Gizartea

"Legezko neurriak" hartuko ditu Donostiako Udalak transexualen kontrako autobusa hirian sar ez dadin

"Non grata" izendatu du kanpaina Udalak, EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta Irabaziko bozeramaileek adostutako oharrean. Autobusa geldiarazita daukate Madrilen.

Kanpainako autobusa, Madrilen. /
Kanpainako autobusa, Madrilen. / Fernando Villar/Efe

Berria -

2017ko martxoak 1

Martxoaren 5ean eta 6an Iruñean izatekoa da transexualen kontrako autobusa; 7an eta 8an, Donostian; 9an eta 10ean, Bilbon; eta 11n eta 12an, Gasteizen. Udal horiek ez dute gustura hartu berria, eta Donostiakoak urratsa egin du gaur: autobusari hirirako sarrera oztopatzeko lege bideak hartzea adostu dute. Bilboko Udalak ere ez diola autobusari baimenik emango jakinarazi du. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak atzo eskatu zuen ibilgailua hirian ibiltzea debekatzeko, eta Iruñekoak ere baztertu egin du autobusaren presentzia hiriko kaleetan: ez bidaltzeko eskatu zuen atzo.

Hazteoir.org antolakunde ultrakatolikoak antolatu du autobusa, Chrysallis adingabe transexualen familia elkarteak abiatutako Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak kanpainari erantzunez. Chrysallisen kanpainaren justu kontrakoa aldarrikatu du: Mutilek zakila dute, emakumeek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu. Hala irakur daiteke Espainian hiriz hiri ibili nahi duten autobusean. Baina momentuz, ez du lortu bide askorik egiterik.

Atzo iluntzean Madrilen immobilizatu zuen autobusa Udaltzaingoak, kanpaina "biolentoa" delakoan, eta udal ordenantzak urra ditzakeelakoan. Gaur, behin-behinean autobusari zirkulazioa galarazteko eskatu dio Madrilgo Fiskaltzak epaileri, arrazoi berberengatik. Gainera, elkarteak beste autobus bat jarriko duela iragarri ostean, halakorik gertatzen bada, hari ere bidea ixteko eskatu du. "Gorroto delitua" dagoela uste du, eta gainera, delitu hori "betikotzeko" arriskua dagoela. "Bake publikoa hausteko" delitua ere gerta daitekeela dio, eta "bere izaera edo orientazio sexualagatik beldurra sor dakiekeela pertsona batzuei".

Hain justu, kanpaina ikertzeko eskatu zion atzo Chrysallisek Espainiako fiskal nagusiari, ea "gorroto deliturik" badakarren. Era berean, ironiaz salatu du kanpaina: "Tontakeria errepideetan barrena dabil autobus laranja batean, ikusten baduzu atera iezaiozu behatza". Gezur errepikatuta egia bihurtu nahia egotzi diete kanpainaren bultzatzaileei.