Bihar Berria-n

"Euskal estatuarekiko aldekotasuna gero eta nabarmenagoa da"

Bihar urtebete irten zen kartzelatik Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko bozeramailea. Haren elkarrizketa argitaratuko du BERRIAk; aurrerapena da hau.

Arnaldo Otegi, joan den asteazkenean, Azpeitian (Gipuzkoa), Sanagustin kulturgunean, BERRIAko elkarrizketan. /
Arnaldo Otegi, joan den asteazkenean, Azpeitian (Gipuzkoa), Sanagustin kulturgunean, BERRIAko elkarrizketan. / Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola -

2017ko otsailak 28

2016ko martxoaren 1ean atera zen Logroñoko espetxetik Arnaldo Otegi. Urteurrenaren harira, harekin egon da BERRIA. Hona hemen, aurrerapen modura, Arnaldo Otegiren esan batzuk:

- "Oraindik oso era apalean bada ere, sektore askotan gero eta nabarmenagoa da euskal estatuarekiko aldekotasuna; enpresa arloan, adibidez".

- "Gu prest gaude [Joxe Elorrietak esandako] horretarako [ezker subiranismoaren metaketa, prozesua hortik hasteko]. Baina konpromiso politikoa ere agertu behar du ELAk. Zer behar dugu nazionalki eta sozialki? Burujabetza. Horren egitura juridiko-politikoa? Euskal estatua".

- "Prozesu subiranista aurrera badoa, gizarteak ezkerrera egingo du. Hori pasatu da Eskozian eta Katalunian. EAJk beldurra dio horri".

- "Kartzelatik irtetean sektore batzuk nirekiko oso erasokor zeuden. Ondorioztatu nuen nik ordezkatzen dudan esparrua ez dutela ikusten bazkide modura, arerio modura baizik. Nigan zentratu zuten estrategia, ezker abertzalearen ibilbidea garaitu nahian, ni beti iraganarekin lotuz, sekula ez etorkizunarekin. (…) Ez dute asmatu".

- "Politikak egunerokotasunaren burbuilan bizitzera eramaten zaitu. Gure artean aipatzen dugu berreskuratu beharra dugula kartzela atariko pausa hori. Batzuetan bilera luzeak egitera baserri batera joaten gara. Oso emankorrak izaten dira".

- "Guk [ETAren urraketez] autokritika bat egiten badugu, ez da izango Jonan Fernandezek, Urkulluk edo Espainiako Estatuak eskatu digutelako. Une zehatz batean uste badugu herri honi zor diogula autokritika bat, egingo dugu, dudarik gabe".

- "Batzuen ustez, indarkeria legitimo bat egon da eta beste indarkeria ez da zilegi izan. Ezin dute esan horrela, baina hori inposatu nahian dabiltza. Eztabaida faltsu bat da".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna