Abortua

Abortatzeko eskubidea paperik gabekoei ere bermatzeko eskatu dute Iruñean

SOS Arrazakeriak, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Nafarroako Batzordeak, Auto elkarteak eta Munduko Medikuak erakundeak sinatu dute eskaera.

Manifestua sinatu duten elkarteetako kideak, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Iruñean.
Manifestua sinatu duten elkarteetako kideak, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Iruñean. Jagoba Manterola / Argazki Press

Iñaki Berastegi -

2017ko otsailak 16

Nafarroako Osasun Arreta Unibertsala bermatzeko, Espainiako Gobernua oztopoak jartzen ari dela salatu dute agiriaren sinatzaileek: “Nafarroako autogobernuan eta osasun arloan eskumenak murrizten ari da”. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen Nafarroako Osasun Arreta Unibertsala ziurtatzen duen 8/2013 Foru Legearen zenbait aritukulu. Maite Arraiza Nafarroako Abortatzeko Eskubideen Aldeko Batzordeko kideak eta Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak irakurri dute manifestua.

Era berean, adierazi dute Nafarroan bizi diren “emakume guztien” eskubidea direla bai sexu eta ugalketa eskubideak eta bai indarkeria matxistatik aldenduz harreman osasuntsu eta arduratsuak sustatuko dituen sexu hezkuntza bat: “Abortua, libre eta doakoa, Nafarroan bizi garen emakume guztion eskubidea da, sexualitatea, jatorria, etnia, klase soziala eta gaitasuna kontuan hartu gabe”.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskatu diete foruen aldeko defentsan “tinko” jarraitzeko, eta gizarteari, berriz, babestu dezala burujabetza eta bertan bizi diren emakume migratzaileen abortatzeko eskubidea.

Hasieratik, kontra

Espainiako Gobernuak 2012an onartu zuen 16/2012 errege lege dekretuak osasun arretatik kanpo utzi zituen paperik gabekoak, horrek Nafarroako 10/1990 osasunaren foru legearen aurka egiten bazuen ere. Eskubide hori erabat bermatzeko, Nafarroako Parlamentuak 8/2013 foru legea onartu zuen, baina, urte bereko abenduan, Espainiako Gobernuak legearen aurkako helegitea aurkeztu zuen. Lege guztia etetea onartu ez bazuen ere, hainbat artikulu bertan behera utzi zituen Auzitegi Konstituzionalak.

Nafarroako erakundeek, ordea, 2016ko azaroaren 16an 103/2016 foru ebazpena eman zuten 8/2013 Foru Legea babesteko. Dena den, duela egun batzuk Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen ebazpen horren aurka.