akordioa, EAJri ere dei eginez? Aliantzetan zein da zuen lehentasuna?

Hiru arloetan adostasun desberdinak egon daitezke, baina burujabetzaren arloan Abianek esandakoa dio Sortuk: prozesuaren hasiera ez dugu baldintzatzen EAJren zuzendaritzarekin akordioa lortzearekin. Ez gara horren zain egongo. ELAk borondatea badu, gu prest gaude prozesua harekin hasteko, bi oinarri hartuta. Batetik, ez dago aldaketa sozialik burujabetza politiko-ekonomikorik gabe, eta hori estatu propio bat da; horren alternatiba Espainiako Estatua da, menpekotasuna. Eta beste oinarria: euskal estatuaren aldeko prozesu batek ezinbestean izan behar du osagai sozial eta ekonomiko sakon bat. ELA eta gu horretan bat bagatoz —eta baietz ematen du—, gehiengo sozial bat artikulatzea lortuko dugu.

Mota horretako prozesu baterako aukerarik ikusten al duzu?

EAJren zuzendaritza estatutuaren erreforma huts batean pentsatzen ari da. Batez ere, Urkullu dago posizio horretan; harekin ez dago zereginik. EBBren asmo hori baldintzatzeko ezker subiranistak planteamendu bat egin behar du. Uste dut badela adostasun soziala eta sindikala. Egin dezagun bidea.

Hor sartzen al duzue Ahal Dugu?

Bai, baina ez hasierako fasean.

Halako prozesu batek beharko lituzke beste osagai batzuk; nazio eraikuntza eta kohesioa, kasurako. Nola ikusten duzu kontzientzia nazionala? Otegik, kartzelatik irtetean, motel antzean.

Herri gisa pentsatzen eta jarduten hasi behar dugu. Madrilekiko eta Parisekiko dependentziak kostu handi bat dakarkigu esparru askotan, eta kontzientzia nazionalari ere eragiten dio. Zohardia-n diogu euskal politikak hispanozentrismoa bizi duela. Kezkagarria da. Gainera, pultsu soziala ere motelduta ikusi genuen guk kartzelatik irtetean. Ezker abertzalea bizi badago, herri honek pultsu hobea izan ohi du, eta ezker abertzalea berrindartze bidean da. Mugimendu baikorrak ikusten ari gara: herri galdeketak, Luhusokoaren erantzuna, EPPKren eztabaida...

Hori dena garatzeko, gatazkaren ondorioak lehenbailehen konponbidean jarri nahi al dituzue?

Bai, gure helburuetako baita. Hiru xede ditu Sortuk: krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egitea; burujabetza prozesua; eta bakegintza, aurreko zikloa ixtea. Espainiako Estatuak orain arte lortu du askapen prozesua blokeatzea. Zutik Euskal Herria-ko faseei buelta bat eman diegu, gatazkaren ondorioak prozesu politikoan jartzeko.

Zer egiteko, ordea?

Ezker abertzaleak bere esku dagoen guztia egingo du, eta berriro diot: lehenbailehen. Presoen eztabaida hor da, eta ETAk Luhusoko eskutitzetan garbi iragarri ditu bere asmoak: armagabetzea zeinekin egin; eta erakunde armatua izateari utzi ahal bezain laster.

"Ezker abertzalea indartsuago dago orain"

Publizitatea

Sortu kontua
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak