Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Sindikatuek grebara deitu dute martxoaren 22rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan

Publizitatea

Gizartea

HEZKUNTZA

Sindikatuek grebara deitu dute martxoaren 22rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan

Steilas, ELA eta LAB sindikatuek iragarri dute protesta, lan baldintzak hobetzeko. Salatu dute Cristina Uriarteren proposamenek langileen kontra egiten dutela.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuen agerraldia.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuen agerraldia. Gorka Rubio, Argazki Press

2017-02-16 / Berria

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean PISA azterketaren emaitzen inguruan hitz egin eta biharamunean, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek agerraldi bat egin dute Donostian. Grebara joko dutela iragarri dute: martxoaren 22an egingo dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Nafarroan negoziatzen ari direla-eta, oraingoz ez dute herrialde horretan protestara deituko.

Sindikatuek salatu dute inbertsioak asko urritu direla hezkuntza publikoan. Kexatu dira "inposatutako" hezkuntza erreforma ezarri dela eta horrek "norabiderik eza" eragin duela.

Zenbait datu eman dituzte: sindikatuen kalkuluen arabera, 2.000 langile gehiago behar dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, eta 900 gehiago Nafarroan. Halaber, ohartarazi dute behin-behinean daudela langileen %40, eta azpimarratu portzentaje hori %6ra murriztu beharra dagoela.

Ez soilik irakasle kopurua handitu; ikasgela bakoitzean pilatzen den ikasle kopurua ere urritu behar delakoan dira. Zehazki, kopurua %10 apaldu behar da, sindikatuen irudiko.

Uriarteren agerraldiaz galdetuta, salatu dute sailburuaren diagnostikoak ez duela aintzat hartzen baldintzen okertzea, eta aurpegiratu diote "langileen kontra" egiten duela bere proposamenekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak