Politika

Herritar Batasuna sortzeko eztabaida prozesua abiatu dute

Euskal Herriaren "erabateko askatasuna" da "elkargunearen" helburu nagusia. Eztabaidak herriz herri egingo dituzte, datorren udaberrian.

Herritar Batasuna antolatzeko eztabaida prozesuaren hasieraren aurkezpen publikoa
Herritar Batasuna antolatzeko eztabaida prozesuaren hasieraren aurkezpen publikoa Jagoba Manterola/Argazki Press

Naiara Elola -

2017ko urtarrilak 29

Agerraldia egin dute gaur eguerdian, Iruñeko Foruen monumentuan, Herritar Batasuna sortzea jomuga duten alderdi, talde eta antolakunde sozio politikoetako ordezkariek; besteak beste, Askatasunaren Bidean batzarrekoak, Eusko Ekintza alderdikoak eta Euskal Herriko Komunistak batu dira. Pasa den azaroan, Barakaldon (Bizkaia) egindako batzarrean onartutako zirriborroan jasotzen den bezala, lau helburu nagusi nabarmendu dituzte: independentzia, sozialismoa, berreuskalduntzea eta birbatasuna. Era berean, feminismoa eta ekologismoa ere, funtsezko helburuak direla jakinarazi dute.

Azaldu dutenez, Euskal Herria askatzeko borrokan, langileen interesei “lehentasuna” emango diete. Izan ere, Herritar Batasunaren kideen irudiko, “nazioaren askatasuna independentzia den bezalaxe, langileen askatasuna sozialismoa da”. Gaineratu dutenez, “Nafarroa osoaren” deskonkista erdietsi nahi dute, eta horren baitan kokatzen dute “euskal borrokalari guztientzat” eta inolako baldintzarik gabeko amnistia osoa.

Oraindik, “elkargunea” eratzeko prozesuan dagoen arren, helburuak betetzeko tresnak mobilizazioa, desobedientzia, intsumisioa eta erresistentzia aktiboa izango direla adierazi dute. “Frantzia eta Espainia estatu konkistatzaile eta inbaditzaileen aurkako konfrontazioa etengabekoa izango da”. Gainera, egungo sistema politikoan nagusi diren alderdien funtzionamenduarekin apurtu nahi dute. Hala, “elkarguneak” funtzionamendu asanblearioa, demokratikoa, parte hartzailea, gardena eta behetik gorakoa izango duela ziurtatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna