Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea "Euskara arloan orri zuri bat dugu. Historia berri bat idatzi behar dugu"

Publizitatea

Gizartea

Beñat Arrabit

"Euskara arloan orri zuri bat dugu. Historia berri bat idatzi behar dugu"

Ezustean heldu zaio Arrabiti hizkuntza politika garatzeko ardura, baina gogotik hartu du. Euskal Elkargoko alor guziak euskaldundu nahi lituzke Hizkuntza Politikarako lehendakariorde izendatu berriak. Gazteak ditu jomugan, bereziki. Bideoa barruan.
Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea.
Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea. Bob Edme

spero gabeko kargua egokitu zaio Beñat Arrabiti (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1959). Bera arduratu beharko da Euskal Elkargoko hizkuntza politika aitzina eramateaz. Garazi-Baigorri herri elkargoko presidente izana da; EAJko kidea ere bada. Nafarroa Beherean sustraitua izanik ere, kargu berriak Baionara joan-etorri anitz egitera eramanen du. Han elkartu da BERRIArekin. Elkarrizketaren bideoa. (Ekhi Erremundegi eta Imanol Eppherre).

Urteetako borrokaren emaitza da Euskal Elkargoa.

Gu hastapenetik ados ginen. Euskal Herriarentzat on den ber, txikiak izanik ere urratsak egiten ditugu. Kontrakoak izan dira, baina Hazparneko tailerretan elkar ezagutza eginez, segur da goxotasun bat ekarri duela. Urrats bat egina izan da, emeki-emeki konfiantza lortu behar dugu. Uste dut tresna ona dela, perfektua ez bada ere. Lehen aldiz, herri guziak batuak dira, eta, lehen aldiz, Nafarroa, Euskadi eta Iparraldea mahai beraren inguruan jar daitezke.

Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko tresna baten gisa ikusten duzu Euskal Elkargoa?

Bai. Gure xedea da, lege zaharren ideian, guhaurrek pentsatu ahal izatea. Botere guziak hortxe izatea, guk dakigulako ongien zer den ona lurralde honentzat. Hasierako proiektua horri buruzkoa zen, oraingoa ez; baina gauzak egiten ahal dira, hala ere.

Hizkuntza politikaren arduradun egin zaitu Etxegaraik. Espero al zenuen?

Batere. Duela zenbait egun deitu ninduen ekonomia arloan delegazio bat har nezan, 35 urtez ofiziale izan naizenez, horretaz arduratzeko. Onartu nuen. Baina badirudi azken orduan, batzuek ez dutela onartu hizkuntza politikaren ardura hartzea. Astearte goizean berean deitu ninduen Etxegaraik, problema bazela eta behar zela norbait. Abertzaleek ez badugu hartzen hori, nork hartuko du? Uste dut gure lekua dela. Argi da alde guzietatik begira izanen ditugula, baina ni ez naiz beldur: orri zuri bat dugu, istorio berri bat idatzi behar dugu; ez da perfektua izanen, baina aitzinatuko gara. Gure xedea da euskara bultzatzea, eta pentsaezina zen politika horren buru arduradunik jarri gabe hastea. Badakit ez dela erraza izanen, baina gogotik hartu dut.

Zer egin behar da ondoko urteetan Ipar Euskal Herrian euskara biziberritzeko?

Gakoak bagenitu, Etxegaraik hasieratik emanen zizkidan. Uste dut orain politika hori denen artean eraiki behar dugula; lehen lehenik, orain arte lanean ari ziren teknikariekin —badira hamar bat—, jakiteko zer pentsatzen duten. Era berean, adituekin ere mintzatu behar gara. Bakoitzaren ideiak entzunez eraikiko dugu politika bat. Hala ere, nik uste dut gazteei buruz lan egin behar dela. Haiek dute gakoa: egunero euskara erabil dezaten lortu behar dugu.

Eta hori nola egiten da?

Eskolekin, elkarteekin... Ez dut uste hautetsiek bakarrik zerbait egin dezaketenik. Garazi-Baigorri herri elkargoan lanaldi erdiko teknikari batekin gauza batzuk egin ahal izan ditugu, diru gutxirekin. Nik kargua onartu dut, baina aurrekontu azkar bat ukaitearen baldintzarekin.

Zenbateko aurrekontua izanen duzu?

Oraintxe, ez dakit. Baina ez dut dudarik Etxegaraik emanen digula. Dakidan bakarra da EEPren aurrekontuan Estatua, Eskualdea eta Departamenduaren hein berean jarriko garela.

Zeharkako ordezkaritza izanen da.

Nire lana izanen da arlo guzietan oroitaraztea euskalduntzea behar dela, euskarara itzulpenak egin behar direla. Elkargoa bere osotasunean hartuko dugu. Gero ikusiko dugu zer egiten ahalko dugun.

Orain arte, komunikazio guzia frantses hutsean izan da. Etxegaraik berak ere ezarri ditu mugak elebitasunari begira. Indar harreman batean sartu beharko da?

Nire lana izanen da egin ahala gauzak euskarara itzuliak izatea. Hori segur da. Arrosako Herriko Etxean egin izan dugu; sekulako lana eskatzen du, langile bakarra dugulako.

Euskal Elkargoak baliabide gehiago izanen du.

Astia bada, beharko da norbait horri lotu. Bestela, egia errateko, eginahala eginen dugu gauzak euskalduntzeko. Ezer erran gabe egoten banaiz... Ez da hori nire lana.

Eta gaskoia?

Entzun dugu gaskoia euskara bezainbat diruztatu behar zela. Hori ez da egia. Gaskoiaren gakoa gaskoiek dute. Bokalen ikastolarekin batera calandreta bat ireki nahi izan dute. Ikastola irekiko da, calandretarentzat galde bakarra izan da. Pena da, baina horretan da gaskoia. Bere eremua hemen baino gehiago Landetan eta Biarnon da segurtatua. Eta zer egiten dute, han, Guy Mondorgen lagunek? Zer egiten dute Angelun? Proiektuak baldin badira lagundu beharko dira, baina baldin badira. Diruztatu bai, lagundu bai, baina bere neurrian, ez gehiago. Ez dugu zerbait artifiziala eginen.

Zu izanen zara EEPko presidentea?

Ez dakit. Astelehenean hitzordua dut Mathieu Bergerekin. Ez dugu oraindik aipatu, baina, hala behar baldin bada, hartuko dut. Uste dut gure lekua dela hor izatea; ni banaiz, ni.

Zer harreman izanen duzu Nafarroako eta EAEko hizkuntza politikako arduradunekin?

Nafarroan politika berriak ezartzen ari dira, eta EAEn badu urte batzuk lanean ari direla. Perfektua ez bada ere, aitzina doa, gazteei buruz egin baitute. Orain hirurak mahai baten inguruan jar gaitezke euskararen gaia aipatzeko. Ikusi behar dugu zer egiten ahal dugun elkarrekin. Europan, beharbada, hizkuntza gutxituen alde.

Euskal Elkargoa sortu eta berehala etorri zen Iñigo Urkullu Baionara. Zer harreman behar dira Nafarroarekin eta EAErekin?

Nire ustez, garrantzitsuena ekonomia da. Han badute bertutea, lotzen dira lanari, eta uste dut badugula anitz egiteko haiekin, bai Nafarroarekin eta bai Eusko Jaurlaritzarekin ere. Gu etxea eraikitzen ari gara, emeki-emeki. Guziek lan bat baldin badute, gauzak askoz ere errazagoak izanen dira. Ez dut ekonomia nire jainkoa egiten, baina biziki garrantzitsua da. Alderdi Egunean ibili izan bainaiz, han denek aipatzen dute: «Lana, lana, lotu lanari!»; hori da hango leitmotiva. Ez da aski aipatzen hemen, uste dut.

Hizkuntzaz gain, zein dira Euskal Elkargoaren erronka nagusiak? Zer bilakaera espero duzu ondoko urteetan?

Lehen desafioa zen —eta uste dut bide onetik goazela— denak batera aritzea lanean: barnealde eta kostalde. Lurraldearen oreka bat lortzeko beharrezkoa zen. Gure eskualdean, Garazi-Baigorri arte biztanleria emendatzen ari da, baina Ezterenzubi, Urepele, Banka... Ez da hain erraz gibeleko herri horietan. Kostaldean da bizkotxa, orain partekatu behar da.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak