Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Jaurlaritzak ez du pentsio sistema propio bat sortuko, dagoena "indartu" baizik

Publizitatea

Ekonomia

Pentsioak

Jaurlaritzak ez du pentsio sistema propio bat sortuko, dagoena "indartu" baizik

Gizarte Segurantzari dagokion eskumena lortu nahi du Lakuak, baina ez du hautsiko "erkidegoen arteko pentsioen elkartasun kutxa".
San Jose sailburua, artxiboko argazki batean.
San Jose sailburua, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-02-18 / Xabier Martin

EH Bilduko parlamentari Eva Blancoren galdera bati erantzunez izan da: Eusko Jaurlaritzaren planak azaldu ditu Lan sailburu Maria Jesus San Josek (PSE) ahalezko pentsioen euskal sistema bati dagokionez. Gizarte Segurantzaren eskumena lortu nahi du legegintzaldia amaitu aurretik, baina eskumen hori gaur egun indarrean dagoen Espainiako pentsioen sistema "indartzeko" litzateke, eta ez pentsioen euskal sistema propio bat sortzeko.

EH Bilduko parlamentariak ohartarazi dio "behiak ez duela gehiago ematen", eta koalizio abertzalea pentsioen sistema propioa eratzearen aldekoa dela. Hori egitea bideragarria dela ere erantsi du, euskal ekonomista gehienek horrela babestu dutelako. Ekonometroaren emaitzei erreparatu die Blancok. 500 ekonomisten artean egindako inkestan, %57k bideragarritzat jo dute sistema propioa eratzea.

"Jaurlaritzak ez du arriskurik hartu nahi"

Baina "eztabaida ez dago" pentsioen sistema berri bat eratzearen inguruan, San Jose sailburuaren arabera, baizik indarrean dagoena babestearen eta indartzearen inguruan, eta horretarako nahiko luke Gernikako Estatutuak jasotzen duen Gizarte Segurantzari dagokion eskumena. "Jaurlaritzak ez du arriskurik hartu nahi hain gai labainkorrean". Sistema indartzen bada pentsioen geroa bermatuko dela uste du, eta prestazioen emaria ez dela etengo.

Eusko Jaurlaritzak esaten duena bere jardunarekin laguntzen duela ere gogoratu du, DSBE hor dagoelako, "pentsio txikiak osatzeko". Horregatik, sailburuak egungo sistema babesten jarraituko du, "banaketaren eta belaunaldi arteko eta erregioen arteko elkartasunaren oinarriarekin". Hau da, Espainiako erkidego guztiek osatzen duten kutxa komun bakarra hautsi gabe.

"Prest gaude sistema jasangarria egingo lukeen soluzioen eztabaidan parte hartzeko, baina horretarako denbora behar da, txostenak eta zorroztasun handia", esan du sailburuak. "Estatuak jasotzen duena oinarri hartuta negoziatuko dugu Espainiako Gobernuarekin". Eskumena Euskal Herrira ekartzeko modua ekarriko luketen "hitzarmenak" egin nahi ditu Lan sailburuak, "baina izaera bakarra eta banaketa hautsi gabe, pentsio sistemaren elkartasun printzipioa hautsi gabe".

Ekonometroaren emaitzak errespetatzen dituela gaineratu du San Josek, baina esan du ez dela nahikoa Urkulluren gobernua pentsioen ahalezko euskal sistema baten bideragarritasunari buruzko iritzirik ematen hasteko.

Publizitatea

Sortu kontua
Xabier Martin

Publizitatea