Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Ikara bai, baina kalterik ez

Publizitatea

Gizartea

lurrikara

Ikara bai, baina kalterik ez

Indar handiko lurrikara sentitu zuten atzo Iruñerriko biztanleek. Olabe herrian izan zuen epizentroa, baina Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat tokitan ere nabaritu zuten. Herritarren artean ezinegona piztu zuen arren, dardarak ez zuen zauriturik eta kalte materialik eragin.
Orikainen izan da aureneko lurrikara.
Orikainen izan da aureneko lurrikara. Jesus Diges / Efe

2017-03-11 / ion Orzaiz

Bideoa: goizeko lurrikara, Iruñeko udaltzaingoaren kamerek grabatuta hartuta.

Hiru bider mugitu da gaur lurra Iruñerrian. Bi aldiz sentitu dute bertakoek, baina, Espainiako Sismografia Institutuaren arabera hiru izan dira lur mugimenduak. Aurrena goizean goiz sentitu dute. 07:40 inguruan, lurrak dardara egin du Iruñerri osoan, segundo batzuez. Herri ugaritan nabaritu dute, hala nola Donezteben, Beran, Uharten (Nafarroa), Tolosan, Errenterian, Irunen, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).

Espainiako Sismografia Institutuaren arabera, Richter eskalan 4,4 gradukoa izan da lurrikara. Hasieran, institutu horrek Markelainen atzeman du epizentroa, Iruñe iparraldean, bost kilometroko sakoneran. Ondoren, ordea, Orikainen kokatu du. EMSC erakundearen arabera, ordea, 4,5 gradukoa izan da dardara, eta bi kilometroko sakoneran izan du hipozentroa. Azaleratik gertu izanik, asko nabaritu da.

Beste dardara bat nabaritu dute 09:27ean Eguesen, 2,5 gradukoa. Hor ere ez da kalterik izan.

Eta bigarren erreplika 16:26an izan da. Espainiako Sismografia Institutuaren arabera, Richter eskalan 3,3 gradukoa izan da, eta Erripan izan du epizentroa.

Herritar askoren mezuekin bete dira sare sozialak, bizitakoa kontatuz. #Lurrikara traolarekin ari dira. Gainera, kolapsatu egin da Nafarroako larrialdien telefonoa, jende askok deitu baitu informazio eske.

Duela lau urte ere lau graduko lurrikara bat izan zen Iruñerrian, eta txikiagoak ere izan dira gerora inguruan. Lur mugimenduak ohikoak dira Nafarroan. Antonio Aretxabala geologoak gogorarazi duenez, 1903an beste lurrikara bat izan zen Iruñean gaurko egunez; ordukoak hiru ordu iraun zuen.

Publizitatea

Sortu kontua
ion Orzaiz

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak